Epaileak ere haserre Egipton

Justizia Gorenak Mursi presidentearen dekretua gaitzetsi du, botere judizialaren independentziaren aurkakoa dela iritzitaOposizioko taldeek protestan segitzen dute; Anaia Musulmanek Mursi babestu dute

Arnaitz Lasarte.
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Oposizioko taldeak ez ezik, Egiptoko epaileak ere haserrarazi ditu Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak dekretu bidez aurkeztutako neurri sortak. Egiptoko Justizia Gorenaren arabera, «Botere Judizialaren independentziaren aurkako aurrekaririk gabeko eraso bat da». Presidente aukeratu zutenetik hartutako neurri guztiak «apelaezin eta behin-betiko» bihurtu ditu Mursik, konstituzio berria onartu bitartean. Justizia Gorenak deklarazio konstituzional horretatik aldentzeko deia egin dio presidenteari, Mena berri agentzia ofizialera bidalitako ohar batean: «Justizia eta epaileen inguruko kontu guztien arduraduna Justizia Gorena da, horregatik deitoratzen dugu aurkeztutako dekretua».

Egiptoko Epaileen Elkarteak grebara deitu ditu taldeko kide guztiak, eta agindua betetzen ez duena kargutik kenduko duela jakinarazi du. Elkarteko presidente Ahmed el-Zend haserre mintzatu da Mursiren dekretuari buruz: «Neurri horien bidez, Justiziaren independentzia gutxiesten da, haren kontuetan esku sartzen da; gainera, iritzi eta adierazpenaskatasunari txarrera eragiten dio». Aurretik, greba hasia zuten Alexandria hiriko epaileek, ostegunean onartutako dekretua atzera bota arte. Egiptoko bigarren hiriburu handiena da Alexandria. Auzitegietako eta bulegoetako jarduna etengo dute protesta gisa. Tahani al-Gebali Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordeak ere hitz egin du dekretuaz. Haren ustez, hartutako azken erabakiek presidente «ilegitimo» bihurtu dute Mursi.

Bitartean, herritarrek protestan jarraitzen dute herrialdeko hainbat hiritan. Oposizio ez islamikoko taldeek deituta, Kairo hiriburuan egin dituzte manifestazio jendetsuenak azken egunetan. 2011ko urtarrilaren 25eko iraultzaren erdigunea izandako Tahrir Plazan bildu dira herritarrak. Dozenaka manifestarik han igaro zuten ostiral gaua, hogei bat kanpin-denda jarrita.

Hamabost bat alderdik ohar bateratu batean adierazi dutenez, ez dute Tahrir Plazatik alde egingo Mursiren neurriak baliorik gabe gelditu arte. Haien ustez, Mursiren deklarazio konstituzionala «faxista eta totalitarioa» da, eta «faraoi berria» izatea egotzi diote: «Dekretu hori baztertu behar duEgiptoren askatasunarengatik kezkatuta dagoen iraultzaile orok». Oharra sinatu dutenen artean daude, besteak beste: Mohamed el-Baradei Bakearen Nobel sariduna buru duen Konstituzioaren Alderdia, Hamdin Sabahi presidentetzarako hautagai ohiaren Egiptoko Herritarren Mugimendua. Baita, Apirilaren 6 Gazte Mugimendua eta Alderdi Sozialdemokrata ere. Hamabost taldeek dei egin diete herritarrei datorren astearterako Kairon antolatu duten elkarretaratzean parte hartzera.

Orain arteko protestatan istilu ugari izan dira Poliziaren eta manifestarien artean. Larrienak hiriburuan bertan. Polizia manifestariei oldartu zitzaien ostiralean, eta dozenaka lagun zauritu ziren.Barne Ministerioak manifestazioa sakabanatzeko egindako ahalegina salatu du oposizioak.

Anaia Musulmanen babesa

Astearteko mobilizazioaren aurrean presidentearen aldeko herritarrak egongo dira. Izan ere, egun berean, Anaia Musulmanek aurkako manifestazio bat egingo dute hiriburuko Abdin Plazan. Gaur arratsaldeko errezoen ondoren ere, plaza guztietan presidenteari babesa erakusteko eskatu die herritarrei Anai Musulmanek.

Herrialdean dekretuaren aurkako protestak hasi zirenetik, asko izan dira Mursiri babesa erakutsi dioten herritarrak. Oposizioa Tahrir Plazan bildu zen bitartean, presidentearen jarraitzaileak Presidentearen Jauregiaren aurrean elkartu ziren, herenegun. Oposizioaren protestei erantzunez, jarraitzaileen aurrean agerraldi bat egin zuen Mursik. Aste honetan onartutako dekretua defendatu zuen. Azaldu zuenez, «egonkortasun politikoa, soziala eta ekonomikoa» lortzea da neurrien helburua, eta Egipto arriskuan ikusten ez badu, ez du asmorik dekretuak ematen dion botereaz baliatzeko. Oposizioarekin elkartzeko «prest» dago Mursi, «baina ez herrialdeko instituzioei eraso egiten dietenekin».

Nazioartea, kezkatuta

Azalpenak azalpen, nazioartea kezkatuta agertu da Mursik iragarritako neurriak direla-eta. Tartean AEBak. Victoria NulandEstatu Departamentuko bozeramailearen arabera, Egiptoko herritarrentzat zein nazioartearentzat, «kezkagarria» da Mursik hartutako erabakia: «Iraultzaren helburuetako bat zen, ziurtatzea boterea ez zela egongo pertsona edo erakunde baten eskuetan».

NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, berriz, boterea pertsona baten eskuetan uzteak, egoera «ziurgabe» bat eragin dezake Egipton. NBEko Giza Eskubideen Goi Mandatariak«oso kezkatuta» daudela adierazi du, dekretuak herritarren eskubideetan izan dezaketen eraginarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.