Epaileen izendapenari kontrol politikoa emanen dion erreforma bat onartu du Israelgo Parlamentuak

Bederatzi kidek osatzen dute Hautaketa Judizialerako Batzordea, eta horietatik bost epaileak dira gaur egun. Hurrengo parlamentuaren osaketan, ordea, hiru epaile egongo dira, eta gainerako seiak politikariak izanen dira.

Protestariak Israelgo Parlamentuaren aurka, 2023an, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE
Protestariak Israelgo Parlamentuaren aurka, 2023an, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE
Iratxe Muxika
2025eko martxoaren 27a
16:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelgo Parlamentuak lege erreforma bat onartu du gaur goizean, zeinak Hautaketa Judizialerako Batzordeari eragiten dion zuzenean; alegia, epaileak izendatzeko ardura duen taldeari. Hautaketa Judizialerako Batzordea bederatzi kidek osatzen dute: bost epailek edo abokatuk eta lau politikarik. Gaur onartutako lege erreformaren ondotik, berriz, sei ordezkari politikok eta hiru epailek osatuko dute Batzordea. 

Oposizioa Parlamentuak onartutako erreformaren kontra agertu da, eta gaur goizaldeko bozketan osoko bilkura utzi egin dute, «protesta» gisa, Israelgo hedabide batzuen arabera. Halaber, milaka israeldar atera dira Jerusalemgo kaleetara Knesseten —Israelgo Parlamentuaren— erabakiaren aurka protesta egitera. 

ACRI Israelgo Eskubide Zibilen Aldeko Erakundeak ohar batean salatu du lege zuzenketa hori «kolpe kritiko bat» dela independentzia judizialarentzat, eta, gainera, «arriskuan» jartzen dituela Israelgo «erakunde demokratikoak». 

Erreforma Israelgo Parlamentuaren hurrengo osaketan sartuko da indarrean, eta bederatzi kideak hauek izanen dira: Auzitegi Goreneko presidentea eta bertze bi epaile, Justizia ministroa —Batzordearen burua— eta gobernuak izendatutako bertze ministro bat, Knesseteko bi parlamentari —bata gobernuko alderdiek aukeratua eta bertzea oposizioak—, eta «ordezkari publiko» gisa parte hartuko duten bi abokatu —bata gobernuko alderdiek aukeratua eta bertzea oposizioak; Auzitegi Gorenaren oniritzia beharko dute—. 

ACRIk erran duenez, Batzordeko bederatzi kideek bozkatuko dute Auzitegi Goreneko epaile bat izendatzeko, eta aski izanen da bost botoko gehiengoa lortzea, gutxienez koalizioko ordezkari bat eta oposizioko bertze bat barne dituela. «Horrek erran nahi du epaileek ezingo dietela betorik jarri izendapenei, eta izendatutako epaile oro behartua egonen dela koalizioa zein oposizioa errespetatzera». 

Benny Gantz Israelgo lehen ministrorde eta Justizia eta Defentsa ministro ohia, Avigdor Lieberman oposizioko kidea eta Finantza ministro ohia, eta Yair Golan demokraten alderdiko presidentea elkarrekin bildu dira, eta adierazpen bat egin dute, hurrengo gobernuan lege zuzenketa indargabetzea eskatzeko eta epaileak politikarien borondatearen «menpe» geratzea eragozteko. 

Bien bitartean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari hainbat delitu leporatzen zaizkio; ustelkeria, iruzurra eta eroskeria, erraterako. Erreforma berriak zaildu eginen du epaileek lehen ministroaren ekintzen gainean eztabaidatu ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.