Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariari iragarri dio zeintzuk izanen diren emanen dituen hurrengo pausoak: SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren kontra egiten jarraituko du. SDF miliziano kurduek osatzen dute batik bat, eta AEBen babes militarra du. Bart gauean bildu ziren Estatu idazkaria eta Turkiako presidentea, Ankarako aireportuan, hango hedabideek adierazi dutenez.
Siriako matxinoek igandean erorarazi zuten Baxar Al-Assaden erregimena. Ofentsiba horretan parte hartu zuen talde nagusia HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista izan zen, baina parte hartu zuen SNA Siriako Armada Nazionalak ere. Hain justu, SNA Turkiaren babespeko talde bat da, eta Ankararen helburuei jarraiki, egunotan borrokan ari da SDFren aurka. Testuinguru horretan bildu dira Bilken eta Erdogan, eta Turkiako presidenteak esan du beharrezkoak ikusten dituen «prebentzio neurriak» hartzen jarraituko duela, EI Estatu Islamikoaren eta YPG Herriaren Babes Unitateen —miliziano kurduen adar nagusia dira— aurrean «segurtasun nazionala» bermatzeko.Turkiak, «milizia kurduen erasoetatik babesteko» argudioarekin, Siriako eremu bat militarki okupatua dauka 2016. urtetik.
Siriaren lurralde batasunaren aldeko defentsa egin du Turkiak, eta adierazi YPGak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren —turkiarrentzat «terroristak» dira— adar bat direla. AEBek, ordea, Estatu Islamikoaren aurkako borrokan aliatutzat dauzka YPGak. Turkiako Presidentetzarako komunikazio bulegoak ohar batean erran duenez, Erdoganek eskatu du, gainera, nazioarteak laguntza bidal dezala Siriako erakundeak berreraikitzeko.
AEBetako Estatu idazkariak X sare sozialean erran du Siria dela trantsizioa gidatu behar duena: «Siriar guztiak barne hartu behar ditu, bizitza zibila babestu behar du, eta laguntza humanitarioa ahalbidetu behar du». Gaur batu dira, Ankaran, Blinken eta Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroa, eta Turkiako hedabideek adierazi dutenez, «terrorismoaz» aritu da Fidan, Erdoganek egin bezala: «Gure lehentasuna terrorismoak tokirik ez izatea da, EIk eta PKK-k nagusitasunik ez izatea».
Dena dela, Blinkenen agintaldia laster bukatuko da, eta, haren ordez, Marco Rubio senatari errepublikanoa izanen da Estatu idazkari, Donald Trumpek irabazi baitzituen azken hauteskundeak. Joan den asteburuan bildu zen Trump hainbat buruzagirekin, Parisen, eta bilkuraren ondotik Truth Social bere sare sozialean ohartarazi zuen Siriakoa ez dela AEBen gatazka. «Siria hondamendia da, baina ez da gure laguna», erran zuen. «Estatu Batuek ez lukete ezer egin behar Siriarekin; ez da gure borroka. Ez zaitez inplikatu».
Manbijeko Kontseilu Militarrak —SDF koalizioaren barrenean dagoen milizia bat da— ohar bat kaleratu du gaur, argitzen duena kontseiluak SNAk egin nahi zituen bi eraso handi etetea lortu duela, eta, gainera, 210 erasotzaile hil dituela. «Hiru eguneko erresistentzia heroikoaren ondoren [...], erasoak zapuztu eta milizianoak kanporatu ahal izan dituzte», erran dute komunikatuan.
Israelen asmoa
Bertzalde, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak armadari agindu dio neguko hilabeteetan Siriako Hermon mendiaren aldean dituen posizioei euts diezaiela. «Sirian gertatzen ari dena ikusita, Hermon mendiko gailurrari eustea garrantzi handiko segurtasun kontua da», adierazi zien Katzek atzo eremu horretan —Golango gainetan— diren soldadu israeldarrei, ministroaren bulegoak gaur kaleratu duen oharrak azaldu duenez. «Azpiegitura egokiak» eraikiko dituzte presentzia militarra «mantendu» ahal izateko. Hermon mendiaren aldea militarrik gabeko eremua da, eta 1967ko gerratik Israelek okupatu izan du.
NBE Nazio Batuen Erakundea eta hainbat herrialde arabiar, ordea, Israelen azken mugimendu horren kontra agertu dira; Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak salatu du armada eremu horretara bidaltzea Siriaren eta Israelen arteko akordioa «urratzea» dela.