Euri sasoia da Costa Rican. Goizean bero egin duen arren, apenas ordu erdian ilundu da oskarbi zegoen zerua, eta gogotik hasi du euria Los Chilesen, Costa Rica iparraldean. Herrialdeko Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitako abokatu Annie Rodriguezek (1994, San Jose) San Josen dauka bulegoa, baina iparraldera etorri da pare bat egunerako, eremu horretatik igarotzen diren migratzaileen egoera gertutik azaltzeko. Costa Rican errefuxiatu estatusa edo bizitzeko baimena eskatu nahi duten migratzaileen zalantzak argitzea da haren jardunaren zati handi bat, eta prozesu horien xehetasunak azaldu dizkio BERRIAri eta Pikara Magazine aldizkariari.
Zenbat itxaron behar da Costa Rican errefuxiatu estatusa lortzeko?
Eskaera egiten duen pertsonaren egoeraren araberakoak dira epeak, baina, oro har, luzeak izaten dira. Prozesu gehienek hilabeteak irauten dute, eta batzuek urteak ere bai.
Baldintzak berak dira papergabe guztientzat?
Ez erabat. Emakumeen eskaerak gehiago korapilatu ohi dira.
Zergatik?
Ba, adibidez, eskaera egiten dutenean Costa Rican jaiotako haur bat dutelako. Kasu horietan, errefuxiatuentzako zerbitzura iritsi, eta hor esaten diete haiek ezin dituztela artatu. Haurra Costa Rican jaiotzen bada, ezin dute errefuxiatu estatusa eskatu; Costa Rican bizitzeko baimena eskatu behar dute derrigor.
Antzeko zerbait gertatzen zaie Costa Ricako herritar batekin ezkontzen diren emakumeei: esaten diete aldi baterako bizitzeko baimena eska dezaketela, baina baimen hori bertan behera geratzen da bikotea banantzen bada.
Eta zer desberdintasun daude errefuxiatu estatusaren eta bizileku baimenaren artean?
Costa Rican bizitzeko baimenak egonkortasuna ematen du; betiere, baimena aldi baterako ez bada. Baina ez du errefuxiatu estatusak ematen duen nazioarteko babes politikoa eskaintzen, eta horrek ondorio latzak izan ditzake migrantearentzat, hala nola herrialdetik kanporatzea edo bizileku baimena kentzea. Gainera, nabarmen garestiagoa da, errefuxiatu estatusa eskatzea doakoa baita.
Zenbat balio du?
Lehenbizi, 98 dolar inguru ordaindu behar dira eskaera egiterakoan; gero, estatus aldaketa aitortzeko, 200 dolar; eta, azkenik, beste hainbeste DImex-a, Migrantearen Nortasun Agiri Nazionala, jasotzeko.
Eta seme-alabak hiltzen badira, baimena galdu dezakete?
Bai, horrelaxe izaten da. Ez diete egun batetik bestera kentzen baimena, baina emakume askori gertatzen zaiena da haurra hil ondoren ez dietela uzten DImex-a berritzen.
Haur horien aitei ez zaie halakorik gertatzen?
Ez, ez dugu gisa horretako kasurik ikusi. Emakumeei soilik gertatzen zaien zerbait da, eta erabat diskriminatzailea da.