Klima larrialdia. Herri indigenak

Energia eskuratu nahian maputxeen lur sainduan

Indigenen protestek zentral hidroelektriko bat geldiarazi dute Txile hegoaldean. Statkraft enpresak aitortu du eremua sakratua dela maputxeentzat, baina beste zentral bat eraikitzen ari da inguru hartan bertan.

Bi herritar maputxe instrumentu tradizionalak jotzen, iazko urriko manifestazio batean, Santiagon. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Energia berriztagarria ekoizteko hainbat proiektu bere mugetatik kanpora garatu ditu Norvegiako Gobernuak. Statkraft estatu enpresak zenbait egitasmo jarri ditu abian Europan, Asia hegoaldean eta Hego Amerikan. Hain justu Hego Amerikan, maputxeen erresistentziarekin egin du topo; bereziki, Pilmaiken ibaiaren arroan, herri indigenarentzat sakratua den eremu batean. Statkraftek bi proiektu hidroelektriko aurkeztu zituen, eta bietako bat bertan behera utzi du, protestek behartuta.

Ikusi gehiago:Berdea ez da bidezkoa samientzat

Tokiko komunitate maputxeek lortu dute Osornoko proiektua geldiaraztea. Urtarrilaren 19an, egitasmoa bertan behera utziko zuela jakinarazi zuen enpresak, aitortuta zentrala hartzekoa zen eremua garrantzi kultural handikoa dela maputxeentzat. Maputxeen mundu ikuskeraren arabera, Kintuante izpirituaren bizilekua da toki hura. Ospakizun erlijiosoetarako gune tradizionala da, eta maputxeen antzinako arbasoen hilerri bat ere bada han.

Gatazka ez da desagertu, ordea, Statkraften atzerapausoarekin. Enpresak Los Lagosko zentralaren lanak amaitzeko erabakia berretsi du, hori ere maputxeentzat saindua den eremuan altxatzen ari den arren, Pilmaiken ibaian.

Azken liskarrak Los Lagosko zentral hidroelektrikoaren ondoan gertatu ziren, otsailaren 23an. Txileko karabineroek perdigoiekin tiroka desegin zuten maputxeen protesta, eta manifestarietako batek begi bat galdu zuen. Los Lagosko zentrala Los Rios probintzian dago, Santiago hiriburutik 900 kilometro hegoaldera. Dozena bat kilometrora zen egitekoa Osornoko zentrala.

Maputxeek gisa bereko proiektuak geldiarazteko mugimenduak sortu dituzte Txile hegoaldeko beste hainbat tokitan ere. Esaterako, Chiloe uhartean.

Hidrogenoa helburu

Statkraftek 920 milioi euroko inbertsioa iragarri du Txilen, eguzki energia sustatzeko iparraldean eta eolikoa hegoaldean. Gobernuak berriztagarriak hedatzeko kapitala erakarri nahi du, eta zabalkunde hori hidrogeno berdearekin lotuta dagoela azaldu du Gabriela Cabaña antropologoak. Txileko plangintza energetikoa ari da ikertzen London School of Economics unibertsitatean. «Gaur egun, Txilek zortzi gigawatt ekoizten ditu energia berriztagarrien bidez, eta 300 sortzea aurreikusten du 2050. urterako, hidrogenoaren industriarako bakarrik. Esportatzeko, gehienbat. Astakeria bat da».

Cabañaren esanetan, Alemania da Txile hidrogeno esportatzaile bihur dadin interes handiena agertu duen potentzia. «Deskarbonizaziorako duen estrategiaren parte da. Txile erabili nahi dute energia trantsiziorako. Hidrogeno berdea behar dute, baina ez dute energia berriztagarri nahikoa hura ekoizteko». Azaldu duenez, Alemania hidrogenoz hornitzeko hautagaietako bat da Txile, eta beste bat Namibia. Helburu berarekin, «Txinak interes handia du Brasilen, eta Australiak, Argentinan».

Energia trantsiziorako ezartzen ari den ereduak «ez du betetzen ez justizia ez nahikotasun irizpiderik», Cabañak salatu duenez. Ohartarazi du industriaren beharrak hartzen ari direla kontuan soilik, herritarren interesen eta eskubideen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.