Espainiako Auzitegi Gorena bi asteren buruan da buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren epaia kaleratzekoa, eta horri eman beharreko erantzunak «malgua eta iraunkorra» izan behar duela nabarmendu zuten Kataluniako alderdi eta eragile zibil subiranistek, atzo, U-1aren erreferendumeko bigarren urteurrenean. Adierazpen bateratu bat mamitu dute, eta nahiz eta horrek ez dituen ekintza zehatzak jasotzen, erantzunari marko bat ezarri diote. Marko horren arabera, erantzunak hiru printzipio lehenetsiko ditu: askatasuna, errepresioa etetea, eta autodeterminazioa. Eta erantzuteko moduak behar du izan «masiboa, ez-biolentoa, eta desobedientzia zibil bakezaleari loturikoa».
Adierazpena plazaratzeko ekitaldia egin zuten Bartzelonan, eta parte hartu zutenen artean zeuden JxC Junts Per Catalunyako, ERC Esquerra Republicanako, eta CUPeko ordezkariak. Catalunya En Comukoak ere deituta zeuden, baina Jaume Asens alderdiaren bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi zuenez, ez ziren ekitaldira joan deialdia berandu jaso zutelako, eta ez zutelako «argi» zer «izaera» zuen.
Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak aurkezpenaren ondoren azaldu zuenez, espero du «erantzun instituzional eta politikoa behar bezalakoa» izatea, eta independentzia erdigunean jartzea. David Fernandez ANCko Idazkaritza Nazionaleko kideak herenegun aurreratu zuenez, Bartzelonan bukatuko diren hiru martxa antolatuko ditu biltzarrak sententziari erantzuteko.
Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak ere ekitaldian parte hartu zuen, eta uste du subiranismoa erantzun «bateratua eta kolektiboa» emateko gauza izango dela, eta «beste sentsibilitate politiko batzuek» ere bat egingo dutela.
Kataluniako Gobernuak, berriz, adierazpen instituzional bat egin zuen galdeketaren bigarren urteurrenaren harira. Gobernuko kontseilari guztiek parte hartu zuten Generalitatearen jauregian egindako ekitaldian, eta Quim Torra presidenteak eta Pere Aragones presidenteordeak hartu zuten hitza. Generalitateak U-1aren «espiritua» aldarrikatzen du, «aitzakiarik gabe» independentziarantz egiteko.
Galdeketaren ondare «bakezale eta demokratikoa» azpimarratu zuen Generalitateak, eta Espainiako Gobernuari mezu bat helarazi zion: «Gizarte heldu, arduratsu eta konprometituak modu bakezale eta demokratikoan adierazten dira». Kataluniako Gobernuaren iritziz, independentzia «ezin saihestuzkoa» da. «U-1a beti izango da sortze egun bat».
Katalunia guztian antolatu zituzten mobilizazioak atzo, eta Bartzelonan egin zuten urteurreneko manifestazio nagusia, iluntzean.
Zentsura mozioa
Katalunian, berriro, 155.a ezartzearekin mehatxatzen ari da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea azken egunotan. «Mehatxu bat» ez dela zehaztu zuen atzo, baina jakinarazi zuen jarduneko gobernu batek ere berdin-berdin aplika dezakeela: «Inongo arazorik gabe».
Kartzelatutako CDR Errepublikaren aldeko batzordeetako kideen auziari dagokionez — «terrorismoa» egozten die Auzitegi Nazionalak—, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Catalunya Radion atzo salatu zuen CDRekin lotzen duten filtratutako informazioen helburua dela bere kontrako euroagindua berriro aktibatzea: «Asmo horrekin ari dira niri terrorismoa egozteko ahaleginean».
Bestalde, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak astelehenerako deitu du Torraren aurkako zentsura mozioa. Ciutadansek aurkeztu zuen mozioa, eta Legebiltzarreko Mahaiak tramiterako onartu zuen, atzo.
Epaiari desobedientziarekin masiboki erantzutera deitu du subiranismoak
Kataluniako alderdi eta eragile independentistek ez dute zehaztu mobilizazio eredua, baina esan dute «iraunkorra» behar duela. Quim Torrak U-1aren «espiritua» eta independentzia aldarrikatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu