Hego Sudango armadak eta milizia aliatuek «emakumeak bahitu, bortxatu eta bizirik erre» dituztela dio NBEk argitaratutako txosten batek. Nazioarteko erakundeak Hego Sudanen duen misioaren arabera, «basakeria eta intentsitate maila handiago batek» ezaugarritzen ditu 2013ko abendutik dirauen gerra zibilaren azkeneko talkak.
Txostena osatzeko, 115 biktima eta lekuko elkarrizketatu dituzte nazioarteko erakundeko langileek. Ikerketek argitu dute gutxienez 172 emakume eta neskato bahitu eta bortxatu dituztela Hego Sudango soldaduek. Testigantzen artean, haurren aurrean bortxatutako eta etxean bizirik erretako emakumeen kasuak aipatzen ditu txostenak. Bizirik iraun duten lekukoen arabera, armadako soldaduek zibilak hil, herrixkak suntsitu eta 100.000 iheslari eragin dituzte matxinoekin izandako azken borroketan. Txostenak ohartarazi du gerra zibila «desberdintasun politikoetatik harago» doan gatazka bilakatu duela krudeltasun maila horrek.
Salva Kiir presidentearen bozeramaile Ateny Wek Atengek adierazi du ez duela sinesten armadak basakeria horiek egin izana. Ostera, onartu du txostenak dioena «serioegia» dela «ez ikusiarena egiteko». Gobernuak azaldu du txostena ikertu eta neurriak hartuko dituela.
Jarrera hori ez dator bat Hego Sudango armadak duenarekin. NBEk salatu du armadak oztopoak jarri dizkiela txostena egiaztatzeko lanei, eta intereseko guneetara sartzea ukatu dietela langileei. Eragozpen horiek ikusirik, beste bi gune osagarri bisitatu behar izan dituzte txostena egiteko. «Bere eginbeharra betetzeko eta bortxaketak jazotako eremuetara sarrera bermatzeko» eskatu dio NBEren misioaren buru Ellen Margrethe Loejek armadari. Salaketa horiei aurre egiteko, armadaren bozeramaile Philip Aguer Panyangek armadaren jokabidea aldeztu du: «Oztoporik balego, NBEk armadari kexa azaltzeko eskubidea du».
Gerra zibilak urte eta erdi
Hego Sudanek 2011. urtean aldarrikatu zuen independentzia, baina ordutik gatazka etengabean murgilduta egon da herrialdea. Gerra zibila 2013ko abenduan piztu zen. Salva Kiir presidenteak estatu kolpe bat antolatzea egotzi zion Riek Machar presidenteordeari. Hark salaketa ukatu zuen, baina armada errebelde bat antolatu zuen gobernuaren aurka borrokatzeko.
Gatazkak milaka pertsona hil ditu, eta milioika iheslari eragin. 2015eko martxoan bake elkarrizketak hautsi ziren, eta gatazkak goraldi nabarmena izan zuen. Apirilean, gobernuak matxinoen aurkako beste erasoaldi bat hasi zuen; talka nagusiak Al-Wahda (Unity) estatuko iparraldean gertatu ziren. Herrialdeko petrolio erreserba nagusiak han daude, hain justu.
Emakumeak, soldaduen jostailu Hego Sudanen
Andrazkoak bahitu, bortxatu eta hiltzea egotzi dio NBEren misioak armadari.Gobernuak salaketa ukatu du, baina ikerketa bat agindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu