ERCren babesa ziurtatzeko, lau gidalerro sorta bete beharko ditu Illak

«Kataluniaren berezitasuna» aintzat hartzen duen «finantzaketa berezia» ezarriko da Katalunian, zergak Bartzelonatik kudeatu ditzaten. Kataluniako gatazka konpontzeko, Konbentzio Nazionala osatuko dute Kataluniako Parlamentuko alderdiek.

Kataluniako presidenteorde Vilagra eta presidente Aragones (ERC) PSCrekin hitzartutako aurreakordioa azaltzen, atzo, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE
Kataluniako presidenteorde Vilagra eta presidente Aragones (ERC) PSCrekin hitzartutako aurreakordioa azaltzen, atzo, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

«Katalunia nazio gisa errekonozitzea eta Kataluniako herritarren nahian oinarrituta herrialdea garatu eta etorkizun hobea eraikitzea». Horrela definitu dute «herri katalanismoa» PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eta ERC Esquerra Republicanak herenegun hitzartutako aurreakordioan. Atzo plazaratu zituzten bi alderdien zuzendaritzek adostutako gidalerroak ERCk PSCko hautagai Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidente izendatu dezan; testuan, bi alderdiek diote «herri katalanismo» horren «oinordekoak» direla. Maiatzeko hauteskundeek Kataluniako testuinguru politikoa aldatu zuten, subiranismoak gehiengoa galdu, eta PSCk eskuratu baitzuen boto gehien. Horiek horrela, ERC eta PSC ados jarri dira Illa presidente izendatu eta PSCk gobernua osatu dezan —herenegun argitu zuten subiranistak ez direla gobernuan egongo—.

Gobernuan egon eta ERCren babesa izateko, sozialistek zenbait neurri hartu beharko dituzte. PSCko kideek ez zuten bestelako adierazpenik egin, baina alderdiak ohar bidez esan zuen «aukera paregabea» dela. Gainera, jakinarazi zuten alderdiko batzorde exekutiboa larunbatean bilduko dela aurreakordioa eta ERCrekin izandako negoziazioak baloratzeko.

Bost puntutan banatuta dago aurreakordioa: lau ardatz nagusi daude, eta akordioan hitzartutakoa betetzen dela ziurtatuko duen batzorde bat eratzeari dagokion atal bat. ERCk herenegun aurreratu zuen bezala, Kataluniarako zerga sistema propioa, gatazka politikoa konpontzea, katalana eta zenbait politika publiko dira hitzarmenaren lau ardatzak. Zuzendaritzak ados jarri diren arren, testua ez da loteslea; izan ere, ERCko oinarriek —8.700 kide inguruk— baiezkoa eman beharko diote akordio bihurtzeko. Ostiralean bozkatuko dute.

Sozialistek adierazi duten honetan Kataluniako gatazkaren inguruan mintzatzeko prest daudela, Espainiako eskuinak amnistia legearen aurka egin du. Andaluziako Gobernuak (PP Espainiako Alderdi Popularra) bide eman zion atzo Andaluziako Batzarreko zerbitzu juridikoari amnistia legearen aurka egin dezan Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joz, haien ustez konstituzioaren aurkakoa baita lege hori.

Finantzaketa autonomikoa

Afera ekonomikoa izan da negoziazioen muina. Herenegun egindako prentsaurrekoan, ERCko bozeramaile Raquel Sans «kontzertu ekonomiko solidario» baten inguruan mintzatu zen; Espainiako Gobernuak, baina, behin baino gehiagotan ezeztatu du Kataluniari edozein kontzertu ekonomiko eskaintzeko aukera. Konponbidea? Kataluniak «finantzaketa berezia» izango du. Madrildik begi onez ikusten dute bide hori. Hala adierazi zuen PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak —gobernuan dago— atzo, eta «finantzaketa berezi» hori martxan jartzeko konpromisoa hartu.

Sistema berria «lurraldearen berezitasunean eta [Kataluniaren eta Espainiaren arteko] aldebikotasunean» oinarriturik egongo da. Kataluniako Generalitataren eskumena izango da zergak kudeatzea, biltzea, likidatzea eta ikuskatzea, betiere Espainiarekin eta Europako Batasunarekin elkarlanean arituz. Kataluniako Zerga Agentziak egingo du hori —2007an sortu zuten—. Kataluniak Madrili eman beharreko diruari dagokionez, bi zatitan banatuko da. Batetik, Espainiako Estatuak Kataluniari eskainitako zerbitzuengatik ordaindu beharko dute. Eta, bestetik, Espainia osatzen duten beste autonomia erkidegoentzako «ekarpen solidarioa» egongo da —diru sarrera gehiago duten erkidegoek gutxien dutenei ematen diete jasotako zergen zati bat, herritarren egoerak parekatze aldera—.

Horiek horrela, Kataluniako Ogasuna sortzea lehentasuna izango da bi alderdientzat —horretarako, aurreikusi dute Madrilek Bartzelonari baliabide materialak, ekonomikoak, teknologikoak eta giza baliabideak ematea—. Horri esker, «zerga eredu federal bat» sortu ahalko dute. Izan ere, ERCk eta PSCk testuan adierazi dutenez, Kataluniak urte luzez «finantzaketa apalegia» jaso du, eta «finantza gutxiegitasun kronikoa» eragin dio horrek. Hori dela eta, «kalitatezko osasuna, gizarte zerbitzuak, etxebizitza eta azpiegiturak» ezin izan dituzte nahi beste garatu. «Finantzaketa berezia» hori konpontzeko helburuarekin jarriko dute martxan, «iraungitako finantzaketa erregimena» alde batera utzita.

Eskumen aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten, are gutxiago zerga kontuak direnean. Horregatik, trantsizioa egitea aurreikusten dute alderdiek. Baliabideak «nabarmen» handitzea eta Espainiak Katalunian izango dituen inbertsioen inguruko partzuergoa dira, besteak beste, martxan jarriko dituzten mekanismoak trantsizio hori errazteko. Hala ere, jadanik ezarri dute Bartzelonatik kudeatuko den aurreneko zerga zein izango den: PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Aurreneko zerga horren eskumenak  2026a amaitu aurretik heldu beharko du Kataluniara.

Gatazka politikoa konpontzea

Aurreakordioan adierazi dute Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka «historikoa» dela eta Kataluniako herritarrentzako egokia izan daitekeen «aitortza nazionala» lortu ez izana dagoela oinarrian. Gainera, gatazka hori areagotu izana leporatzen diote Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, 2010ean Kataluniako Estatutuko zenbait alderdi legez kontrakotzat jo eta baliogabetu baitzituen. Horrek eragin zuen «herritarren parte handi batek subiranotasun osoa» eskatu nahi izatea. Madrilen eta Bartzelonaren arteko tentsioa baretze aldera, hitzartu dute Illaren gobernuak agintea hartzean «beste etapa bat hastea». Etapa horretan, Katalunia nazio gisa aitortzeko eta horri forma nola eman erabakitzeko debatea egingo da, Kataluniaren etorkizunaren inguruan «adostasun handia» izan dadin.

Helburu horiek gauzatzeko, organo instituzional bat sortzea adostu dute alderdiek: gatazka politikoa konpontzeko Konbentzio Nazionala. Gobernu berriaren aurreneko osoko bilkuran sortuko dute, eta haren xedeak bi izango dira: maila politikoan eta sozialean Kataluniaren errealitatearen inguruko debatea sustatzea, eta amnistia legea ezartzen dela ziurtatzea horren jarraipena eginez. Organo berria Kataluniako Parlamentuko alderdien ordezkariek osatuko dute, eta zuzendaritza ERCk izango du.

Katalana hauspotu

Illaren gobernuarentzat katalanak «gizarte kohesioa ziurtatzeko tresnarik onena» izan beharko du; eta, beraz, haren erabilera hauspotu beharko du gizartean. Katalanak eguneroko erabileran duen «atzeraldiari» aurre egiteko konpromisoa hartu dute bi alderdiek, «eskola katalanaren ereduan arreta berezia jarrita». Horiek horrela, bost neurri hitzartu dituzte PSCk eta ERCk: Hizkuntza Politiken Departamendua sortzea gobernuaren politika orotan eragin dezan, jada martxan dagoen Hizkuntzaren Akordio Nazionala berrestea, erakunde publikoetan katalana izatea egunerokoan erabiltzen den hizkuntza, hezkuntzan katalanaren erabilera sustatzea —eskolei «murgiltze» metodologiak eskaintzea ohiko hizkuntza eta familiakoa katalana ez den testuinguruetako ikasleek katalanez ikas dezaten, besteak beste— eta herritarrek egunerokoan katalana erabil dezaten hauspotzea eskola kirola katalanez eginda, esaterako.

Politika publikoak

Akordioaren azken ardatza politika publikoetan datza. Batetik, maiatzera arte agintean egon den ERCren gobernuak —gaur egun behin-behinean ari da— egindako zenbait politikari eustea hitzartu dute, besteak beste: urarekin, energiarekin eta garraioarekin lotutako ingurumen legeak; enpresarekin eta lanarekin lotutakoak; 2024 eta 2030 bitartean 50.000 etxebizitza eraikitzea; osasun langileen lan baldintzak hobetzea; eta Berdintasun Politiken eta Feminismoaren Departamenduaren sorrera.

Bestalde, Illaren gobernuak zenbait neurri hartzeko konpromisoa hartu du: 35.000 euro baino gutxiagoko errentei PFEZa jaistea, osasun publikoan buru osasunaren arta sustatzea, eskubide kulturalen legea egitea eta Kataluniako Aireportuetako Agintaritza eratzea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.