Alde txikiarekin, baina, azkenean, ERC Esquerra Republicanaren oinarriak oniritzia eman dio alderdi subiranistako zuzendaritzak PSC Kataluniako Alderdi Sozialistakoarekin adostutako aurreakordioari. Oinarria 8.700 kide inguruk osatzen dute, eta bederatzi orduren tartea izan dute botoa emateko, modu telematikoan, gaur: 10:00etatik 19:00etara. Denera, kideen %77k bozkatu dute: aurreakordioaren alde egin dute 3.397k (%53,5), aurka egin dute 2.847k (%44,8), eta 105 militante (%1,7) abstenitu egin dira. Bozketa gaindituta, aurrera egiteko moduan da bi alderdien arteko akordioa eta, hortaz, PSCko hautagai Salvador Illak modua izango du ERCren babesarekin inbestidura saioa gainditu eta gobernua osatzeko.
Emaitzen berri eman ondoren, prentsaren aurrean hitz egin du alderdi subiranistako idazkari nagusi Marta Rovirak: «Negoziatzen aritu ondoren, garen horrekin —independentistak eta ezkertiarrak— koherentea izango zen emaitza bat nahi genuen. Militantziak izan behar zuen azken hitza, ezin zen bestela izan». Haren arabera, militantziaren erantzuna «argia» da, baina ez da «baiezko absolutu bat»; izan ere, baiezkoa apenas gailendu den bederatzi punturen aldearekin. Barne zatiketa agerikoa da, eta, Rovirak esan duenez, ERCren zuzendaritzan horren jakitun dira. «Emaitza txarrak izan dituen ziklo politiko bat ixten ari gara, eta, orain, hausnartzeko garaia da».
Ikusi gehiago
Datozen urratsei begira, orain arte ERCko zuzendaritzak esandakoari eutsi dio Rovirak: «Alderdi subiranista ez da PSCren gobernuan egongo, oposizioan baizik». PSCren zuzendaritza bihar goizean da biltzekoa, eta Illak prentsaurrekoa emango du 11:00etan; espero da hor hitz egitea akordioaren inguruan.
Gainontzeko alderdien erreakzioak berehala iritsi dira. X sare sozialean argitaratutako bideo batean, honako hau esan du CUPeko buru Laia Estradak: «Inoizko PSCrik eskuinekoena Kataluniako Gobernuko presidentetzara itzultzea oso albiste txarra da». Haren arabera, ERCren eta PSCren akordioak ez du aurrerapausorik lortuko, «ez independentismoaren aferan, ez arlo sozialean». Kataluniako eta Espainiako eskuinek ere ERCren eta PSCren arteko akordioaren aurka egin dute.
Egunotan Kataluniako zenbait hedabidek aipatu dutenez, ez zegoen argi balantzak zein aldetara egingo zuen. Asteon, aurreakordioa babestearen garrantzia nabarmendu dute ERCko zenbait kidek, hala nola Rovirak; baina ezkor agertu dira beste hainbat, argudiatuta ez dutela akordiorik egin nahi «2017ko erreferendumaren aurka» aritu zen ezein talderekin. Bestalde, erdibidean kokatu da ERCko presidente ohi Oriol Junqueras: «Ulertzen ditut militantziak aurreakordioaren inguruan izan ditzaketen zalantzak».
«Alderdi subiranista ez da PSCren gobernuan egongo, oposizioan baizik»
MARTA ROVIRAERCko idazkari nagusia
ERCko zuzendaritzak astelehen iluntzean iragarri zuen aurreakordioa adostu zutela PSCrekin, eta hurrengo egunean, asteartean, ezagutarazi zituzten testu horretan zehaztutako baldintzak. Illaren inbestidurari bide ematearen truke, alderdi subiranistak eskatutako zenbait neurri bete beharko ditu PSCk bere agintaldian: Kataluniako gatazka politikoa konpontzeko organo bat sortzea, herritarren artean katalanaren erabilera hauspotzea, ERCren gobernuak egindako zenbait politikari eustea, eta Kataluniak finantzaketa sistema «berezia» izatea.
Kataluniako paisaia politikoan bakarrik ez, Espainiakoan ere hautsak harrotu ditu azken puntu horrek. Horren helburua litzateke zenbait zerga Bartzelonan bertan kudeatzea eta ez Madrilen, gaur egun egiten den moduan. Hori bai, Espainiako Gobernuaren arabera, finantzaketa sistema hori ezin da parekatu EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren Itun Ekonomikoarekin. PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak martxan jartzeko konpromisoa hartu du.
Datorrenari begira
ERCren oinarriak aurreakordioari oniritzia emanda, Illak Kataluniako Parlamentuko presidente Josep Rulli adierazi beharko dio inbestidura saiora aurkezteko asmoa, eta datozen bi asteetako egun batean egingo lukete. Saio horretan Illak presidente izendatua izateko eta gobernua osatzeko nahikoa babes lortuko balu, PSC Kataluniako Gobernuaren gidaritzara itzuliko litzateke oposizioan hamalau urte igaro ondoren.
Dena den, ez da erabat ziurra Illak nahikoa babes lortuko ote duen: batetik, ERCren oinarriak aurreakordioa onartuta ere, Jovent Republicako —ERCren ildoko militantzia talde bat— parlamentari Mar Bessesek ez du ziurtatu PSCko hautagaiaren inbestidura ahalbidetuko ote duen; bestetik, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek adierazi zuen, iragan astean, inbestidura saioa egiten bada erbestetik itzuli eta Bartzelonan egongo dela, nahiz eta oraindik atxilotu dezaketen. Eta bi aukera horiek hankaz gora jar dezakete, beste behin, Kataluniako paisaia politikoa.