Maiatzeko hauteskundeen emaitzek agerian utzi zuten Kataluniako Gobernuan aldaketa bat egongo zela —edo hauteskundeak berriz egingo zirela—. Indar subiranistek gehiengoa galdu, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eskuratu zuen. Horiek horrela, PSCko hautagai Salvador Illa zen faboritoa ERC Esquerra Republicanako Pere Aragonesen lekua hartu eta Kataluniako presidente bihurtzeko. Horretarako, baina, Aragonesen alderdiaren babesa behar du; gaur, azken-aurreko urratsa egin du hori erdiesteko: ERCko zuzendaritzak Illa presidente egiteko akordioa hitzartu du sozialistekin. Pausoa garrantzitsua den arren, ez da behin betikoa. Izan ere, erabakia oraindik ez da loteslea. Aurreakordioa akordio bihurtu eta PSCri Generalitateko giltzak emateko, indar subiranistaren oinarriek onartu behar dute lehenengo.
Alderdiko 8.700 kideek ostiralean bozkatuko dute aurreakordioari baiezkoa eman eta Illa izendatu, edo ezezkoaren alde egin. Azken hori gertatuko balitz, negoziazioak «bukatutzat» emango dituztela nabarmendu du alderdi subiranistaren bozeramaile Raquel Sansek. Eta zuzendaritzak oniritzia eman arren, ERC barruan denak ez daude alde. Espainiako Parlamentuko diputatu Pilar Vallugera, esaterako, Illa presidente egitearen aurka agertu da gaur, akordioa ezagutarazi aurretik.
Hainbat hedabidek azken egunetan argitaratu dutenaren arabera —bi alderdien iturriak aipatuta—, ERCk «subiranotasun nazionala» deritzonean zegoen negoziazioaren muina. Hau da, orain arte Espainiako Estatuak biltzen zituen zergak Kataluniako Generalitateak biltzea. Sansek aurreakordioaren berri ematean azaldu duenez, Kataluniarako «kontzertu ekonomiko solidario bat» sortzea da Illa presidente egiteko hitzarmenaren ardatzetako bat.
Sansek gaur egindako agerraldian xehetasunik azaldu ez duen arren, azken egunetan argitaratutakoaren arabera ERCk nahi duen zerga sistema horretan garrantzi berezia izango luke PPEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak, hori bildu eta kudeatzeko eskumena Bartzelonak izango bailuke (13.000 milioi euro inguru). EAE Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenaren antzeko sistema bat ezartzea zen subiranisten planteamendua, baina PSC —eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialista, batez ere— ez da inoiz bat etorri ideia horrekin. Are gehiago, Espainiako presidenteorde Maria Jesus Monterok zalantza oro uxatu nahi izan du behin baino gehiagotan: «Katalunian ez da kontzertu ekonomikorik egongo». Beraz, ikusteko dago nolakoa izango den aurreakordioan hitzartutako «kontzertu ekonomiko solidarioa» baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu asmorik halakorik onartzeko.
Lau ardatz
Azken egunetan aurreakordioaren alderdi ekonomikoak bereganatu duen arren titular gehien, gaur hitzartutakoak lau ardatz nagusi dituela adierazi du Sansek. «Katalanaren aldeko apustua» egitea aurreikusten du: «Hizkuntzarik gabe ez dago naziorik». Beste bi oinarriak hauek dira: gatazka politikoa konpontzeari dagokiona eta gizarte gaiekin lotura estuagoa duena. Aurreakordioaren xehetasunak oinarrien esku jarriko dituztela adierazi du Sansek.
Aurreakordioak oinarrien oniritzia lortuz gero, abuztuko aurreneko bi asteetan egingo dute inbestidura saioa. Hala adierazi izan dute egunotan, behintzat, Kataluniako zenbait hedabidek. Horiek horrela, eta alderdi subiranistaren eta sozialisten arteko akordioa gertu egon zitekeela jakinda, herenegun Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek —Espainiako Auzitegi Gorenak amnistia legea saihesten ari da, eta, hortaz, oraindik atxilotu dezakete— adierazi zuen inbestidura saioa egiten bada erbestetik itzuli eta Bartzelonan egongo dela.