Erasoaldiari aurre egiteko babes sare bat Libanon

Israelek Libanoren aurka hasitako erasoaldiak areagotu egin du han bizi diren emakumeen aurkako indarkeria, Libanoko Emakume Demokraten Elkartearen arabera. Menia indarrean egonda ere, milaka emakumek ez dute nora joan, mugimendu feministak salatu duenez.

Emakume bat, desplazatuentzako kanpaleku batean, Beiruten, abendu hasieran. WAEL HAMZEH / EFE
Emakume bat, desplazatuentzako kanpaleku batean, Beiruten, abendu hasieran. WAEL HAMZEH / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 22a
05:05
Entzun

Azaroaren 27an, Libanorako 60 eguneko su eten bat adostu zuten Israelek eta Hezbollah milizia xiitak. Nolanahi ere, Tel Avivek adierazi izan du menia indarrean sartuta ere eskubidea izango lukeela «edozein mehatxu ikusirik» eraso egiteko, eta hala egiten ari da. Zertxobait baretu da Israelen oldarraldia orduz geroztik, baina egoera «arriskutsua da» oraindik ere; batez ere, desplazatuta dauden milaka emakumerentzat. Hala azaldu du Rasha Wanzehk, Libanoko Emakume Demokraten Elkarteko komunikazio buruak, modu telematikoan. Eta gehitu du: «Meniak itxaropen izpi txiki bat ekarri du, baina egoera larria da oraindik; Israelek su etena urratzen jarraitzen baitu».

Egoeraren larritasunak eragin du hainbat mugimenduk behin-behinean alde batera utzi behar izatea beren egitasmoak, aldamenekoari babes emateko. Lan horretan ari da, hain justu, Libanoko Emakume Demokraten Elkartea: «Israelen erasoen ondorioz, Libanon bizi diren emakumeen egoera gero eta muturrekoagoa da». Are, herrialdeko krisi humanitarioa «puntu kritiko batera» iritsi dela ohartarazi du Wanzehk, eta horren erakusgarritzat jo du, adibidez, ehunka mila lagunek etxetik alde egin behar izana azken hilabeteetan; Libanoko Gobernuak emandako azken datuen arabera, milioi bat biztanlek. «Emakume eta haur desplazatuak bereziki zaurgarriak dira: indarkeria eta eraso gehiago jasaten dituzte», nabarmendu du elkarte feministako kideak.

Wanzehk kontatu du nola saiatzen ari diren ahal dutena egiten egoera horretan dauden emakumeei, neska adingabeei eta haurrei laguntzeko. Desplazatuentzako kanpalekuetara eta aterpeetara joaten dira, eta oinarrizko produktuak ematen dizkiete han daudenei. Horrez gain, doako laguntza psikologikoa eskaintzen diete aterpeetan eta kanpalekuetan dauden emakumeei, baita indarkeria matxistaren biktima izandakoei ere. Are, azken hilabeteotan kanpaina zein egitasmo berriak sortu dituzte, era batera edo bestera borrokan ari diren emakumeen lana ikusarazteko: «Erronkak erronka, emakumeak rol garrantzitsua dute gatazka honetan».

«Meniak itxaropen izpi bat ekarri du, baina egoera larria da oraindik, Israelek su etena urratzen jarraitzen baitu»

RASHA WANZEHLibanoko Emakume Demokraten Elkarteko komunikazio burua

Hiru hilabetez, Israelgo armadak gau eta egun egin die eraso Libano hegoaldeari eta Beirut hiriburuko hainbat auzori. Eraso horiek «ondorio larriak» eragin dituztela salatu du Wanzehk: «Etenik gabeko indarkeriak kalte erabatekoa egin die herrialdeko oinarrizko azpiegiturei; batez ere, osasun arloko zerbitzuen eraikinei. Milaka etxe bonbardatu dituzte». Horiek horrela, menia indarrean egonda ere, emakume gehienak desplazatuentzako aterpeetan daude oraindik ere, elkarte feministako komunikazio buruak kontatu duenez: «Borrokak behin-behinean eteteak ez du esan nahi emakumeen bizitzak hobera egingo duenik. Berdin-berdin daude traumatizatuta, eta ez daukate nora itzuli».

Wanzehk nabarmendu du egoera «larrialdikoa eta behin-behinekoa» dela, eta, hortaz, egunean eguneko beharren arabera ari direla lanean. «Plan bat ontzen ari gara orain, gerraren ondorenerako erronkei eta zailtasunei aurre egin ahal izateko. Izan ere, badakigu erasoaldia bukatu ondoren orain baino are lan handiagoa izango dugula», azaldu du. Horretarako, gogorarazi du ezinbestekoa dela bide politikotik ere lanean jarraitzea; kasurako, herrialdean emakumeen eskubideen aldeko eta haien babeserako lege gehiago onartzeko saiakeran.

Politikan eragiteko

Israelgo armadaren oldarraldiak eragindako erronkei aurre egitetik harago doaz Libanoko Emakume Demokraten Elkartearen helburuak. Duela 48 urte sortu zuten mugimendu feminista hori, gisa horretako lehena Libanon, eta gaur egun bost egoitza ditu herrialdean. Wanzehren hitzetan, emakumeen eskubideak sustatzeko eta haiek babesteko legeek ez daukate lehentasunik herrialdeko politikan; esaterako, azaldu du urteak eman behar izan zituztela lanean Libanoko Gobernuak etxe barruko indarkeria matxistarekin lotutako lege bat onar zezan. Libanoko Poliziak iaz emandako datuen arabera, inoiz baino salaketa gehiago jaso zituzten COVID-19aren pandemian, indarkeria matxistagatik; eraso horien %85 etxe barruan izan ziren.

Bestalde, adingabekoen ezkontzen debekuarena da elkarteak bere lehentasunen artean dauzkan borroketako bat. Libanoko Parlamentuko Giza Eskubideetarako Batzordeak iazko irailean onartu zuen 18 urtetik beherakoen ezkontzak legez kanpo uztea; Wanzehk salatu duenez, ordea, ez aurrera eta ez atzera dago neurri hori, Libanoko Parlamentuak oraindik ez baitu onartu. Libanoko Emakume Demokraten Elkarteak iazko abenduan kaleratutako ikerketa baten arabera, ezkonduta dauden biztanleen %20 18 urte edo gutxiago zituztenean ezkondu ziren; horietatik guztietatik, %87 emakumeak dira.

Asmo horiek zergatik ez duten aurrera egiten galdetuta, bi oztopo aipatuz erantzun du elkarte feminista horretako kideak: batetik, azken urteetan aurrerapauso handiak eman dituztela uste duen arren, iritzi dio Libanoko gizartea «oso kontserbadorea eta patriarkala» dela oraindik; bestetik, azaldu du ezen, Libanoko izaera multisektarioaren ondorioz, talde erlijiosoetako liderrek erabakitzen dutela ezkontzeko adinaren inguruan, eta, ondorioz, parlamentariek ez dutela serio eztabaidatu nahi horri dagokion ezein lege. «Askotan eskatu diogu Libanoko Parlamentuari ezarri dezala derrigor bete beharreko emakume parlamentarien kopuru bat, baina, aldiro, ganberak atzera bota du eskaera». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.