Agendak zehaztutako epeak betez, gaur egin dute Kataluniako Parlamenturako bozen ondorengo lehen inbestidura saioa; baina Generalitateko presidentetzarako hautagairik gabe. Zurrumurruak eta irri txikiak nagusitu dira ganberako presidente Josep Rullek saioari hasiera eman baino lehen: «Alderdi bakar batek ere ez du gaurko egunerako hautagairik aurkeztu, baina bi parlamentarik adierazi dute gobernua osatzeko nahia». Ordubete ere iraun ez duen eztabaida saioan, talde parlamentario bakoitzak bost minutu izan ditu gobernu osaketaren inguruan hitz egiteko. Orain arte adierazitako jarrerei eutsi diete alderdi guztiek, baina ERC Esquerra Republicana zorrotz mintzatu zaie Juntsi eta PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiari: gobernu bat osatzeko «gauza ez izatea» egotzi die ERCren talde parlamentarioko buruzagi Josep Maria Jovek.
Gobernua osatu nahi duten bi alderdiek, PSCk eta Juntsek, aurreko Generalitateko buruzagitza izan zuen ezkerreko alderdi subiranista konbentzitu nahi dute inbestidurarako, baina ERCk ez dio oraingoz inori hitzeman bere parlamentarien babesa. Hori nabarmendu du Jovek: «Zuek egin behar dituzue proposamenak, eta, ERCren militanteak konbentzitu nahi badituzue, badakizue zein diren gure exijentziak». Haren ondoren hartu du hitza Juntseko talde parlamentarioaren presidente Albert Batetek, baina ez dio erantzun argirik eman ezkerreko alderdi subiranistari. Xehetasunik aipatu gabe, esan du «euren eskuetan dagoen guztia» egingo dutela gobernu akordio bat adostu eta Carles Puigdemont berriz ere Kataluniako Generalitateko presidente izateko.
Gobernuburu izandakoa (2016-2017) Kataluniara itzultzeko aukerak zeresana eman du parlamenturako bozen kanpainan, baita hauteskundeen ondorenean ere. Ganberako «ekitaldi baliokidea» hasi baino lehen, Rullek esan du, TV3 telebista kateari egindako adierazpenetan, Puigdemont Kataluniara joango dela inbestidura saio bat izanez gero, «amnistiari dagokionez, egoera dena delakoa izanda ere»; hau da, hura atxilotzeko agindua indarrean egon edo ez egon.
«Zuek egin behar dituzue proposamenak, eta, ERCren militanteak konbentzitu nahi badituzue, badakizue zein diren gure exijentziak».
JOSEP MARIA JOVEERCren talde parlamentarioko burua
Juntseko buruak ez ezik, PSCko presidentetzarako hautagai Salvador Illak ere nahi du gobernuburu bilakatu. Hura izan da hitza hartzen azkena parlamentuko saioan. Bateten antzera, ziurtatu du «bide guztien bitartez» ahaleginduko dela hauteskundeak errepikatu ez daitezen, baina horretarako «modu bakarra» dagoela uste du. Haren arabera, modu hori izango litzateke PSCren, ERCren eta Comuns Sumarren arteko gobernu akordio bat egitea. Iritzi berekoa da Comuns Sumarreko Jessica Albiach: «Bi aukera bakarrik daude: ERCren, PSCren eta comuns-en arteko akordioa; edo hauteskundeak errepikatzea. Zortzi aste ditugu aurretik».
Hain justu, gaurko saioak balio izan du Kataluniako agenda politikoaren hurrengo datak zehazteko: bi hilabete barru, abuztuaren 26an, bukatuko da gobernuburu bat hautatzeko epea. Datozen bi hilabeteetan PSCk edo Juntsek proposatutako hautagaiek nahikoa sostengu lortuko ez balute, berriro egin beharko lituzkete parlamenturako bozak, datorren urriaren 13an. Hortaz, Rullek saio hasieran esandako hitzak aipatuz, «hasi da legeak agintzen duen atzerako kontua».
Inoren alde ez
Ganberan ordezkaritza duten gainontzeko alderdiek ez dute ez Illaren, ez Puigdemonten alde egiteko asmorik, gaurko diskurtsoetan adierazi dutenez. Aliantza Katalanako buru Silvia Orriolek argi plazaratu ditu euren botoa jasotzeko baldintzak: «Gure babesa nahi duenak Atzerriko Lege bat ondu beharko du». Horrelakorik eskaini ezean, ultraeskuineko alderdi horrek «ez du inor inbestituko».
CUPeko Laia Estrada mintzatu da Orriolsen ondotik, eta ez du irudi alderdi independentista horrek ere Puigdemonten edo Illaren alde egiteko asmoa duenik. «PSC gure autodeterminaziorako eskubidearen aurka dago, eta aspaldi abandonatu zituen ezkerreko politikak, eta Junts Per Catalunyak gobernua osatu asmo du PSCren oniritziarekin», esan du.
Ultraeskuineko eta eskuineko gainontzeko alderdiek ere, Voxek eta PPC Kataluniako Alderdi Popularrak, bi hautagai posibleen aurka egin dute. PPCren talde parlamentarioko buru Alejandro Fernandezek ohartarazi du bere alderdiak ez diola botorik emango «Kataluniako independentismoaren alde» egin dezakeen hautagai bati.