Nazioarteko harremanen inguruan idaztean eta ikertzean jorratzen diren gaiek hiru ezaugarri komun dituztela iritzi dio Itziar Mujika Chao EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak: segurtasuna, gerrak eta gizonak. Gizon horiek, gainera, ezaugarri jakin batzuek dituzte: «Irudietan agertzen diren gizonak, orokorrean, bisaia oso maskulinoak dituzte; iparralde globalekoak dira, zuriak eta goi klasekoak». Nazioarteko harremanak terminoari dagokion rol nagusia nork jokatzen duen jakiteko, «erdigunean nor eta zer» jartzen den izan behar da kontuan. Gauzak horrela, haren ustez, agerikoa da sistema maskulinizatu bat dela.
Horren inguruan eta feminismoak nazioarteko harremanetan duen eraginaz mintzatu ziren herenegun Mujika eta Iratxe Perea Ozerin EHUko irakasle eta ikertzailea, EHUko Geopolitikaz taldeak antolatutako Nazioarteko politikaren maskulinizazioa eta feminismoak Nazioarteko Harremanetan mahai inguruan, Bilboko Espainiako Bankua kalean unibertsitateak duen eraikinean. Geopolitikaren egungo sistema hiruki batean oinarriturik dagoela ondorioztatu dute. Erpinek elementu bana dute, eta elkar elikatzen dira: militarismoa, kapitalismoa eta patriarkatua. Feminismoak sistema horren oinarriei kritika egiten diola esan du Mujikak; hala ere, feminismoaren barruan ere askotariko iritziak daude: «Ezin da feminismo bakar batez hitz egin. Pluraltasun handia dago, eta barne talkak ere egoten dira».
Barne talka horietako asko militarismoak eragiten ditu: «Feminismo batzuen ustez, sistema maskulinizatuaren aurka egiteko, emakumeek armadan zein bestelako indar armatuetan egon behar dute. Beste batzuek, ordea, emakumeak egon arren, militarismoa patriarkatuan oinarriturik dagoen elementua dela uste dute, eta, beraz, abolizioa bilatzen dute». Gune militarizatuak ez dira tradizionalki egon feminismoarekin kontaktuan. «Feminismoa ez da botere guneetan egon tradizionalki; Atzerri Ministerioetan edota aholkulari lanetan bake prozesuetan, esaterako», esan du Pereak. Hori, baina, azken bi hamarkadetan aldatzen ari dela nabarmendu du ikerlariak.
«[Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko adierazpenak] Gomendio gisa hartzeak emakumeen segurtasuna eta giza eskubideak debaluatzen ditu»
IRATXE PEREA OZERIN EHUko irakaslea
«Espazio mainstream» horietara heldu eta protagonismoa izateko hiru tresna edo bide egon direla adierazi du Pereak: nazioarteko erakundeak; estatua eta haren atzerri politikak; eta bake prozesuak. Feminismoak nazioarteko erakundeak historikoki «leku estrategikotzat» izan dituela nabarmendu du; «eszenatoki propioetan» —hau da, estatuan eta haren atzerri politikan— «zailagoa» izan baitu eragitea. 1990eko hamarkadatik aurrera hauspotu da, nagusiki, bide hori. NBE Nazio Batuen Erakundeak 1993an eman zuen pausorik garrantzitsuenetariko bat: Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzearen Aldeko adierazpena sinatu baitzen. Gaur egun, 183 estatuk egin dute bat adierazpen horrekin. Perearen ustez, adierazpenak berebiziko garrantzia du emakumeen aurkako indarkeria «nazioarteko segurtasunaren aurkakotzat» jotzen duelako. «Horri esker, bake prozesuetan eta nazioarteko politikan feminismoa sartu da».
1999ko adierazpena sinatu duten zenbait herrialdek erreparoen artean egin dute. Saudi Arabian, adibidez, kontraesanik egongo balitz NBEren adierazpenaren eta herrialdeko legeen artean, estatuaren legeek dute lehentasuna. Hori dela eta, «gomendio» izaera hartu du testuak, Perearen ustez. «Gomendio gisa hartzeak emakumeen segurtasuna eta giza eskubideak debaluatzen ditu», gaineratu du irakasleak.
Sistema elikatu
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kasua erabili du Pereak nazioarteko erakunde horiek parekidetasuna bultzatzeko duten era kritikatzeko. Emakumeak erakunde horien parte izan arren, sistema patriarkala elikatzen jarraitu daitekeelako. «Arazoa agian ez da ikuspuntu feminista, baizik eta erakunde horien egitura bera», esan du Pereak. Gainera, Mujikak adierazi du generoaren afera jorratzeko era ere ez dela egokiena: «Generoaren mobilizazio kontzienteak ez du esan nahi feminismoaren garaipen bat denik».
Bake prozesuei dagokienez, deigarria da parekidetasunik eza. Negoziazioetan emakume gutxi batzuk egoten direla salatu du Pereak; eta gaur egun Mendebaldean zeresana ematen ari den gatazka bat aipatu du: Ukrainako gerra. «Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake negoziazioetan ez da emakumerik egon», gaitzetsi du EHUko irakasleak. Hala ere, testuinguru horietan ere feminismoak «geroz eta rol garrantzitsuagoa» duela nabarmendu du.
«Generoaren mobilizazio kontzienteak ez du esan nahi feminismoaren garaipen bat denik»
ITZIAR MUJIKA CHAOEHUko irakaslea
Geopolitikaren eta feminismoaren arteko harremana urteetan aldatuz joan da. Mujikak azaldu duenez, gatazka armatuetan emakumeak non zeuden argitu nahi zuten galderari tiraka hasi ziren ekarpen teorikoak. Gero, 1990eko hamarkadan birformulazio bat egon zen: «Zenbateraino den generoa botere sistema bat zeinak nazioartea deitzen diogun hori egituratzen duen». Diziplina gaur egun hirugarren aldi batean sartu dela uste du, «queer begirada batetik» jorratzen hasi baitira.