Gobernabidea Espainian

ERCren arabera, amnistia legeak «errepresaliatu guztiei» eragingo die

«Salbuespenik gabe» barnean hartuko ditu neurriak, ERCk nabarmendu duenez. CGPJeko kide kontserbadoreek salatu dute neurriak «indargabetu» egiten duela zuzenbide estatua, eta «bortxatu» egiten dituela Espainiako Konstituzioa eta auzitegien independentzia.

Aragones eta Sanchez, iazko maiatzean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 1a
00:20
Entzun

Espainiako Gorteetan erregistratzekoak diren amnistia legearen testuari buruzko akordio bat egin dute PSOEk eta ERC Esquerra Republicanak, Pedro Sanchez berriro Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko bidea erraztuz; ez dute, ordea, horren edukiaren berri eman. Hori bai, ERCk gaur ohar batean nabarmendu duenez, Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako «errepresaliatu guztiei» eragingo die PSOE JxC Junts Per Catalunyarekin ere adostekoa den lege berriak, «salbuespenik gabe».

Oharrean ez dute zehaztu «salbuespenik gabe» horrek zer esan nahi duen, baina legeak, horrenbestez, barnean hartuko lituzke Tsunami Demokratikoko kideak —buruzagi subiranisten kontrako epaiaren ondorengo protesten buruan izan ziren 2019ko udazkenean— eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetakoak ere, zeinak, hurrenez hurren, ikertuak eta akusatuak izan diren, «terrorismoa» egotzita.

Negoziatzen hasi zirenean, PSOEk ez zuen «terrorismoagatik» ikertutakoei edo akusatutakoei amnistia emateko asmorik, baina ERCk behin baino gehiagotan eskatu du errepresaliatu guztiei eragin beharko liekeela legeak, eta Kataluniako Gobernuak berak mezu hori plazaratu zuen atzo goizean, PSOEk eta ERCk ohar bateratu batean akordioaren berri eman baino ordu batzuk lehenago.

Ikusi gehiago: Pere Aragones: «Juntsen esku dago ERCrekin koordinaturik negoziatu edo ez»

Legearen edukia guztiz osatzeko, JxC Junts Per Catalunyarekin puntu batzuk adostea falta zaio PSOEri. Bi aldeen arteko negoziazioetan parte hartzen ari da, Sumarrek hala eskatuta, Jaume Asens En Comu Podemen diputatu ohia, eta gaur nabarmendu du «testuaren %95ean» ados daudela. «Ordu edo egun batzuen kontua da», adierazi du Catalunya Radio irrati katean egin dioten elkarrizketa batean. Baikor agertu da, baina ohartarazi du akordioa ezin dela egintzat eman. «Kontu hauek edonoiz okertu daitezke». PSOEren Antolakuntza idazkari Santos Cerdan eta JxCren lider Carles Puigdemont Bruselan bildu ziren astelehenean, eta bileraren berri eman zuten bi aldeek, eta agerian utzi akordiorako asmoa. Hain zuzen, bi egun lehenago defendatu zuen Sanchezek, aurrenekoz, amnistia.

Ituna lortuz gero, JxCk aurreikusten du horri buruzko iritzia eskatzea bere oinarriei, alderdiaren estatutuetan hala dagoelako jasota. Ikusteko dago, bidean dagoen lege berriaren testua aintzat hartuta, ea prozesu subiranistarekin lotutako errepresaliatua kontsideratzen duten Laura Borras JxCren presidentea. Kataluniako Auzitegi Nagusiak lau urte eta erdiko kartzela zigorrera kondenatu zuen martxoan, prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Hari ere amnistia emateko, Puigdemont buru duen alderdiak defendatzen du ekintza administratibo batzuetatik abiatuta auzi politiko bat sortu ziotela.

Ikusi gehiago: Negoziatzeko eran ere jarriko du arreta JxCk

Behin ERCrekin ituna eginda eta JxCrekin hori oso bideratuta edukita, PSOEren asmoa litzateke lege proposamena ondorengo orduetan, ostegunean bertan, erregistratzea Espainiako Kongresuan, Sanchezen inbestidura babestekoak diren alderdi guztien sinadurarekin —PSOE, Sumar, EH Bildu, EAJ, BNG Bloke Nazionalista Galiziarra eta Kataluniako bi indar subiranista nagusiak—. Orduan dena bideratuta egongo litzateke Sanchezen inbestidura prozesuari data jartzeko. PSOEk nahi du hurrengo astean izatea —azaroaren 27a dute epemuga—, eta, kontuan hartuta azken egunetako mugimenduak, Sanchezen inbestidura baiezko 178 botorekin gauzatuko lukete; hau da, lehen bozketan, Kongresuaren gehiengo osoaren babesarekin.

Ustekabekorik gertatu ezean, ziurtzat jo daiteke Sanchezen inbestidura babestuko dutela, baina Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidente eta ERCko buruzagiak azpimarratu du, gaur, X sare sozialean, aurrerapausoak eman behar direla bai aldirietako trenen eskuduntza Kataluniari emateari dagokionez, bai eta autonomiaren finantzaketan ere.

Ikusi gehiago: Erreferenduma, negoziaziora

Aintzat hartu behar da Kataluniako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela irail amaieran, ERCk eta JxCk bultzatuta. Horren arabera, Sanchezen inbestidurarako baldintza bat ezarri zioten: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. Batzuen zein besteen arteko negoziazioen ondorengo testu edo adierazpenetan ez dira horri buruz mintzo, nahiz eta ERCk gaur adierazi duen amnistia legearen bueltako itunarekin desblokeatu egiten direla «funtsezko lerroetan akordio posible zabal bat» lortzeko negoziazioak; lerro horietako bat da Kataluniako auzia konponbidean jartzea, Moncloarekin negoziatuta. Horiek horrela, ANC Biltzar Nazional Katalanak auzitan jarri du ERCren eta PSOEren arteko ituna, iruditzen baitzaio inbestidura akordio posible batek balio beharko lukeela aurrerapausoak emateko independentziarantz. «Eta ez dirudi akordio hau erreferendum berri batez edo U-1az mintzo denik», idatzi du ANCk, X-n.

Eta alderdiak amnistia legea bideratzen ari diren bitartean, Espainiako epailetzako sektorerik kontserbadoreenak hasi dira horren kontra maniobratzen. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian kontserbadoreek dituzten hamar kideetatik zortzik eskatu dute amnistiari buruzko osoko bilkura berezi bat egitea, iruditzen baitzaie Kongresuko gehiengoak adostu asmo duen legeak, besteak beste, «indargabetu» egiten duela zuzenbide estatua, eta «bortxatu» egiten dituela Espainiako Konstituzioa eta auzitegien independentzia. Hori adierazi dute ohar batean. Beren asmoa da amnistiarekin kritikoa den adierazpen instituzional bat bozkatua izatea.

Ikusi gehiago: Dolors Feliu, ANCko presidentea: «Ematen du Espainia jakin bat salbatu behar dugula, baina, egiazki, handik atera nahi dugu»

Horren harira, aintzat hartu behar da tramiteak arindu egiten direla amnistia lege-proiektu gisa erregistratu beharrean lege proposamen gisa erregistratuta. Modu horretan, esaterako, saihestu egiten da CGPJek, hain justu, legeari buruzko txosten bat kaleratzea, hori loteslea ez izanagatik.

Epailetzak bezala, Espainiako eskuinek ere PSOEren eta ERCren arteko akordioaren aurka egin dute. «Gure demokraziaren muinaren kontrako eraso bat da; gure historia demokratikoko zuzenbide estatuaren aurkako erasorik handiena», idatzi du PPren Antolakuntza idazkariorde Miguel Telladok, X-en, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egiteko eskatu du. Voxeko idazkari nagusi Ignacio Garrigak ere PSOEren aurka egin du, X-en: «Sanchez ETAren zuritzaile eta lagunak eragotziko du terrorista kolpistek egin zutenagatik ordaintzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.