Eraso xenofoboak gelditzeko eskatu du Merkelek, eskuin muturraren istiluen aurrean

Hemezortzi pertsona zauritu dira neonazien eta xenofobiaren aurkakoen martxetan izandako liskarretan. Poliziak bi pertsona atxilotu ditu, igandeko hilketa egotzita

Ultraeskuindarren manifestazioa, asteartean, Karl Marx plazan, Alemaniako Chemnitz hirian. FILIP SINGER / EFE.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun

Alemanian harrotzen ari dira mugimendu neonaziak, eta herrialdea airean jarri dute. Igande goizaldean, Chemnitzen (Saxonia), 35 urteko gizon bat hil zuten liskar batean, atzerrian jaiotako bi gazteri egotzi zieten hilketa, eta harrezkero istilu batean dabiltza neonaziak. Ultraeskuindarrek manifestazioak antolatu dituzte Chemnitzen bertan, herrialdea «atzerritarrez garbitzera» dei eginez. Istilu handiak izan ziren igande iluntzean, eta handiagoak astelehen gauean, neonazien deialdiari erantzun egin baitzioten antifaxistek, beste martxa batera deituz. Tartean, kezka zabaldu da herrialdean, nazien agurra egiten aritu direlako manifestari ultraeskuindar batzuk mobilizazioetan, eta Poliziak ez baitu inor atxilotu —Alemaniako legeek gogor zigortutako delitua da agur hori egitea—. Angela Merkel kantzilerrak agertu behar izan du, azkenean, hedabideetan, eraso xenofoboak gelditzera dei egiteko.

Igande goizaldean, festagune batean gertatu zen hilketa. Hamar bat gizonen arteko eztabaidaren ondotik, 35 urteko gizon bat hil zuten bi gizonen artean, labankadaz. Ustezko erasotzaileak astelehenean atxilotu zituen Poliziak, jatorri siriarreko 23 urteko eta jatorri irakiarreko 22 urteko bi gazte dira. Hildako gizona ere jatorri kubatarrekoa zen, Alemaniako hedabide batzuen arabera.

Sua piztu zuen hilketa horrek eta, igandean bertan, 800 pertsona elkartu ziren Chemnitzeko Karl Marx plazan, manifestazioa egiteko; tartean, futbol partida batetik atera berri ziren hainbat hooligan. Tentsio handia bizitu zen, eta polizien segurtasun neurriak ez ziren aski izan. Baina astelehenean okerrera egin zuen egoerak, arratsaldean bi manifestaziok bat egin baitzuten Chemnitzen. Batetik, ultraeskuindarren martxa: 6.000 eta 7.000 pertsona artean; bestetik, arrazakeriaren aurkako martxa: eraso eta jarrera xenofoboen aurka bildu ziren mila bat pertsona. Bi aldeen arteko liskarretan hemezortzi pertsona zauritu ziren, eta baita bi polizia ere. Atzerrian sortutako herritar batzuei eraso ere egin zieten egun hartan, eta ultraeskuindarren manifestazioan agur naziak egiten agertu ziren hainbat pertsona. Horrek areagotu egin ditu kezka guztiak.

Alemaniako Poliziak, hain justu, jakinarazi du hamar pertsona ikertzen ari direla, Hitlerrek erabiltzen zuen agur nazia egiteagatik astearteko manifestazioan. Sare sozialetan zabaldu diren bideoen bidez identifikatu dituzte agur hori egin zutenak. Poliziak azaldu du gehienak lehendik ere eraso «bortitzak» egiteagatik fitxatuta zeuzkatela.

Merkelen Barne ministroak eta poliziek hainbat kritika jaso dituzte egunotan, liskarrak egon zitezkeela jakinda, plangintza egokia ez egiteagatik eta beharrezko neurriak ez hartzeagatik. Hain jutu, kritika horiei erantzunez, hirian polizia gehiago jarriko dituztela nabarmendu du Horst Seehofer Barne ministroak, manifestazioetan sor daitezkeen liskarrei aurre egiteko.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hitza hartu behar izan du azkenean, giroa baretzen saiatzeko. Zehaztu du «eraso xenofoboek» ez dutela lekurik «zuzenbide estatu batean», eta gogoratu du ustezko hiltzaileak atxilotu zituztela. Nabarmendu du gizartea ez dagoela «inondik inora ere» mehatxupean, eta atzerritar batzuek gizon bat hiltzeak ez duela esan nahi atzerritar guztiak susmagarriak direla. Kasu bakantzat jo du gertakaria, eta erantsi du «gezurrezko albisteak» zabaltzen ari direla sare sozialetan, eta eskatu du muzin egiteko «neonazien propagandari».

AFDren txanpa

Saxonian, Alemania Ekialdean, AFD Alemaniarrentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak babes handiagoa du. 2014ko hauteskundeetan botoen %22 lortu zituen, ia herrialdearen batezbestekoa baino hamar puntu gehiago (%12,6). AFDko kide batzuek, hain justu, herritarren autodefentsa eskubidea aldarrikatu dute liskar egunotan. Horien aurrean, Michael Kretschmer Saxoniako gobernuburuak ohartarazi du estatuak «indarraren monopolioa» duela oraindik ere, eta azken egunetako erasoak gaitzetsi ditu, bakerako deia eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.