Michel Barnier krisi betean itzuli da politikaren lehen lerrora. Frantziako lehen ministro berriak bai baitaki, Asanblean gehiengo argirik ez dagoen honetan, ziurgabetasun handiko garaiak direla, eta jokaleku horretan aritu beharko duela negoziatzen, etenik gabe, bloke politikoen artean. Barnierrek, hortaz, ezinbestean eta berehala egin behar izan die erreferentzia errealitate eta sentsazio horiei; Gabriel Attal karguan haren aurretik egondakoa alboan zuela, gobernuburu izendatuak «aldaketak eta hausturak» iragarri ditu gaur arratsaldean eman duen hitzaldian, eta, besteak beste, «indar politiko guztiak» errespetatzen dituela adierazi. Pare bat adierazpen, batetik, Emmanuel Macron presidentearekin distantzia markatzeko, kohabitazio baten atarian dauden honetan; eta, bestetik, gehiengoak osatzeko behar dituen alderdiei keinu bat egiteko.
Macron «egonkortasun eta batasun ahalik eta zabalena» berma dezakeen politikari baten bila aritu da asteotan. Kasik bi hilabete behar izan ditu horretarako, eta epe horrek agerian utzi du zeinen zaila izan den harentzat baldintza horiek guztiak betetzen dituen hautagai bat aurkitzea. Eta, halere, orain hasiko da egiazko proba: Barnierrek gobernu bat osatu beharko du, eta, batez ere, Asanblean horren aurkako zentsura mozio bati aurre egiteko nahikoa babes bermatu. Frantziako presidenteak berak eskatu dio hori, «herrialdearen eta frantsesen zerbitzura dagoen batasun gobernu bat» eratzeko, Eliseoak gaur eguerdian jakinarazi duenez.
Frantziako lehen ministro izendatua LR Errepublikanoak alderdikoa da, eta, beraz, hautaketa horrek agerian utzi du, aliantzen ikuspuntutik, nondik joko duen Barnierrek; eta, batez ere, zer alderdi lehenetsi dituen presidenteak asteotako negoziazioetan, hainbatetan aipatu duen «egonkortasun instituzionala» bermatze aldera. Horri begirako lehen erreakzioa LR alderdiarena berarena izan da, pozik agertu baita alderdikidearen izendapenagatik; eta aurreko legealdietan Macronen gehiengoa osatu duten indar politikoek ere —Renaissance eta Horizons, kasurako—, nahiz eta zalantza batzuk dituzten, begi onez ikusi dute, oro har, estatuburuaren erabakia.
Horien guztien babesa, ordea, ez litzateke nahikoa izango, eta lehen ministroak sostengu gehiago negoziatu beharko lituzke. Gaurko erreakzioak aintzat hartuta, baliteke RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoa izatea falta den pieza hori; Marine Le Pen RNren talde parlamentarioko presidenteak hedabideen aurrean adierazi du aukera bat emango diotela Barnierri, eta politika orokorreko diskurtsoa entzun arte itxarongo dutela afera horren inguruan erabakitzeko —lerro hauek idazterako, ez dute zehaztu noiz egingo duten saio hori—. Hortaz, RNk ez du «zentsura automatikorik» egingo; hori bai, Le Penek gobernuburu izendatuari eskatu dio RNko hautesleak «errespetatzeko».
Barnier ezaguna da, batez ere, EB Europako Batasunaren izenean brexit-a negoziatzeagatik Erresuma Batuarekin (2016-2019), baina horren aurretik ibilbide luzea egin zuen politikan. Esaterako, Frantziako Ingurumen ministro (1993-1995), Atzerri ministro (2004-2005) eta Nekazaritza eta Arrantzako ministro (2007-2009) izan zen; eta talde komunitarioan, Europako Batzordeko presidenteorde eta Barne Merkatuaren komisario (2010-2014). Hortaz, Macronek Frantziako lehen ministro izendatu izana bi mezu politiko bidaltzeko modu bat da: batetik, herrialdeko politikara begira, gobernuburu berriak baduelako esperientzia negoziatzen, hori egitea ezinbestekoa den garai honetan; eta, bigarrenik, EBra begira, han ezaguna delako, eta ospea duelako.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, behintzat, baikor aritu da gaur X sare sozialean izendapen horri buruz, eta esan du, «bere esperientzia luzeak frogatzen duen modura», badakiela Barnierrek «Europaren eta Frantziaren interesak» defendatuko dituela.
Frantziako gobernuburu berria kontserbadorea da, eta bere ideia politikoez 2021eko abenduan aritu zen azkenekoz jendaurrean, LR taldearen primarioetan lehiatu zenean 2022ko hauteskundeetarako bere alderdiaren presidentegai bilakatzeko —barne lehiaren lehen itzulian galdu zuen—. Orduko hartan, besteak beste, Frantziaren «subiranotasun juridikoa» aldarrikatu zuen EBko auzitegien aurrean, eta immigrazioa gelditzeko neurriak proposatu; gainera, erretretaren adina 62 urtetik 65era atzeratzea defendatu zuen. Gaur arratsaldeko hitzaldian, berriz, auzi hauetan jarri du arreta: «zerbitzu publikoetarako sarrera» izatea, «egunerokoan segurtasuna» bermatzea eta «immigrazioaren kontrola» izatea.
«Aipatu gabeko aliantza bat» eskuin muturrarekin
Zeregin horretan, RNk protagonismo handia izango du, NFP Fronte Popular Berria ezkertiarra osatzen duten alderdi nagusiek —LFI Frantzia Intsumisoak, PS Alderdi Sozialistak, EELV Europa Ekologia-Berdeek eta PCF Frantziako Alderdi Komunistak— gaur dagoeneko jakinarazi baitute Barnierren gobernua zentsuratuko dutela. Afera horretaz mintzatzerakoan, NFPk eta haren lehen ministrogai Lucie Castetsek, komunikatu baten bitartez, Macroni leporatu diote «aipatu gabeko aliantza bat» egitea eskuin muturrarekin, politikari eskuindar bat hautatu duelako, eta RNren babesa izango duelakoan.
NFPk lortu zuen ordezkaritzarik handiena iragan uztailean egindako Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzulian, baina ez du aulkien gehiengo osorik ganbera horretan, eta, beraz, errealitate hori argudiatu zuen Macronek, joan den abuztuaren 27an, Castets buru lukeen gobernuari ezezkoa emateko, nahiz eta Frantziako politikan ohikoa den ordezkaritzarik handiena duen alderdiari edo blokeari ematea lehen ministroaren kargua.
Hori aintzat harturik, LFIk Macron presidente postutik kargugabetzeko ebazpen proposamena aurkeztu zuen Asanblean iragan asteartean. Hori bai, NFPko aliantzakideen eta oposizioko beste alderdien erreakzioak kontuan hartuta, badirudi ez duela arrakastarik izango. Bien bitarterako, intsumisoek etzirako antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu dute gaur ere.