Harrabotsa eragin zuen Kataluniako politikan PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eta ERC Esquerra Republicanak astelehenean hitzartutako aurreakordioak. Bertan —asteartean atera zen argitara testua—, zehaztu dute PSCk zenbait neurri egiteko konpromisoa hartu behar duela alderdi subiranistak haren hautagai Salvador Illari babesa emateko. Bi alderdien zuzendaritzek adostu zuten testua, hala ere, aurreakordioa da oraindik. Izan ere, hitzartutakoak ERCren oinarrien babesa behar du aurrera egiteko. Alderdi subiranistaren oinarriak osatzen duten 8.700 kide inguruk jada hasi dute bozketa. Telematikoki ari dira, eta bederatzi orduko tartea dute botoa emateko, 10:00etatik 19:00etara. Gero, 19:30ak inguruan, ERCko zuzendaritzak emaitzen berri emango du, prentsaurreko batera deitu baitu ordu hartarako.
Emaitza ez dago argi, eta, Kataluniako hedabideek diotenez, balantzak alde batera zein bestera egin dezake. Izan ere, astelehenetik abiatuta ERCren hainbat sektorek egin dituzten bileretan, akordioarekiko desadostasunak agertu dira. Hedabide horiek aipatzen dutenez, alderdi subiranistaren barneko zenbait kidek ez dute akordiorik egin nahi 2017ko erreferendumaren aurka aritu zen ezein alderdirekin.
Aurreakordioan zehaztu dutenez, ERC ez da gobernuan egongo, baina haiek eskatutako zenbait neurri hartu beharko ditu Illaren gobernuak, hala nola gatazka politikoa konpontzeko organoa sortzea eta herritarren egunerokoan katalanaren erabilera hauspotzea. Hala ere, neurri bat besteen gainetik gailentzen da, hautsak harrotu baititu —batez ere Espainiako oposizioan—: finantzaketa sistema «berezia». Hau da, hainbat zerga Bartzelonan bertan kudeatzea eta ez Madrilen, gaur egun egiten den moduan.
Finantzaketa sistema berri hori, ordea, ez da izango EAE Euskal Autonomia Erkidegoak duen Itun Ekonomikoaren berdina; hala adierazi izan du behin baino gehiagotan, behintzat, Espainiako Gobernuak. Kataluniarako adostutako «finantzaketa bereziak», halere, Espainiako Gobernuaren oniritzia du, eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak —gobernuan dago— martxan jartzeko konpromisoa hartu du.