Erdialdeko Amerikako herrialdeek mugak gogortuko dituzte

AEBek iragarri dute Mexikok, Guatemalak eta Hondurasek tropak bidaliko dituztela beren mugetara. Hondurasek gezurtatu egin du hori

Zenbait migratzaile, oinez, Ciudad Juarez hirian (Mexiko). LUIS TORRES / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Migrazio fluxua geldiarazteko ahaleginean tematuta dago AEBetako Gobernua; izan ere, herrialdeko mugak itxita izan arren, azken asteetan handitu egin da herrialdera sartzen saiatu diren migratzaileen kopurua. Herrialderako sarbide nagusia itxita izatearekin nahikoa ez, eta hegoaldeko herrialdeetako mugak ere hala egotea nahi du. Hori lortzeko helburua du Mexiko, Guatemala eta Hondurasko gobernuekin azken egunetan izandako negoziazioak. Mugako kontrolak are gehiago militarizatzeko konpromisoa hartu zuten hiru herrialde horietako gobernuek, Etxe Zuriak jakinarazi zuenez, baina Hondurasek eta Mexikok desadostasunak agertu dituzte negoziazioan hitz egindakoaren inguruan.

Washingtonen arabera, Mexikoko Gobernuak 10.000 soldadu bidaliko ditu Guatemalarekin duen mugara. Azken herrialde horrek, berriz, 1.500 soldadu Hondurasekiko mugan ezartzeko konpromisoa hartu du, migratzaileek egin ohi duten bidean hamabi kontrol puntu jartzekoarekin batera. Azkenik, Hondurasek 7.000 agente mobilizatuko ditu.

Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak eman zuen akordioaren berri. Haren esanetan, migratzaileei «bidaia egitea eta mugak igarotzea zailtzea» da neurrien helburua. Segurtasun indarren presentzia handitzea disuasio neurria izatea nahi du Washingtonek, Bidenek presidente kargua hartu izanak kontrako efektua eragin baitu; migratzaileekiko abegikorragoa denaren usteak milaka lagun erakarri ditu.

Segurtasuna ere argudiotzat darabil AEBetako Gobernuak. Droga kartelek migratzaileen bideari etekina ateratzea eragotzi nahi dute, Tyler Moran kontseilariak azaldu zuenez. «Trafikatzaileei, kontrabandistei eta kartelei bidean doazen haurrez aprobetxatzea galaraziko die, eta haur horiek babestuko ditu», adierazi zuen, bakarrik bidaiatuta AEBetara berriki heldutako umeen kopuru handiari erreferentzia eginez. Bakarrik zihoazen 19.000 haur geldiarazi zituzten martxoan, inoizko gehien.

Bertsio kontrajarriak

Hondurasko Gobernuak hankaz gora jarri zuen atzo Washingtonen bertsioa, ezustean. «Ez da inolako akordiorik egon mugak militarizatzearen inguruan», adierazi zuen Luis Suazo Hondurasek AEBetan duen enbaxadoreak. Suazok azaldu zuen gobernuaren ordezkaritza bat AEBetan izan zela joan den astean, pertsonen trafikoaren arazoaz hitz egiteko, baina ukatu egin zuen bestelako neurririk hartu izana.

Mexikoko Gobernuak ere azalpenak eman zituen: ohar baten bidez jakinarazi zuen dagoeneko 12.000 lagun mobilizatu dituela migratzaileen olatua geldiarazteko, eta hala daramatela hilabete inguru. Ez zuen zehaztu horietako zenbat diren militarrak, polizia agenteak eta bestelako funtzionarioak, baina oharrak zioen bere horretan mantenduko dituztela. Halaber, AEBei eskatu zien erroko auziari heltzeko: «Sakoneko irtenbide bakarra garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzea da».

Mexikok muga ikuskatzeko lanak areagotu ditu azken asteetan, eta nabarmen handitu da herrialde horretara iritsitako migratzaile kopurua. Neurri berean handitu da asilo eskatzaileena ere: 9.000 lagunek eskatu zuten asiloa martxoan, UNHCR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziaren arabera, eta, iazko datuekin alderatuta, %31 handitu da eskaera hori egiten dutenen zenbatekoa urteko lehen hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.