Azkenean, bai. Mar Besses Jovent Republica ERCko gazteen parlamentariak Salvador Illa PSCko hautagaiaren alde eginen du inbestidura saioan. Gaur arratsean erabaki dute ERC Esquerra Republicanako gazteek baiezko «kritikoa» ematea Illari, eta, beraz, PSC Kataluniako alderdi sozialistakoak presidente izendatzeko behar diren 68 parlamentarien babesa izanen du. «Izugarri konplexua den une honetan gure espazio politikoaren batasuna mantentzeko eginen dugu, akordio hau bete dadin benetako berme izateko eta gehiengo parlamentarioa baldintzatzeko aukera historikoa aurrera eramateko», azaldu du Jovent Republica taldeak ohar baten bidez.
Bilera 19:00etan hasi da, eta bi ordu eta erdiren ondotik eman dute erabakiaren berri. Argi utzi dute ez direla sozialistez fio, aurretik PSOErekin egin diren akordioak betetzeko «axolagabe» aritu direlakoan, eta «gehiegitan» akordioak betetzera «behartu» dituztelako errepublikanoek. Era berean, PSCren gobernuari oposizio «gogorra», «argia» eta «irmoa» eginen diotela iragarri dute. PSCk haien nazioaren «kontra» egin ditzakeen proposamenak edota «eskuineko eta kontserbadorea den herri eredu bat» aurrera eramateko saiakerak oro geldituko dituztela esan dute.
PSCren eta ERCren arteko akordioak «elementu positibo batzuk» dituela ere esan dute gazte errepublikanoek: «Kataluniako hiritarren botoen eta Konbentzio Nazional baten bidez gatazka politikoa konpontzeko apustua; Kataluniako subiranotasun ekonomikorako aurrerapen esanguratsua; katalana babestea eta bultzatzea; eta, azkenik, beste aferen artean, gobernu errepublikanoa babesteko PSCk egindako proposamen eskuindarrenetako batzuk zuzentzen ditu».
Inbestidura saioa
Junts ere aipatu dute oharrean, eta adostasunik lortzeko eta lidergoa hartzeko ezintasuna leporatu diote. «Argi gelditu da ez dagoela gure herrialdearen independentziaren aldeko gehiengo parlamentariorik Kataluniako Generalitateko hurrengo gobernua zuzentzeko». Egoera hori ikusirik, argi utzi nahi izan dute Herrialde Katalanen «askatasun sozial eta nazionala» lortzeko helburua «bere horretan» mantentzen dutela, eta epe luzerako estrategia politikoa «berritzeko» konpromisoa hartu dute.
Kataluniako Gobernua osatzeko, 68 parlamentariren babesa behar zuen Illak, eta gazte errepublikanoen aldeko botoarekin, inbestidura aurrera ateratzeko babesa ziurtatu du PSCk, Comuns Sumar eta ERC alderdiekin egindako akordioei esker. Bihar bilera sorta abiatuko du Josep Rull Kataluniako Parlamentuko presidenteak, eta seguruenik ostegunean eginen dute inbestidura saioa. Carles Puigdemont presidente ohiak iragarri du erbestetik itzuliko dela inbestidura saiorako, eta atxilotuko ote duten eta hori nola saihestuko duten, horretan da eztabaida orain.