Geologoa eta Nafarroako Unibertsitateko irakaslea da Antonio Aretxabala (Vigo, Galizia, 1963). Lurrikaren gaian aditua da, baina zenbait lan egin ditu azpiegitura handien arriskuen eta beharren gainean.
Italian gertatu denaren gisako tragediak ez dira ohikoak Europan, baina halako azpiegiturek jasan ditzaketen kalteez ohartarazi duzu.
Gogoan dut Garesko zubia erori zenean, 90 urte bete berritan, 1982an. Gerra garaiak harrapatu zuen, eta, horrenbeste urte pasatu eta gero, mantentze lanak nahiko azalekoak ziren; azkenean, apurtu, eta erori egin zen. Eredu kapitalistaren ondorioa da. Lortu dugu hirien arteko lotura hobetzea, ezer ez zegoen lekuak eraikin eta etxez betetzea... hori guztia hormigoia baliabide nagusitzat hartuta. Hormigoiak, ordea, oso ibilbide historiko laburra du, 100 urte baino ez ditu. Proba ugari egin dira, eta badakigu urteak pasatu ahala hormigoia hondatu egiten dela, eta, beraz, eraikin bat zenbat eta zaharragoa izan orduan eta mantentze lan gehiago behar dituela. Erromatarrek eraikitako azpiegitura ugarik oraindik zutik jarraitzen dute. Gogoan dut behin pieza handi batzuk garraiatu behar genituela Galiziara, eta hara joateko bi bide genituela: bata, erromatarrek eraikitako zubitik pasatzea, eta bestea, zubi berri batetik. Lehena hartzea erabaki genuen, seguruagoa zelakoan.
Mantentze lanak, beraz, oso garrantzitsuak dira.
Etengabe eraikitzen ari gara azken ehun urteetan, baina enpresa eta arduradun askok garrantzia kendu diete mantentze lanei, eta hor dago ezbehar gehienak ulertzeko giltza. Arena zubia zaharberritzen amaitu zuten, Muskiz eta Kantabria lotzen ditu. Kalte txiki batzuk jasan zituen errepideak, baina, agintarien zabarkeriaren ondorioz, laukoiztu egin ziren kalteak. Milioiak balio izan zuten berritze lanek. Iruñea eta Donostia lotzen dituen errepidean ere, Bi Ahizpe dagoen lekuan, kalteak atzemangarriak dira, eta konponketak egiten ari dira. Gisa horretako adibide ugari daude.
Hormigoiak iraungitze data du, beraz.
Bai, mundu honetan denak du iraungitze data. Dena hormigoian oinarritzen da. Grabitate legea hautsi zuen hormigoiak, iraganeko eraikuntzen oinarriak apurtu zituen, eta gizakiaren aurkikuntza loriatsua izan zen. XX. mendean eraikin harrigarriak egin ziren hormigoiak eskaintzen dituen aukerak ustiatuz, ustez iraunkorragoa baitzen materiala. 50 eta 100 urte artean iraun dezake hormigoizko egitura batek. Eragina dute inguruak, klimak eta erabilpenak. Jakina, mantentze lanak behar bezala egin behar dira, eta arazoa da krisi garaietan behar horiek ez direla errespetatu, etaeraikuntza asko hondatuta daude, edo oso kaltetuta. Beraz, zaharberritze lanak egin beharko dira, eta dirutza balioko dute.
Zer-nolako kontrolak pasatzen dituzte azpiegitura horiek?
Protokolo batzuk bete behardira. Eraikinen kasuan, Eusko Jaurlaritzak 2012an jarraibide batzuk ezarri zituen, ikuskatze lanetarako lekuaren, eraikinaren urteen, materialen eta abarren arabera neurtzen direnak. Arenan, esaterako, 55.000 ibilgailu ibiltzen dira egunero, eta, beraz, ibilgailu jario txikiagoak dituzten errepideek baino maizago pasatzen ditu ikuskatze lanak.
Gizartea hipotekatuta dago eraikuntza lan horiekin?
Neurri handi batean, bai. Eraikuntza egitea denok onartu genuen, baina berehala ikusi genizkion belarriak otsoari. Jasangarritasuna bilatzea bigarren planora eraman da, eta norgehiagoka ugariren erdigunean geratu dira arkitektoak. Eraikuntza hauek mantentzeak zentzua galdu du, aurrekontuetan murrizketak egin behar baitira osasunean edo hezkuntzan. Zentzugabea da.
Antonio Aretxabala. Geologoa
«Enpresa eta arduradun askok garrantzia kendu diete mantentze lanei»
Azpiegitura handien jasangarritasuna bilatzea «bigarren planora» eraman dela uste du Aretxabalak. «Eraikin asko hondatuta daude, eta zaharberritze lanak egin beharko dira. Dirutza balioko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu