ERC «eraberritzeko» eta Junquerasen aukerari aurre egiteko xedearekin

Ezker Nazional Berria hautagaitza aurkeztu dute gaur, ERCren buruzagitza hartzeko helburuarekin. Alderdiko bozeramaile Raquel Sansek kargua utzi du hautagaitzara lerratzeko.

ERCko diputatu Teresa Jorda, gaur, Nova Esquerra Nacional hautagaitza aurkezten, Bartzelonan TONI ALBIR / EFE
ERCko diputatu Teresa Jorda, gaur, Nova Esquerra Nacional hautagaitza aurkezten, Bartzelonan TONI ALBIR / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 29a
16:10
Entzun

Kataluniako indar subiranistek gehiengoa galdu dute Kataluniako Parlamentuan. «Ziklo politiko berria» hasi behar dutela aldarrikatu dute. PSC Kataluniako Alderdi Sozialista Generalitatera duela hiru aste heldu aurretik, Kataluniako buruzagitza zuen ERC Esquerra Republicanaren barruan harrabotsa eragin du ideia horrek. Gauzak horrela, eta alderdiak aurten presidentetza erabaki behar duenez —azaroaren 30ean kongresu nazionala egitekoak dira—, Ezker Nazional Berria hautagaitza aurkeztu dute gaur, Bartzelonan. Kataluniako presidenteorde ohi (2016-2017) eta ekainera arte ERCko presidente izandako Oriol Junquerasen hautagaitzarekin lehiatzea da Ezker Nazional Berriaren xedea, alderdiaren «eraberritzea» beharrezkoa dela argudiatuta.

Alderdiko koherentzia politikoko idazkari Alba Campsek eta Espainiako Kongresuko diputatu Teresa Jordak parte hartu dute bertan. Ez dute zehaztu, ordea, hautagaitzaren burua nor izango den. Hori, hala ere, ekitaldian zehar azpimarratu duten ideia baten ildotik doa: erakundea eta ideiak norbanakoen gainetik egotea. «Ez gara, inola ere, pertsona baten inguruan eraikitako proiektu bat, ideia batzuen inguruan dagoena baizik; eta horrek handi egiten gaitu», adierazi du Jordak. Campsek, berriz, azaldu du «buruzagitzak alderdiaren pean» egotea nahi dutela, eta ez alderantziz.

Alderdia eraberritzeko ideia ez da Ezker Nazional Berriaren ideia, soilik; ezta zerbait berria ere: ekainean, Junquerasek alderdiko presidente gisa dimisioa eman eta egun gutxira, —ERCk Kataluniako Parlamenturako bozetan aspaldi izandako emaitzarik txarrenak lortu ostean— Berriz Aktiba Dezagun Ezker Nazionalamanifestua argitaratu zuten. Bertan, alderdiko buruzagitza aldatu behar zela adierazten da. ERCko ia mila kidek sinatu dute idatzia, ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak eta Kataluniako presidente ohi (2021-2024) Pere Aragonesek, tartean.

Rovirak idatzia sinatu izanak are gehiago hauspotzen du Kataluniako zenbait hedabidek alderdiko iturriak aipatuta argitaratutakoa: hautagaitza berriaren atzean alderdiko idazkari nagusia dago. Gaurko prentsaurrekoan, kazetariek «Roviraren aldekoak» ote diren galdetu diete, eta, ezetz esan duten arren, haren babesa nahiko luketela adierazi dute; baita Junquerasena ere, baina adierazpenaren zati horrek barre eragin die bertaratuei. Junquerasi, gainera, eskua luzatu dio Jordak, haien proposamen politikoa aurrera ateraz gero «proiektuan gehitzen jarraitu» dezan: «Ondo dakigu ERCn ez dagoela inor sobera. Are, uste dugu jende gehiago behar dela. Orain arte gidatu gaituztenen ondarea zaindu behar dugu».

Hautagaitza alternatiboaren mezuak ez dira bortitzak izan, lehiatzeko prest agertu den arren. Are gehiago, kongresu nazionalean irabaziz gero, Junquerasi eta egungo alderdiko buruzagitzari «trantsizioa lasaia» egiteko aukera aurkeztuko dietela nabarmendu dute. Betiere, eta Manresako alkate Marc Aloyk gaurko ekitaldian esan duenez, «jendearen zentzuarekin berriz bat etorriz». Horretarako, eta «ziklo garaile berri bat» eratzeko, herritarrekin erlazionatzeko «estrategia berriak» garatu nahi dituztela azpimarratu du.

Alderdiko idazkari nagusiak jendaurrean babesik adierazi ez dien arren, ERCko zenbait aktore nabarmenek hautagaitza alternatiboaren alde egin dute jada; Raquel Sansek, esaterako. Atzo esan zuen alderdiko bozeramailetza utzi duela Ezker Nazional Berrian egoteko eta azaroaren 30era begira hautagaitza lantzeko.

Kongresu Nazionalari begira

Izan ere, hori da, oraingoz, ERCko kongresu nazionala egiteko iragarrita dagoen eguna. Bertan, ezustekorik ezean, bi hautagaitza lehiatuko dira ERCren zuzendaritza bereganatzeko: Ezker Nazional Berria eta Junquerasen Militancia Decidim. Alderdiko gidaritza bereganatu nahi duten bi blokeak haien nahia azalarazi dute jada; bloke horien parte izango direnen izenak, ostera, ez dira ezagunak oraindik. Junquerasek esana du presidentetza nahi duela; eta astelehenean bere hautagaitzak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, irailaren 21ean jakinaraziko du bere hautagaitza nork osatuko duen. Ezker Nazional Berriak, berriz, ez dago argi noiz jakinaraziko dituzten izen horiek.

Kongresuaren data, halere, ezbaian dago. Izan ere, Junquerasek —eta alderdiko beste zenbait kidek: kontseilari nazionalen ia herenek, hain zuzen— hura aurreratu nahi du, ERCren estatutuetan ageri diren denbora tarteak argudiatuta. Haietan ageri denez, kongresua presidenteak kargua utzi eta hiru hilabetera antolatu behar de; hau da, irailaren 10ean. Hori ezinezkoa da denborengatik, baina urri bukaeran egitea proposatu dute. Hori eztabaidatzeko bildu ziren atzo bi aldeak, baina akordiorik gabe amaitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.