ERCk tonua igoko du azkeneko astean

ERCkoek diote haiek edukiak izan dituztela hizpide kanpainan, baina horrela gutxitu egiten direla «nabarmentzeko» aukerak. Aitortu dute, halere, bozkatzaileak mobilizatzerakoan «arazo bat» dutela.

Pere Aragones ERCren presidentegaia kanpainako ekitaldi batean Terrassan, joan den asteazkenean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Pere Aragones ERCren presidentegaia kanpainako ekitaldi batean, Terrassan, joan den asteazkenean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Igor Susaeta.
Berriemaile berezia - Bartzelona
2024ko maiatzaren 5a
05:05
Entzun

Inkesta bakar batek ere ez du jotzen garailetzat ERC Esquerra Republicana datorren maiatzaren 12an egitekoak diren Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetarako, eta, gainera, bigarren posturako lehian denek jarri dute JxC Junts Per Catalunya Carles Puigdemonten alderdiaren atzetik, gutxigatik bada ere. Halere, ERCren iturriek BERRIAri esan diote Pere Aragones beren presidentegaia berriro Generalitateko presidente izatea besterik ez dutela buruan. Hori errepikatzen dute, eta onartu, hori bai, bozak egiteko astebeteren faltan egoera ez dela «atseginena». Orduan, edukien zentralitatea eta orain arteko mezua mantenduta ere, kanpainako azkeneko astean tonua igoko dute, eta ahaleginduko dira «ikusgaitasun handiagoa» edukitzen. «Kontatuko dugu zer ekarriko lukeen Katalunian errepublikanoa ez den presidentetza bat edukitzeak».

ERCkoek pentsatzen dute Aragones aurpegia ematen ari dela kanpainan, ondo ari dela. «Halere, ez gaude posizio onenean. Paradoxikoa da, baina, Generalitateko presidentetzan gauden arren, batez ere gu ari gara proiektuez hitz egiten». Horrela jokatuta, ordea, «nabarmentzeko» aukerak gutxitzen direlakoan daude. «Gehiago nabarmentzen zara iskanbilatxoekin, borrokekin... Guri motza egingo zaigu [kanpaina], eta besteei luzea egiten ari zaie». Beste horiek aipatzean, batez ere PSC irabazteko faborito eztabaidaezinaz eta Puigdemontez ari dira. Berripaper honekin izandako solasaldian, askotan kritikatuko dute Generalitateko presidente izandakoaren (2016-2017) alderdia. «Juntsek [JxC], azkenean, kopiatu egin ditu [ERCren] diskurtsoa, estrategia...».

Horren harira, Puigdemonti leporatzen diote «bere burua, bere izena» besterik ez edukitzea —lehian dauden beste alderdi guztiek egin bezala, hauteskunde programa bat plazaratu du—, nahiz eta aitortzen dioten «indartsua» dela eta «mobilizatu» duela «bere jende guztia». ERCk, berriz, «arazo bat» dauka bere bozkatzaileak mobilizatzerakoan. «Eta hori gertatzen denean, gainditu egiten gaitu [Puigdemontek]».

6

ERC Generalitatean egon den aldiak. Frankismoa bukatu zenetik (1975), ERC Esquerra Republicana sei aldiz izan da Kataluniako Gobernuko kide. 1977tik 1980ra, Josep Tarradellas buru zuen kontzentrazio gobernuan; 2003tik 2006ra eta 2006tik 2010era, hirukoan, PSCrekin eta ICVrekin; 2016tik 2017ra, Junts Pel Si koalizioan, Convergenciarekin; 2018tik 2021era, JxCrekin; eta 2021etik 2024ra, aurrena JxCrekin, eta 2022tik bakarrik.

Hauteskundeetarako propio Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak egindako inkesta baten arabera, zalantzatien zakua %30ekoa da, eta horietako gehienentzat aukera bat da ERC. %21ek dudak dituzte ERCren eta PSCren artean; %20k ERCren eta JxCren artean; %12k ERCren eta CUPen artean; eta %10ek ERCren eta Comuns Sumarren artean. Botila erdi beteta bezala erdi hutsik dago ERCkoentzat. «Guretzat txarra da zalantza egitea. Guretzat onena litzateke konbentzituta egotea gurea dela aukera onena. Baina hobe hori gertatzea, eta ez jada alde eginda edukitzea». Autokritika egin dute: «Ziurrenik ez gara gai erabakitzera bultzatuko zaituen emozio horrekin iristeko [bozkatzailearengana]». ERCren proposamena da erreferendum adostu baterako oinarriak negoziatzea, Kataluniarentzako finantzaketa eredu propio bat lortzea, eta katalanaren erabilera eta ongizate estatua indartzea. «Objektiboki, aukera onena gara».

Azken asteetan esan izan dute behin bozak egin eta gero aliantzak egiteko ondoen posizionatuta egongo den alderdia izango dela. Oraingoz, baina, ez dute horri buruz hitz egin nahi. «Proiektuak argi badaude, ez dugu inor baztertzen». Edukiak dituzte asmo, eta adibide bat jarri dute: CUPekin eta Comuns Sumarrekin duela bi aste sinatutako itun antifaxista. Konpromisoa hartu dute eskuin muturrak —Voxek eta Aliança Catalanak— Parlamentuan ordezkaritza lortuz gero haiekin «inondik inora» lankidetzarik ez edukitzeko. Illak eta Puigdemontek kanpainan adierazi dute ez dutela itunik egingo eskuin muturrarekin, baina ERCkoek beren buruari galdetzen diote zergatik ez duten dokumentu horrekin bat egin. «Edukiez ari garenean, horretaz ari gara, esaterako».

(ID_13820155) ESPAÑA ELECCIONES CATALUÑA
Pere Aragones, eskuinean eta ezkerrean hurrenez hurren Raquel Sans eta Marta Vilalta alderdikideak dituela, apirilaren 25ean, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Aragonesek azpimarratu du kanpainan «ia ezinezkoa» dela PSCrekin gobernu itun bat sinatzea. PSOEk esaten du ez duela erreferendum bateranzko urratsik egingo, eta ERCren asmoa da gatazka politikoa konponbidean jartzeko aurrerapausoak ematen jarraitzea. Nolanahi den ere, zehaztapen bat horrekin lotuta: hurrengo agintaldian ez da erreferendumik egongo; «inork ez du sinesten hala izan daitekeenik». Horrek ez du esan nahi ERCk horri uko egiten dionik. «Gehiengoak sortu behar dira; hitz egiten segitu behar da».

JxC-PSC aukeraz

PSOEren eta, horrenbestez, PSCren ezezkoa ikusita, ERCkoek gogoratu dute esaten zela amnistia legea lortzea ezinezkoa zela, eta gauza bera esaten zela prozesu subiranistaren harira espetxeratutako buruzagiei eman zitzaien indultuaz. «Hauek [PSOE] 155.a sinatu zuten...». PSOEren iritzi aldaketa azaltzerakoan, eduki duten «beharra» aipatu dute errepublikanoek, eta «garaiari» ere egin diote erreferentzia. «Esaten zen ezinezkoa zela Europako Batasunean erreferendum bat egitea, baina egin ziren brexit-a, Eskoziakoa, Montenegrokoa... Behar dugu Espainiako Estatua heltzea eta aurrerapauso demokratikoak ematea». Atzera oroitarazi dute, halere, prozesua «luzea» dela, «amaigabea», eta abagunea baliatu dute JxCri beste kritika bat egiteko. «Orain bost urte independentista ez zirenek friki deitzen ziguten duela hamabost, eta orain lezioak ematen dizkigute».

Azken hamarkadan lehen aldiz, baliteke bloke independentistak gehiengoa galtzea parlamentuan. Hori gertatuta ere, ERCk segituko du «gauza bera» defendatzen: «proiektu nazionala eta proiektu soziala». Eta Salvador Illa PSCren presidentegaiak eta Puigdemontek adierazi duten arren ez dutela elkarrekin gobernu akordiorik egingo —nahiz eta PSCkoak esan zuen aurrena ez ziola horri aterik ixten—, ERCkoentzat «posible» da hori gertatzea. «Elkarrekin bozkatu izan dute beti. Elkarbizitza zaila izango litzatekeela? Bai, baina... Puigdemontek ez zion bigarren eskuko auto bat ere erosi behar Sanchezi [Pedro, Espainiako Gobernuko presidentea], eta azkenean presidente egin zuen. Aritmetikak negoziatzeko aukera, indarra, eman zion, eta horretan hasi zen modu desesperatu batean. Orain ere saiatuko da».

Partida hori Katalunian jokatuko da, eta paraleloki beste bat jokatuko da Madrilen: aurrekontuak, legegintzaldiaren egonkortasuna... ERCk Sanchez babestu du han 2019az geroztik, eta aurrerantzean ere harekin hitz egin beharko du. «Ez diogu kariño berezirik, eta amorrua ere ez digu pizten. Dagoenarekin negoziatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.