Turkiak beste hordago bat jo du, eta mehatxatu Sirian operazio militar bat egingo duela berehala: «Beste pauso bat ematen ari gara 30 kilometroko segurtasun eremu bat ezartzeko —aurrera eginez—, hegoaldeko gure muga osoan barrena», adierazi zuen berriki Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek. Hori iragarri duen honetan, bi auziri begira dago arreta mediatiko guztia: Errusiak Ukraina inbaditu izana; Turkiaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen arteko egoera tirabiratsua, Ankara ez baitago oso ados Suedia eta Finlandia Aliantza Atlantikoan sartzearekin, eta tirabira diplomatikoak baititu Atenasekin.
Iragarritako operazio militar hori egiten bada, laugarren aldia izango da Turkia bost urtean auzoko herrialdean sartzen dena. Lehenbizikoz, 2016an sartu zen, bere mugaren hurbileko eskualdeetatik bidaltzearren Estatu Islamikoa. 2018az geroztik, hiru operazio militar egin ditu, Baxar al-Assaden erregimenaren kontrako milizia siriarren laguntzarekin.
Ankararen jomuga milizia kurdu-siriarrak ziren, YPG Herriaren Babes Unitateak; horiek AEBen babesa jasotzen dute, baina Turkiak bere segurtasun nazionalaren kontrako mehatxutzat dauzka, uste baitu harremanak dituztela Turkian dagoen gerrilla kurduarekin, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin. Haiek Turkiako mugako eskualdeetatik erretiratzera behartu eta gero, Ankarak kontrolpean du herrialdearen %10 inguru, eta berak kudeatzen ditu iparraldeko eta ipar-mendebaldeko lurraldeetako segurtasuna eta azpiegiturak.
Orain, Turkiaren asmoa da Eufrates ibaiaren mendebaldeko bi eskualdetatik kanporatzea gerrilla kurdua. «Ankarak aukera gisa ikusten du Ukrainako gerra. Batetik, Turkiaren garrantzia gogorarazten die AEBei, eta, bestetik, Errusia dago. Nazioarteak Moskuri jarritako zigorrek eta Errusiak Ukrainan izandako galerek abantaila ematen diote Turkiari Sirian», Omer Ozkizilcik segurtasuneko eta kanpo politikako analistak azaldu duenez. «Horrez gainera, Ankarak Bosforo itsasarteko iraganbidea itxi die Errusiako itsasontziei, bai eta bere aire espazioa ere Siriarantz doazen Errusiako hegazkinei. Orain, Errusiak Siriarako hornidura lerro bat bakarrik dauka», erantsi du.
AEBak eta Errusia
Erdoganek argi utzi du zein dituen jomuga: Tell Rifaat, Alepotik iparralderantz jo eta 40 kilometrora; eta Manbij, Eufrates ibaitik mendebaldera jo eta 30 kilometrora.
Eskualde bakoitzak bere berezitasunak eta aliantzak ditu. Tell Rifaaten, YPGk ofizialki ez du presentzia militarrik; Errusiak tropak dauzka eskualde hartan, eta tapoi moduan mantendu nahi du Alepo hiria babesteko, Al-Asaden erregimenaren kontrolpean. Manbijen, ordea, edozein sarraldi militar eginez gero, AEBek zigorrak ezarriko lizkiokete Turkiari. Lehen ere egin zen halakorik, 2019an, Donald Trumpen garaian, eta Etxe Zurian hura ordezkatu duenak, Joe Bidenek, luzatu egin du dekretu hori. AEBen zigorrek kalte handia egingo liokete Turkiako ekonomiari, han larria baita inflazioa (%78), eta diruak nabarmen galdu baitu balioa urte honetan (%40 baino gehiago).
«AEBek beren interesak zaindu nahi baditu, prest egon beharko lukete Turkiarekin hitzarmen bat egiteko. Ukrainako gerrak batasun handiagoa eskatzen duNATOren barruan, eta, Turkiak Sirian operazio hori egingo balu, txikitu egingo litzateke Errusiak eskualde horretan duen eragin eremua», zehaztu du Ozkizilcik.
Turkia prestatzen ari den operazio horrek AEBen aliatu bati eragingo balio ere —YPG milizia—, Ozkizilciken ustez Ankarak ez du NATOn duen tokia baliatuko Washingtoni xantaia egin eta bere operazioa onar diezaioten, Suedia eta Finlandia Aliantza Atlantikoan sartzea onartzearen truke. «Turkiaren operazioak ez du zerikusirik NATOrekin, baizik eta Turkiaren eta Errusiaren arteko negoziazioekin. Horrez gainera, nire ustez, Ankara traturen bat edo xantaiaren bat egin nahian balebil, ahuldu egingo litzaioke Aliantza Atlantikoan duen posizioa», erantsi du.
Siriaren aldean, Ankarak babestutako miliziek iragarri dute prest daudela operaziorako. Indar kurduek, berriz, larrialdia deklaratu dute eskualdean, Turkiaren inbasio posiblea dela medio, eta zenbait aliantza eratu dituzte beste fakzio batzuekin, auzoko herrialdeari aurre egiteko asmoz. Iparraldeko Tximista deitu diote aliantza sortu berriari, eta bai Al-Assaden erregimenak eta bai Iranek babesturiko taldeak daude tartean; horrek espekulazioak piztu ditu, Turkiako eta Irango indarren arteko konfrontazio zuzeneko bat izango ote den Sirian.
Bozetarako operazioa
Hauteskunde aurreko giroan sartuta daude Turkian, 2023ko presidentetza bozetara begira, eta krisi ekonomikoa eta herrialdeak hartuak dituen ia lau milioi errefuxiatuen kudeaketa dira gehien aipatzen diren gaiak. Errefuxiatuak sorterrira itzul daitezela eskatzen dute oposizioko alderdi gehienek, baina Erdoganek zera proposatu berri du: milioi bat errefuxiatu siriar beren borondatez itzul daitezela Turkiak Siria iparraldean kontrolatzen dituen eremuetara.
Turkiak bere operazio militar hori eginez gero, Ankarak kontrolpean edukiko luke Siriak Turkiako mugan duen ia eremu osoa, eta hantxe ezarri ahalko lituzke milaka errefuxiatu etorkizunean. Plan hori kritikatu egin dute zenbait erakunde humanitariok, siriarrak berriz ere sorterritik kanpo kokatuko lituzketelako. Nolanahi ere, Turkiaren barruan, Erdoganen ospe onaren aldeko jokaldi bat litzateke, eta oraintxe inkesta batzuek diote litekeena dela hauteskundeak galtzea haren alderdiak, AKP islamistak.
Erdoganek berriz egin dio mehatxu Siriari
Turkiako presidenteak jomugan ditu Tell Rifaat eta Manbij, eta YPG milizia kurdua. Operazio militarra egingo balute, bost urtean laugarren aldiz sartuko lirateke auzoko herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu