Gaur beteko dira ehun urte I. Mundu Gerra eten zuen armistizioa indarrean sartu zenetik. Armistizioak bukatzeko bidean paratu zuen hamazazpi milioi hildako inguru eragin zituen gatazka, gizateriak ordura arte ikusi zuen gerrarik handiena. Hori oroitzeko, 72 herrialdetako agintari gorenak elkartuko dira gaur Parisen, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea anfitrioi izanen dute. Frantziaren izaera nazionalean berebiziko garrantzia du I. Mundu Gerrak, ondoriotzat utzi baitzuen Frantziako nazionalismoaren indarra eta estatu-nazioaren proiektua modu erabakigarrian finkatzea. Macronek duela astebete hasi zuen Gerra Handia oroitzeko ekitaldi sorta bat, baina ez dio balio izan azken hilabeteotan galdu duen ospea berreskuratzeko; alderantziz, kalte egin dioten polemika gehiago sortu ditu.
Macronek astebeteko bira bat egin du Frantziaren iparraldean eta ekialdean, I. Mundu Gerran garrantzitsuak edo sinbolikoak izan ziren tokiak bisitatzeko. Nazioarteko zenbait agintari hartu ditu bisita horietan; azkena, atzo bertan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Compiegnen —armistizioa sinatu zuten tokian—.
Macronek bira baliatu nahi izan du ospea irabazteko eta irudia sendotzeko; bilera anitz antolatu ditu, eta elkarrizketa bat baino gehiago eman ditu. Arretarik handiena erakarri duten adierazpenak, ordea, estutasunetan paratu dutenak izan dira. Joan den asteartean Europe 1 irratiari eman zion elkarrizketan, Macronek erran zuen Europako Batasuneko herrialdeek armada bat sortu beharko luketela, eta, hori justifikatzeko, hiru mehatxu nagusi aipatu zituen: «Txina, Errusia, baita Estatu Batuak ere». Trumpek herenegun lur hartu zuen Parisen, eta oinak aireportuan ezartzearekin bat prest zuen erantzuna Twitter bidez: adierazpenak «hagitz iraingarriak» zirela erran zuen, eta Europako herrialdeei exijitu zien NATOn diru gehiago inbertitzeko.
Macronek Eliseoan hartu zuen Trump atzo, eta Frantziako presidenteak «defentsa europarrerako» proposamenak defendatu bazituen ere, apaldu eta Trumpi arrazoia eman zion: «Bat nator Trump presidentearen ikuspegiarekin: NATO barrenean anitzez banaketa hobea egin behar dugula». Trumpek «lagun» deitu zion Macroni, eta «kargak partekatzearen inguruan errandakoa» eskertu zion.
Barrenera begira, berriz, Macronek Philippe Petain mariskalari buruz errandakoek piztu dute sua. «Soldadu handi bat izan zen; hori da errealitatea», adierazi zien kazetariei joan den asteazkenean, Ardenetako prefekturan antolatu zuen ministroen kontseilura ailegatzean. «Ez dut deus barkatzen, baina ez dut deus ezabatzen gure historiatik». Horrekin batera, jakinarazi zuen atzo I. Mundu Gerrako mariskalei Les Invalidesen egin zieten omenaldian Petain ere oroituko zutela.
Horrek errenkadan sortu zituen kritikak: PS Alderdi Sozialistarenak, FI Frantzia Intsumisoarenak, juduen elkarteenak, prentsako artikuluak... I. Mundu Gerran armadako buruzagi nagusietako bat izan zen Petain, baina II. Mundu Gerran Vichyko erregimeneko buruzagia izan zen; hau da, Alemania naziak Frantzian ezarri zuen estatu kolaborazionistarena. Macronek «polemika faltsu bat» sortzea leporatu zien kritikoei, baina, erabakia berriz pentsatu, eta atzoko omenalditik kanpo utzi zuen Petain.
Presidenteak behar zuen azkeneko gauza zen kolaborazionisten liderraren zuritzaile gisa agertzea; izan ere, herenegun Les Echos egunkariak eta Radio Classique irratiak argitaratutako inkesta baten arabera, Macronen ospeak hondoa jo du, soilik herritarren %27k babesten baitute haren kudeaketa. Gainera, protesta handiei aurre egin beharko die hilabete honetan: bihar bertan, greba orokorrera deitu dute hezkuntzan, eta hilaren 17an errepideak eteteko deia egin dute, erregaiaren prezioaren hazkundearengatik protesta egiteko.
Etxeko arazoei aurre egin aitzinetik, ordea, gaurko nazioarteko erakusleihoa baliatzen saiatuko da Macron. Goizean hitzaldi bat emanen du Garaipenaren Arkuan, 72 buruzagi atzerritarren aitzinean, eta, ondoren, bazkaltzera gonbidatuko ditu Eliseora.
Bakearen Foroa
Arratsaldean hasiko da prestatu duen ekitaldi nagusia: Bakearen Foroa. Merkelen hitzaldi batekin hasiko da, eta asteartera arte iraunen du. Trumpek ez du parte hartzeko asmorik, eta goizeko ekitaldiaren ondoren alde eginen du Paristik. AEBetako presidenteak bilkura garrantzitsuak iragarriak zituen Parisen, bertzeak bertze Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, baina bertan behera utzi, eta asteburu honetako hitzorduaren garrantzia apaldu egin du.
Armistiziotik autodeterminaziora
Mende bat Gerla Handia amaitu zela
Erakusleihoa itsustu zaio
Lehen Mundu Gerra bukatu zuen armistizioaren mendeurrena oroitzeko, Macronek 72 herrialdetako agintariak hartuko ditu gaur Parisen. Aste honetako adierazpenengatik estu hartu dute Macron
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu