Turkiako hauteskundeak

Erdogan gabeko aro bat irudikatuz

Diplomaziako zenbait girotan, galdetzen hasiak dira nolakoa litzatekeen Turkiako oposizioarekiko harremana baldin eta hark hauteskundeak irabaziko balitu; izan ere, Erdoganek oso modu pertsonalistan bideratu ditu nazioarteko harremanak.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen irudi bat, Bursa hirian. ERDEM SAHIIN / EFE.
Istanbul
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gaur presidentetzarako eta parlamenturako bozak dituzte Turkian, eta guztiz erabakigarriak izango dira, herritarrek ebatzi beharko baitute ea nahi duten Recep Tayyip Erdoganek presidente segitzea—hogei urte daramatza boterean— edo ea nahiago duten gobernua goitik behera aldatzea. Baliteke emaitzek mugez haraindi ere eragin handia izatea, ez Ekialde Hurbilean soilik, baizik eta baita berriki piztutako zenbait gatazkatan ere, hala nola Ukrainako gerran eta Turkiak iheslariei buruz EB Europako Batasunarekin egindako akordioan.

Urteotan, Erdogan modu oso pertsonalistan aritu da diplomazia gaietan. Ankarak loturak ditu Errusiarekin ekonomia eta defentsa arloetan, eta Errusia kide komertzial nagusietako bat bilakatu zaio. Bestalde, Turkiak zenbait tropa dauzka Siria iparraldean, Erdoganen zuzendaritzapean kurduen miliziei behin baino gehiagotan eraso egin ondoren. Turkiako presidenteak eragin handia izan du nazioarteko beste eragile nabarmen batzuekin dituzten harremanetan, besteak beste AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta EBrekin, bai eta Turkiak Grezia auzo herrialdearekin dauzkan tentsioetan ere. Eta harreman horiek ere alda litezke hauteskundeen ondoren.

Oposizioko alderdi nagusiek Erdoganen kontrako koalizio bat eratu dute, Aliantza Nazionala, barnean bildurik ideologia oso ezberdinetako taldeak. Haren presidentegaiak, Kemal Kiliçdaroglu sozialdemokratak, promes egin du bere politika ez dela izango Erdoganena bezain pertsonalista, eta haren asmoa da herrialdean sistema parlamentario bat ezartzea berriz —2017an, konstituzioa presidentzialista bihurtzearen alde bozkatu zuen Turkiak— eta, beraz, botereak gehiago bereiztea. «Ez genuke espero beharko atzerri politika guztiz aldatzea, batez ere Mendebaldeko herrialdeei dagokienez», azaldu du Seren Sevil Korkmaz analista eta Istanpol ikerketa institutuko kofundatzaileak. «Kiliçdarogluren alderik garrantzitsuena zera da: instituzioak atzerri politikara itzularaziko dituela, politika pertsonalizatu beharrean. Erakunde gehiago izango dira, diplomazia handiagoa; horrek esan nahi du errazago iragarri ahal izango dela Turkiak nola jokatuko duen, eta, beraz, konfiantza handiagoa piztuko duela», esplikatu du.

Turkiako hedabideak espekulatzen dabiltza zer jarrera hartuko duten atzerriko diplomazialariek, bereziki Europakoek eta AEBetakoek. Ustez, diplomazialariak ez dira fidatzen Erdoganez, ez dagoelako hitz egiteko prest eta inoiz ezin delako jakin nola jokatuko duen atzerri politikan. Dena den, ez dakite bozen ondoren Kiliçdaroglu presidente izango balitz Turkiak hobetu egingo ote lukeen NATOrekin eta Europarekin duen harremana edo, kontrara, areago hurbilduko litzatekeen Errusiara.

Kiliçdarogluren hauteskunde programan, izan ere, maiz nabarmentzen da asmoa duela Turkia Europara hurbiltzeko eta zenbait auzi konpontzeko, hala nola turkiarren Schengen bisak liberalizatzekoa eta migrazio akordioarena —hitzarmen horri jarraituz, Turkiak 3,6 milioi errefuxiatu baino gehiago hartzen ditu—. Programan, etengabe diote hauxe izango dela atzerri politikaren oinarria: «Barne kalkulu politikoak amaiaraztea, bai eta atzerri politikako ikuspegi ideologikoak ere». Proposamen hori, baina, ez da mundu guztiaren gustukoa. «Zenbaitek uste dute Kiliçdaroglu ez dela behar bezain aditua, eta batzuentzat, ahula ere bada. Ez da oso litekeena ezkerreko eta eskuineko sei alderdiz osatutako koalizio horrek gobernu sendo bat eratzea», adierazi zuen Turkiako prentsan James Jeffreyk, AEBek garai batean Sirian izandako ordezkariak.

EB-REKIN, BATEAN KALE ETA BESTEAN BALE

Erdoganen agindupean, Turkiak hainbat neurri ekonomiko eta instituzional hartu ditu Bruselaren estandarretara egokitzeko, helburutzat harturik EBn sartzeko prozesua azkartzea. Dena dela, Europako bazkideekin duen harremana asko okertu da azken urteotan. Bruselak gogor kritikatu du oposizioko aktibistak eta politikariak espetxeratu izana, eta Atenas defendatu du beti Greziaren eta Turkiaren arteko liskarretan. Erdoganek EBri leporatu dio bere politika nazionala oztopatzea eta errefuxiatuen akordioaren haren partea ez betetzea. Akordio horretan, adostu zuten Turkiak milioika errefuxiatu hartuko zituela aldi baterako, eta, trukean, Turkia EBn sartzeko prozesuaren inguruko neurri batzuk onartuko zituztela, besteak beste, bisen liberalizazioa. Baina EBk ez zuen akordioa bete.

Analista politikoek uste dute Erdoganek agintean jarraitzen badu ez dela asko aldatuko Turkiaren eta Bruselaren arteko harremana. Oposizioak, berriz, behin baino gehiagotan eman du aditzera harreman hobea izan nahi duela Bruselarekin. Kiliçdargluk iragarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententziak beteko lituzkeela: auzitegi horrek eskatu zuen aske uzteko Selahattin Demirtas HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdi kurdu ezkertiarreko buruzagi ohia eta Osman Kavala filantropoa; estatu kolpe bat ematen saiatzea leporatuta epaitu zuten Kavala, babesa eman zielako Istanbulen 2013an gobernuaren aurka izandako protestei.

Kanpo politikako aukera guztien artean, Ankara eta Atenas hurbiltzea izan liteke Kiliçdarogluren promesik handiena. Bi herrialdeen arteko harremanak oso gorabeheratsuak izan dira azken urteotan. Joan den otsailean lurrikarek Turkia astindu baino lehentxeago, tentsio handiko gertakari bat izan zen bi herrialdeen artean: beren mugatik gertuen dauden uharteetara armak eramatea egotzi zioten elkarri. Baina lurrikarekin isildu egin zen albiste horien oihartzuna, eta Greziak erreskate taldeak bidali zituen Turkiara; hala, berriz ere, loturak estutu zituen.

ERRUSIA

Errusiako presidente Vladimir Putin buru-belarri sartu da Turkiako hauteskunde kanpainan, eta babesa erakutsi dio Erdogani. Hain zuzen, Kremlineko burua kanpainako ekitaldi batean izan zen duela gutxi, Turkiako lehenbiziko zentral nuklearrean, zeina Moskuren laguntzarekin eraiki baitzen. Bestalde, Fatih Donmez Turkiako Energia ministroak joan den astean jakinarazi zuen Errusiak baimena eman ziola Turkiari gas inportazioak aurrerago ordaintzeko; hala, energiaren prezioa izugarri igotzea eragotzi zuten. Hau ez da Errusiak Ankarari berandu ordaintzeko modua eman dion lehen aldia, baina, oraingo honetan, hauteskunde kanpaina betean izan da, noiz-eta Erdoganek hitzeman duenean etxe guztietan gasa debalde izango dutela hilabetez eta hortik aurrera deskontuak aplikatuko direla urtea amaitu arte.

Erdogan berriz ere hautatzen badute, espero da Turkiaren eta Moskuren arteko harremanek orain arteko bideari eutsiko diotela eta, are, bi herrialdeen arteko kooperazioa handitu egingo dela, Ukrainako gerraren eraginez Errusia gero eta bakartuago geratu ahala, batetik, eta duela urte eta erdi Turkian inflazioaren ondorioz piztutako krisia luzatu ahala, bestetik. Turkiako Gobernuak, gainera, askotan esan du prest dela aurrerantzean ere bitartekari aritzeko Kievek eta Moskuk zerealen garraioari buruz sinatutako akordioan. «Pentsa daiteke Erdoganen aurkakoak Mendebaldearen aldekoagoak izango direla, baina ez du zertan hala izan. Turkiak eutsi egingo lioke Errusiarekin duen harremanari, baina Kiliçdarogluk ahalegina egingo luke liderren arteko harremanean berdintasun handiagoa izan dadin», azaldu du Korkmazek.

AL-ASSADENGANA GERTURATZEKO URRATSAK

Oposizioak auzo herrialdearekiko harremanaren inguruan du jarrerarik argiena, segur aski. Kiliçdarogluk askotan esana du Baxar Al-Assad Siriako presidentearekin izandako harremana berreskuratu nahi duela, baita itun bat egin ere, errefuxiatuak urtebete baino lehenago itzul daitezen Siriara. Bestalde, Putinek hilabeteak daramatza presio egiten Al-Assadek eta Erdoganek harremanak normaldu ditzaten. Hurbiltze hori gertatzeko aukera dagoela ikusita, Siriako milizia kurduek ez dute atzean geratu nahi izan, eta, beraz, bakea lortzeko ekinaldi bat aurkeztu diote Damaskori.

Al-Assadek, berriz, ez du batere presarik Erdoganekin zuen harremana berreskuratzeko, eta litekeena da bozak pasatu arte itxarotea herrialdeko lider berriarekin aurrerapauso diplomatikoak eman baino lehen. Berriki Siria berriz Arabiar Ligan onartu izana sinbolo bat da, Damaskoren eta haren aliatu izandakoen arteko harremanak normaldu diren erakusgarria. Ankararekin, ordea, bide luzea dago egiteko oraindik. Al-Assadek exijitu du Turkiako tropa guztiek alde egin dezatela Siria iparraldetik. Nolanahi ere, Turkiarentzat zaila da neurri hori hartzea, bai Siriako mugako milizia kurduen kontrola laxatzea dakarrelako, bai Turkiako eraikuntza enpresentzat mesedegarri delako eremu horretan hiriak guztiz berreraiki behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.