AEBetako hauteskundeak

Kamala Harris: Erdibideko aldaketa bat

Harris da Alderdi Demokrataren AEBetako presidentetzarako hautagaia. Buruzagi demokratak esana du berea ez dela izango egungo gobernuaren jarraipena, baina hark abiarazitako zenbait neurri irmotuko dituela zin egin du.

Kamala Harris. LON HORWEDEL / EFE
Kamala Harris. LON HORWEDEL / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Azaroaren 5eko hauteskundeen ostean, emakume bat izan daiteke lehen aldiz AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente. Kamala Devi Harris (Oakland, AEB, 1964) da Alderdi Demokrataren hautagaia. Gaur egun, AEBetako presidenteordea da; politikan, hala ere, ez du ibilbide luzerik: 2017an hautatu zuten senatari, eta lau urteren ondoren hartu zuen egun duen kargua. Presidentetzarako bozak irabaziz gero, ez da izango egungo gobernuaren jarraipen bat, Harrisek adierazi duenez. Kanpainan proposatutako zenbait politikak, baina, Joe Biden presidenteak abiarazitako neurriak irmotzea dute helburu.

Migratzaileen alaba da. Ama Indiakoa du, eta aita, Jamaikakoa. Hortaz, irabaziz gero, asiar jatorriko aurreneko presidentea izango lukete AEBek. Herrialdean bizi diren migratzaileei herritartasuna lortzeko prozesua «erraztuko» dien erreforma bat egingo duela zin egin du; hori nola egingo duen, ordea, ez du azaldu. Bestalde, egungo presidenteak abiatutako migratzaileen asilo eskubideei jarritako behin-behineko murrizketak behin betikotu nahi ditu. Izan ere, Biden-Harris administrazioan Mexikoren eta AEBen arteko mugatik inoiz baino migratzaile gehiago heldu dira herrialdera.

Abortatzeko klinika bati bisita egin dion lehen presidenteordea izan da Harris; eta kanpainan garrantzi berezia hartu du abortatzeko eskubidearen aferak, Donald Trump hautagai errepublikanoak eta berak kontrako iritziak baitituzte. 2022an, AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ia 50 urtean indarrean egon zen abortatzeko eskubidearen babes konstituzionala, estatuei abortuaren inguruan erabakitzeko eskumena emanez. Erabaki horren aurka agertu da hasieratik Harris, eta presidente izanez abortua «legezko eta seguru» bilakatuko duela promes egin du. Aferak garrantzia berezia izan dezake asteazkeneko hauteskundeetan. Izan ere, hamar estatuk abortua legez babestearen inguruan bozkatuko dute presidentetzarako bozen egun berean; Arizonak, Floridak eta Nevadak, besteak beste.

Nazioarteko gatazkei dagokienez, Bidenen antzeko politikak babesten ditu Harrisek. Hau da: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren erakundearekin batera Ukraina babestea Errusiaren aurrean, eta Gazarako su eten bat lortzea Israeli babesa kendu gabe.

Ustekabean, hautagai

Harrisen hautagai izateko prozesua ez da ohikoa izan. Biden zen Trumpekin lehiatzekoa, baina harekin izandako debateetan erakutsitako irudiak pauso bat atzera emanarazi zion, eta orduan bihurtu zen Harris hautagai. Gauzak horrela, 2011tik 2017ra Kaliforniako fiskalburu izan zena bilakatu zen hautagai. Inkestak irauli eta presidente bihurtzeko faborito bihurtu zen. Egun, ordea, inkestek parean jartzen dituzte bi hautagaiak.

Kanpainan zentroan kokatzen saiatu da; Alderdi Errepublikanoaren aldarri historikoak bere eginez, adibidez. Armen erabilerari dagokionez, esaterako, bere etxean norbait sartuko balitz «tiro bat» jasoko lukeela esan izan du. Gainera, Trumpen ideien alde ez dauden boto emaile errepublikanoak bereganatzen saiatu da: «Estatubatuarrak prest daude Donald Trumpek eragindako zatiketari aurre egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.