Vatikanoa

Emakumeek Vatikanoko sinodoan bozkatu ahalko dute lehenbizikoz

Gutxiengoa izango dira emakumeak (%11) gotzainen sinodoaren batzar orokorrean; urrian ekingo diote. «Aldaketa» bai, baina «ez da iraultza», sinodoko ordezkarietako baten arabera.

XII. Gotzainen Sinodoaren Ohiko Asanblea Orokorra. DANILO SCHIAVELLA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko apirilaren 27a
16:23
Entzun

«Arrakala esanguratsua da beirazko sabaian». Horrela definitu du Emakumeen Ordenazioaren Konferentziak Vatikanoaren azken erabakia. Gaur egun arte, emakumeak behatzaileak baizik ez ziren Gotzainen Sinodoaren Ohiko Batzar Orokorretan; urritik aurrera, ordea, bozka eskubidea izango dute. Urte luzez, Elizak «kontra egin dio» emakumeei benetanahotsa emateari; aitortu gabeko «arrazoia beti izan da sexismoa», adierazi du emakumeen konferentziak.

Dena dela, gutxiengoa izango dira emakumeak batzarrean. Hamarkada luzez, gotzainek izan dute boto eskubidea. Horiek ez ezik, Elizako kideak diren gutxi batzuek ere bozkatu ahal izan dute —gizonak guztiak—. Vatikanoak iragarri duen aldaketarekin, behatzaileak izan ohi diren kide gutxi batzuk boza eman ahalko dute: bost emakume eta bost gizon erlijiosok.

Sinodoaren batzar horietan, auditore talde bat ere egon ohi da orain arte; urrira begira ezabatuko dute. Horren ordez, «beste fededun batzuk ordezkatzen dituzten» 70 kideko taldea eratuko dute, boto eskubidea izango dutenak. Horietatik erdiak inguru emakumeak izango dira.

Aurreikusten da laurehun lagun inguruk parte hartzea XVI. Gotzainen Sinodoaren Ohiko Batzar Orokorrean; 370ek eman ahalko dute botoa, eta bostetik bat baino zerbait gehixeago izango dira gotzainak ez direnak. Horiek horrela, 40 bat emakumek izango dute ahotsa (ia %11).

Jean-Claude Holleric sinodoko ordezkarietako baten ahotan, «aldaketa garrantzitsua da, baina ez da iraultza». Gogoratu du aldaketak aldaketa batzarra gotzainena izango dela «aurrerantzean ere», «gehiengoa» izango direlako. «Kide berri hauek lekuko gisa» ulertu behar dira.

Batzar orokorretan biltzen da sinodoa urte gutxian behin, eta Eliza katolikoaren kezkez eta eraldaketez eztabaidatzeko ardura du. Hainbat proposamen bozkatzen dituzte horietan. Aita Santuak du, halere, azken hitza, eta haien iritziak entzun ostean osatzen du testu propioa. Aurtengo urrian ekingo diote, eta urtebete inguru iraungo du.

1965ean sortu zuten Gotzainen Sinodoa, Aita Santuari Eliza katolikoa gidatzen laguntzeko. Hamarkada luzez eskatu dute Eliza katolikoko emakumeek errepresentazio handiagoa izatea haren egituran bertan. Emakumeen Ordenazioaren Konferentziak espero du sinodoak «etorkizun hurbilean jainkoaren herria guztiz ordezkatzea». Oraintsu arte, bide horretan aldaketarik esanguratsuena izan da Nathalie Becquart erlijiosoa gotzainen sinodoko idazkariorde izendatzea. Hark ere badu bozkatzeko aukera, idazkariorde den aldetik.

Azken urteetan ozendu egin dira emakumeek batzarretan aktiboki parte hartzeko eskakizunak. Gero eta emakume gehiago parte hartuz joan dira, betiere aditu edo auditore gisa. Mario Grech sinodoko idazkari nagusiak adierazi du Becquarten izendapena «atea irekitzea» izan dela bozketaren aferan: «Ikusiko dugu zer aurrerapauso eman daitezkeen etorkizunean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.