Ipar Irlanda. Ostiral Santuko Akordioak 25 urte

'Erdibidekoak', Erresuma Batuan jarraitzearen alde

ander perez zala
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Informazio eta datu gutxi daude bere burua ez nazionalistatzat ez unionistatzat daukaten Ipar Irlandako herritarren inguruan; hau da, erdibidekoak edo besteak deituriko multzoaren parte diren boto emaileez. Alta, talde hori, urteek aurrera egin ahala, geroz eta handiagoa da, eta giltzarri izango da Irlanda iparraldearen etorkizunerako, inoiz uhartearen batasunari buruzko erreferendum bat egiten badute. Hutsune informatibo hori betetzen hasteko, inkesta bat egin zuten iragan urteko apiriletik urrira bitartean, eta horrek argazkia zehazten lagundu du hainbat aferaren inguruan; etorkizun konstituzionalari dagokionez, %53 Erresuma Batuan jarraitzearen alde leudeke, eta %19 Irlandako Errepublikarekin elkartzearen alde —erabakia hartu ez dutenak %23 lirateke—.

Liverpoolgo Unibertsitateko irakasle eta Ipar Irlandan aditu Jonathan Tongek eskatu zuen galdeketa hori —2.045 lagunek erantzun zuten, aurrez aurre—, bost unibertsitateren izenean, eta joan den martxoaren 3an atera zituzten argitara emaitzak. Horien arabera, «erdiko eremukoen» %44k ez dute nahi erreferendumik «datorren hamarkadan», eta %30k, bai —%25 ez dago «ziur»—.

Sinn Fein eta DUP, okerren

Alderdi politikoei dagokienez, gustukoena Aliantza dute, eta Sinn Feinek eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistak dute ospe txarrena, batez ere alderdi errepublikanoak —%65ek ez dute «gogoko»—.

Hori bai, «erdiko eremukoak» politikoki apatikoak dira, horien %57 inguruk «gutxitan» edo «ia inoiz ez» baitute botoa eman; %38k, berriz, «beti» edo «batzuetan» eman dute. Botoa ez emateko arrazoi nagusiak, hauexek: politikarekiko interesik eza (%32), banaketa politikoa gogoko ez izatea (%24), politikarienganako konfiantzarik eza (%22), eta alderdirik eta hautagarik gogoko ez izatea (%10).

Identitateari dagokionez, gehienek ipar irlandartzat daukate beren burua (%34).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.