Afganistanen emakumeen eta nesken eskubideak desagerrarazi izanak, indarkeria matxista jasan izanak eta talibanek hezkuntzarako sarbidea trabatu izanak gero eta emakume gehiago bultzatu ditu beren buruaz bertze egitera. Afganistango Zan Times hedabideak eta The Fuller Project erakundeak egindako ikerketa baten arabera, emakumeak eta neskatxak ziren 2021eko abuztuan talibanek boterea hartu ondorengo urtebetean beren buruaz bertze egin edo horretan saiatu ziren gehien-gehienak.
Alison Davidian NBEko Emakumeen Saileko ordezkaria da Afganistanen, eta, adierazi duenez, «buru osasuneko krisi betean» da herrialdea, eta «emakumeen eskubideen krisiak» larriagotu egin du ataka estu hori. «Ikusten dugu nola orain gero eta emakume eta neska gehiagok nahiago duten hil, egungo bizimodu hau izan baino, beren bizia bizitzeko gaitasunaz gabetu baitituzte».
Nahiz eta zenbait erakundek oraindik baduten modua Afganistanen aritzeko, anitzek bertan behera utzi behar izan dute beren jarduna, talibanek debekatu egin baitzieten emakumeei bertako eta nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakundeentzat lan egitea. Orain, 11 milioi emakume eta neskatxa gelditu dira oinarrizko laguntzarik gabe, NBEko Emakumeen Sailak ohartarazi duenez, eta hetsi egin dituzte bizirik iraundakoentzako zentroak eta sexu esplotazioa prebenitzekoak.
Kabul hiriburuan emakumeen eskubideen alde aritzen den aktibista batek —ez du izenik eman nahi izan— BERRIAri berretsi dionez, herrialdeko emakume gehienak egoera kaskarrean bizi dira. «2021ean talibanen erregimena boterera itzuli zenetik ikusi dugun egoera arrunt kezkagarria da, batez ere emakume afganiarren buru osasunari eta ongizateari dagokienez. Emakumeen suizidioak hain larriki ugaritu izanak erakusten du, ezin era lazgarriagoan erakutsi ere, ingurune zapaltzaile batean bizi direla», kooperantearen erranetan.
«Historikoki, emakumeak Afganistango gizartearen parte izan dira, ekarpenak egin baitituzte hezkuntzan, osasun arretan, gobernantzan eta bertze zenbait arlotan. Bat-batean bizi publikotik baztertu izanak desesperazioa eta desesperantza piztu die anitzi», aktibistak azaldu duenez. «Mugak ezarri dizkietenez gero bai harat-honat ibiltzeko orduan, bai hezkuntzan eta bai lan arloan, emakumeek aukera gutxi dituzte bete-betean bizitzeko eta familia mantentzeko. Osasun arta egokirik ez izateak, ez eta buru osasuneko zerbitzurik ere, emakume horien sufrimendua handitu bertzerik ez du egiten. Gainera, haientzat larrimin iturri da lege babesik ez izatea eta bortxaketa bat pairatuz gero zigor zorrotzak bete behar izateko arriskua izatea».
«Bat-batean bizi publikotik baztertu izanak desesperazioa eta desesperantza piztu die anitzi»
Emakumeen aldeko aktibista bat Kabulen
Halere, aktibistak ez du itxaropena galdu, eta, nahiz uste duen emakume afganiarrak ataka mingarri eta estu batean daudela, argi du: «Afganistango emakumeen erresilientzia eta erabakitasuna inspirazio iturri izan da beti mundu zabaleko emakumeentzat». Eta zera gehitu du: «Nahiz eta agintean diren despotek behin baino gehiagotan zapuztu dituzten gure ahaleginak, emakume horiekin solidario izatea dagokigu, eta tai gabe lan egitea haien ahotsa aditu dadin eta haien eskubideak errespetatu daitezen».
Datu ez-ofizialak
2019ra arte, hau da, datu ofizialak dauden azken urtera arte, beren buruaz bertze egindakoen artean gizonezkoak gehiago ziren emakumezkoak baino. Talibanek agintea eskuratu zutenetik, ordea, emakumeak eta neskatxak dira beren buruaz bertze egin duten gehien-gehienak. Hala giza eskubideen aldeko aktibisten nola gobernuz kanpoko erakundeen eskaerak goiti-beheiti, talibanek behin baino gehiagotan uko egin diote adierazpenak egiteari suizidio tasen eta erreportaje honetarako bildutako datuen gainean.
Afganistango Tolo News albiste katearen arabera —zeina talibanek toleratzen baitute—, azken urtean bederen 347 lagun saiatu dira beren buruaz bertze egiten Afganistango bederatzi probintziatan, eta horietatik gutxienez hirurogei hil dira. Badakhxan probintzia da zerrendako lehenbizikoa, 251 suizidio saiakera erregistratu baitituzte han. Probintzia ospitaleko zuzendariak berak, Homyayoun Frootanek, baieztatu egin du suizidio saiakeren zenbatekoa, eta adierazi emakumeek eginak direla horietatik 188, eta gizonek eginak 62.
24 orduko albistegi kate horrek zabaldutako erreportajearen arabera, Ghor probintzia dago Badhxanen gibeletik: han, hamalau lagun saiatu dira beren buruaz bertze egiten; Khosten, 11; Sar-e Polen, zazpi; Nangarharren, bortz; Maidan Wardaken, bertze bortz; Bamiyanen, hiru; Urozganen, bi; eta Kapisan, berriz, bat. Kapisakoak saioa egin bakarrik ez, lortu ere egin zuen bere buruaz bertze egitea.
Bamiyan probintziako komandanteburu Sadidqullah Xaheenek erreportaje horretan dioenez, «hiru suizidio saiakera» erregistratu dituzte, eta «itxura du familiako indarkeria dagoela horien gibelean». Ghor probintziako segurtasun departamentuko buru Mustafa Haqqaniren hitzetan, bertzalde, «zailtasun ekonomikoek eta familiako indarkeriak» eragindakoak dira han izandako suizidio saiakerak. Qadeer Baran psikologoak Tolo Newsi emandako elkarrizketan erran zuenez, «batez ere familiako indarkeriaren, pobreziaren, analfabetismoaren, ezjakintasunaren, etxerik ez izatearen, langabeziaren eta etorkizun ziurgabe bati buru egin behar izatearen ondorio» dira suizidio saiakerak.
Herrialdeko probintzia batean bakarrik izan dira gizonezko gehiago bere buruaz bertze egiten saiatu direnen eta lortu dutenen artean: Nimruzen, preseski. Izan ere, probintzia hori izan ohi dute abiapuntu legez kanpo Iranera jo eta handik Europara emigratu nahi dutenek. Bidean harrapatzen ez dituztenek beren buruaz bertze egiten dute maiz, han bertan. Herrialdeko gainerako eskualdeetan, berriz, emakumezkoak dira beren buruaz bertze egiten ahalegintzen diren gehienak, tartean direla hainbat preadoleszente eta adoleszente.