Udako egun sargori batean zerua ilundu, eta bat-batean euritan hasten denean nola, hala iritsi zen Kataluniako Parlamenturako bozak maiatzaren 12ra aurreratzeko erabakia; aurrez abisurik eman gabe, eta ia-ia aterpera iristeko denborarik eman gabe. Orduan Generalitateko presidente zen eta gero ERC Esquerra Republicanaren hautagai izan denak, Pere Aragonesek, martxoaren 13an egin zuen iragarpena, Kataluniako Parlamentuak atzera bota ondoren ERCk eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak adostutako aurrekontu proposamena.
Ekintza horren erreakzioa izan zen Aragonesen erabakia. Aurrekontuen aurka bozkatu zuten parlamentariei «arduragabe» jokatzea eta «interes alderdikoei» begiratzea leporatu zien, eta, bide batez, nabarmendu zuen Katalunian inoizko «baliabide gehien» proposatzen zituen aurrekontuak zirela.
Soilik PSCko (33) eta ERCko (33) parlamentariek eta Cristina Casolek —zeina talderik gabe baitzegoen JxC Junts Per Catalunyatik kanporatua izan ondoren— egin zuten aurrekontuen alde; eta kontra bozkatu zuten JxCk, Voxek, CUPek, Ciutadansek eta PPC Kataluniako Alderdi Popularrak. Gauza bera egin zuen En Comu Podemek, ez baitzegoen ados diru sail bat Tarragonan eraiki asmo duten megaproiektu turistiko baterako baliatzearekin.
Aurrekontuak onartzeko nahikoa babes lortzeko oztopo eta zailtasun horiek agerian utzi zuten Kataluniako Gobernuaren ahultasuna, zeinetan ERCk gutxiengoan agintzen zuen.
Agintaldia, bitan zatitua
Hasi eta buka, gorabeheratsua izan da ERCren agintaldia. PSCk lortu zuen boto gehien 2021eko bozetan, baina 33na eserleku lortu zituzten ERCk eta PSCk. Inbestidura saioa gainditzeko nahikoa babes ez zuela jakinda, Kataluniako Alderdi Sozialistako buru Salvador Illak ez zuen presidente izateko ahaleginik egin, eta Aragones izendatu zuten presidente, Juntsen eta CUPen babesarekin. Horiek hala, indar handiena zuten bi alderdi independentistek —ERCk eta JxCk— koalizioan ekin zioten agintaldiari.
Edonola ere, lankidetza horrek apenas iraun zuen urtebete baino zertxobait gehiago. Izan ere, JxCko militanteek barne bozketa egin zuten gobernuan jarraitzea edo handik ateratzea erabakitzeko, 2022ko urrian; argudiatuta ERCk ez zuela bete bi alderdiek adostutako gobernu ituna. Hausturaren alde egin zuten militanteen %57,73k.