ERCk gogorarazi dio Sanchezi «behartu» egin dezaketela

Gabriel Rufianen arabera, PSOEek eta hura babestuko duten blokeko alderdietako bozkatzaileek partekatzen duten «gauza bakarra» da PP eta Vox «frenatu» nahi dituztela. JxCk zalantzan jarri du Sanchezen alde bozkatuko duenik.

Rufian, gaurko saioan hitz egiten. KIKO HUESCA / EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 15a
21:03
Entzun

Kataluniako bi alderdi subiranista nagusiekin, ERC Esquerra Republicanarekin eta JxCrekin, adostu du PSOEk amnistia legea, eta Gabriel Rufian errepublikanoek Espainiako Kongresuan duten bozeramaileak oroitarazi dio, gaur, Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiari, Kataluniako ordezkarien botoei esker izan ahal izango duela, berriro, presidente. «Guk, hemen, zu behartzeko gaitasuna dugu. Errepresioa amaitzeko gaur, eta zu obligatzeko, beharbada, bihar erreferendum bat egitera». Gauean mintzatu da.

Espainiako eskuinei aurpegiratu die, bestetik, 46 urte daramatzatela esaten «hautsi» egingo dela Espainia. «Esaten duzuen bakoitzean, errealitatea da hori egiten duzuela galdu duzuelako». PPko eta Voxeko diputatuei zuzenduz nabarmendu du eskuinek ez dakitela galtzen. Horren harira, jakinarazi die PSOEko eta Sanchez babestekoak diren alderdietako bozkatzaileek «partekatzen» duten «gauza bakarra» dela eskuinak frenatzea. «Tabernetako eta after-etako eskuinak frenatzea, hain zuzen».

Esan die, gainera, Sanchez presidente izango dela haiek, PPkoak eta Voxekoak, dituelako parean. «Tira, horrek ez dakit Sanchezez oso ondo hitz egiten duen, baina tira...». Eta aintzat hartuta amnistia legearen kontra daukaten diskurtsoa, egotzi die saiatzea Espainiako Estatua «barbaro» bihurtzen. «Amnistia bai, amnistia ez. Galdetu herritarrei. Erantzungo dizute berdin zaiela, nahi dutena dela jatekoa eduki».

JxC Junts Per Catalunyari, bestetik, «ongietorria» eman dio –kasu horretan katalanez mintzatu da–, Moncloarekin negoziatzeko bidea ibiltzea erabaki duelako. Dena den, ezten bat sartu nahi izan dio Carles Puigdemont buru duen alderdiari: «ERC musika bat jotzen hasi zen duela lau urte, eta orain denek nahi dute horrekin dantzatu».

Ez dira onak Kataluniako bi alderdi independentista nagusien arteko harremanak, baina Rufianek azpimarratu du ERCk «konpromiso» bat hartuko duela JxC eta PSOE edukitzekoak diren negoziazioei begira: «PSOE ahalegintzen denean zuek engainatzen –eta egingo du, edo saiatuko da–, ez dugu esango errua zuena dela, baizik eta PSOErena. Akordioak betetzea oso zaila izango da».

Sanchezek eskerrak eman dizkio Rufiani ERCk bere inbestidura babestuko duelako, eta, elkarren arteko «desadostasunak gorabehera», elkarrekin lan egitera deitu ditu errepublikanoak, iruditzen zaielako «nahiko gauza partekatzen» dituztela. Esaterako, politika sozialak babestea. Hori bai, balizko erreferendum baterako bi baldintza jarri ditu: Konstituzioaren barruan juridikoki «bideragarria» izatea; eta babes zabal soziala izatea.

JxCren akordioa

JxCri ez zaio gustatu Sanchezen gaurko mintzaldia, eta hori jakinarazi dio Miriam Nogueras alderdiak Kongresuan duen bozeramailea –harena izan da eguneko azken mintzaldia. 20:50 inguruan hasi da–. Are, zalantzan jarri nahi izan du PSOEren presidentegaia babestuko dutenik biharko bozketan, nahiz eta bi alderdiek legegintzaldirako akordio bat sinatu zuten aurreko astean. «Gurekin ez ibili zoriarekin jolasean, ez baitu funtzionatuko. Zure diskurtsoa ez da diskurtso ausart bat izan», egin dio erdi-mehatxu.

Noguerasek baieztatu du –katalanez mintzatu da uneoro–, Puigdemontek lehengo astean egin bezala, JxCk ez dituela gobernuak Kongresuan aurkeztutako ekimenak babestuko, bien arteko negoziazio mahaiean «aurrerapausoak» ematen ez baldin badituzte. «Horiek [negoziazioek] bukatu behar dute akordio historiko batekin». JxCkoaren esanetan, Kataluniako Parlamentuak onartutako ekimenek elikatuko dute bi alderdien arteko mahaia. «Akordioan dago jasota, hori da muga bakarra».

ERCren diskurtsotik ahalik eta gehien bereizteko –ez die Rufianek esandakoei erantzun–, nabarmendu du 2017ko urriaren 1eko aginduak «indarrean» jarraitzen duela beraientzako, eta «inondik inora» ez diotela uko egiten independentziari.

Sanchezek erantzun dio itunean jasotakoa beteko dutela, «konpromiso» hori hartu duela, eta JxCren dituen harremanetan eta Kataluniako auzian «etapa berri bat irekitzea» ospatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.