Kios hirian dago. Souda kanpalekuan. Errepidea gurutzatu, eta eraikin moreko eskailerak banan-banan igo ditu. Irribarre lotsati batekin agurtu ditu emakumeak: «Salam Aleikum!». Zapatak kendu ditu aretora sartzeko, baita buruko ilea estaltzen zion hijaba ere. Gizonik gabeko eremu batean dago, eta, une batez bada ere, babesturik sentituko da Athena emakumeen zentroan. Benetan nahi duena izango da etxe honetan: emakume askea. Maya Marquez gune horretako kidea da, eta emakume errefuxiatuen egoeraz mintzo da BERRIArekin: «Kanpalekuetako bizimodua oso gogorra da, eta emakumeek arazo gehiago sufritzen dituzte:sexu jazarpena, indarkeria matxista... Horregatik erabaki genuen gune hau sortzea, emakume iheslariek arnasgune bat izan dezaten». Txoko honetan, jarduera ugari dituzte, baina, beste ezer baino gehiago, babesa jasotzen dute, aurrera indarrez jarraitzeko hauspoa.
Mundu zabalean, askotan, andrazkoak arriskua du emakumea izateagatik soilik. Sistema patriarkalaren ondorio bortitza da. Arazo hori handitu egiten da larrialdi egoeretan, eta hori da, hain justu, egungo krisi humanitarioarekin gertatzen ari dena: emakume iheslariak ari dira pairatzen ondoriorik latzenak. «Kanpalekuetako familiek estres handia dute, eta bereziki emazteek sufritzen dute gehien. Ez dira seguru sentitzen, eta gauean kostata hartzen dute loa; tentsio hori itzalean daramate». Bakarrik sentitzen dira, ahul, eta askok beldurra dute. «Behin, emakume batek zera esan zidan: Soudan egunero hiltzen ari naiz; nahiago dut guztia amaitu, kanpalekuan beste egun bat gehiago igaro baino. Orduan ulertu nuen egoera benetan larria dela».
Athena zentroa iheslariek sufritzen dituzten arazoen lekuko mutua da. Errefuxiatuek barrurako gordetzen dituzten saminak guneko lau boluntarioekin partekatzen dituzte barruko korapiloa askatzeko. «Ongi zaintzen dugu haien bizitza pribatua; badakite kontatzen digutena ez dela hemendik aterako». Horregatik, proiektua erreferentziazko gune bat bilakatu da indarkeria matxistak sortzen dituen arazoei aurre egiteko. Psikologoak ere badira.
Indarkeriaren arazoa
Emakume errefuxiatuek hamaika problema dituzte, baina indarkeria da askok sufritzen duten larrienetakoa. Marquezek berak dio emakumeen osasun mentala ahulduz doala: «Askok esaten digute jaioterrian ez zutela inoiz jaso tratu txarrik; haatik, egoera gogor honetan, senar askok emaztea joz ateratzen dute barne frustrazioa. Europan daudenez, hots, beren herritik at, nahi dutena egin dezaketela uste dute». Bere buruaz beste egiten saiatu den emakumerik badago, baita ezinaren ezinez bere bizitza amaitu duenik ere.
Egoerak ez du mugarik. Hainbat erakunderen susmotan, prostituzio kasuak egon dira, baita pertsonen trafikoarena ere. Athenako boluntario batek emakume baten egoera du gogoan: «Prostituziora jo zuen bere seme-alabei jaten emateko».
Uztailean ireki zituen ateak emakumearen etxeak. Gabriel Tan-Tay suitzarrak sortu zuen proiektua. Kiosera iritsi ahurretik, Serbian eta Hungarian egon zen iheslariei laguntzen, eta emakumeen errealitatea gertutik ezagutu zuen. Bereziki babestu behar zirela ikusi zuen. Horregatik, uhartera heldu zenean, babesgune bat sortu zuen Europa eta Turkiaren arteko itunaren ondorioz Kiosen ez aurrera ez atzera geratu ziren emakumeentzako. «Luzerako geratu behar zutenez, haien bizi kalitatea hobetzea izan zen dinamikaren helburua», dio.
Kanpalekuetako emakumeentzako plaza morea da etxea. Goizez edo arratsaldez joateko parada daukate, eta, elkarrekin, arazo pertsonalak alde batean utziz, une atsegin bat igarotzeko aukera daukatela azaldu du arduradunak: «Hasieran, pixka bat kostatu zitzaigun andrazkoak erakartzea, baina, emeki-emeki, lehen erabiltzaileak etorri ziren. Horiek, gerora, beren alabak, lagunak eta amak ekarriz joan dira». Proiektuak emakumeen oniritzia jaso du dagoeneko. Urrian, esaterako, 300 erabiltzaile pasatu ziren handik. Gunea, halaber, kanpalekuetako mosaiko kulturalaren isla da. Hastapenetan, erabiltzaileen %90 siriarrak ziren; orain, ordea, jatorri askotakoak daude;Afganistan, Irak, Iran eta Etiopiakoak dira. 12 urtetik aurrera, emakume orok du proiektuan parte hartzeko aukera.
Jarduera ugari
Edonork eman dezake izena zentroak eskaintzen dituen jardueretan. Hizkuntza ikastaroek, adibidez, harrera ona daukate errefuxiatu eta migratzaileen artean; esaterako, ingelesa, alemana eta frantsesa lantzeko aukera daukate. Irudimenak ere badu bere tartea etxean. Batetik, adierazpen artistikoa lantzeko klaseak dituzte, eskulanak eta pintura, eta, bestetik, emakume asko kakorratz lanetan ibiltzen dira orduak eta orduak. Baina zumba eta yoga dira iheslarien artean jarduera kuttunenak. Emakumeek ez ezik, gizonek ere estimatzen dute proiektua. Marquezek dio senar asko joaten direla emazteari laguntzera: «Antzeman dugunaren arabera, gizonek nahiago dute euren emazteak hemen egotea, kanpalekuan egotea baino».
Athenaren besoetan babesa jaso dute, eta erronka ez da makala izan, baina, apurka-apurka, egonkortzen ari da proiektua. Tan-Tayk dio finantzaketa delaaurrera egiteko zailtasun handiena: «Orain arte, norbanakoek egiten dizkiguten ekarpenekin egiten dugu lan; ahalik eta independenteenak izan nahi dugu eta». Europak izan duen jarreraz ere etsipenez mintzo da: «Norbanakoak eta gobernuz kanpoko erakundeak ari gara larrialdi dei honi erantzuten, eta iheslariek behar dituzten nahiak eta zerbitzuak eskaintzen». Oraindik lan handia egiteko dagoela dio; baina indarrez eta ilusioz jarraituko dute emakumeei merezi duten zerbitzua eta babesa eskaintzen, eta, dinamikak izan duen harrera ona kontuan hartuta, hiriburuan beste egoitza bat zabaltzea pentsatzen ari dira: «Ea Atenasen beste gune more bat zabaltzea daukagun».
Emakumeentzako arnasgune
Athena emakumeen zentroa uztailean zabaldu zuten. Kios uhartera iristen diren emakume iheslarientzako babesgune bat da etxea, elkarrekin egoteko plaza morea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu