Enpresari batek esan du PSOEko hainbat karguduni legez kanpoko komisioak ordaindu zizkiela

Victor de Aldama enpresaria 'Koldo auzian' inputatuta dago, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen atzo. Ez du frogarik aurkeztu, baina epaileak baimena eman du behin-behineko espetxealditik ateratzeko. PSOEk akusazioak gezurtatu ditu.

De Aldama, bart Soto del Realeko espetxetik (Espainia) atera berritan. SERGIO PEREZ / EFE
De Aldama, bart, Soto del Realeko espetxetik (Espainia) atera berritan. SERGIO PEREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 22a
11:10
Entzun

Victor de Aldama enpresariaKoldo auzia deituriko ustelkeria kasuan inputatuta dago, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzioko Epaitegian deklaratu zuen atzo. Horren ostean, Soto del Realeko kartzelatik atera zen (Espainia). Enpresariak adierazi zuen 250.000 euro ordaindu zizkiola Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro izandakoari (2020-2021), eta 100.000 haren aholkulari Koldo Garciari, COVID-19aren pandemian, maskarak erosteko egindako adjudikazio batzuengatik. Ismael Moreno epailearen aurrean egindako adierazpenetan gaineratu zuen Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariari ere ordaindu ziola komisio bat, 15.000 eurokoa, eraikuntza enpresa baten lizitazioaren harira.

De Aldama behin-behinean espetxeratuta zegoen urriaren 10etik, hidrokarburoen sektorean egindako ustezko iruzur kasu batengatik. Ustelkeriaren kontrako fiskaltzak enpresaria aske uzteko eskatu zuen atzoko adierazpenen ostean, eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzioko Epaitegiko epaileak hartu zuen De Aldama aske uzteko erabakia, hura ari baita hidrokarburoen iruzur kasua epaitzen.

Pedro Sanchez Espainiako presidentearen bigarren agintaldian (2020-2023) du jatorria Koldo auziak. Gainera, enpresariak adierazpenak egin zituen Espainiako presidentearen emaztea, Begoña Gomez, barne hartzen duen kasu baten inguruan ere —ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik ikertzen ari dira Gomez—. Eta Sanchezi buruz ere hitz egin zuen: De Aldamak adierazi zuenez, Espainiako presidenteak bazekien Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordea Espainiara bisita egitekoa zela. Rodriguezek 2020ko urtarrilean lur hartu zuen Madrilgo Barajas aireportuan, debekatua bazuen ere Europako Batasunean sartzea.

Sanchezek enpresariaren adierazpenak gezurtatu zituen atzo arratsaldean, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Espainiako presidentearen hitzetan, De Aldamaren adierazpenak ez dira sinesgarriak, eta beraren, egungo gobernuaren eta PSOEren inguruan esandako guztia gezurra da. Espetxetik atera berritan, De Aldamak hedabideei ziurtatu zien esandako guztia frogatuko duela.

Enpresariaren deklarazioaren harira, oposizioak Sanchezen dimisioa eskatu zuen. Atzo arratsaldean Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako adierazpenetan, Alberto Nuñez Feijoo PPko burua prest agertu zen zentsura mozio batera deitzeko, eta «beste etapa bat» gidatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.