Leedseko (Erresuma Batua) Unibertsitateko ikasle saudiarabiar bati 34 urteko espetxe zigorra ezarri diote bere Twitter kontutik Saudi Arabiako Gobernuarekiko disidenteak eta ekintzaileak jarraitzeagatik. Salma al-Xehab izena du emakumeak; 34 urte ditu, eta bi haurren ama da.
Saudi Arabiako terrorismoaren auzitegiak leporatu dio «istilu publikoak» eragitea eta «segurtasun zibila eta nazionala ezegonkortu» nahi duten Twitterreko kontuak jarraitzea eta txioak birtxiotzea. Epaia Joe Biden Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Saudi Arabiara bisita egin eta aste batzuetara eman dute. Aurretik, giza eskubideen aldeko ekintzaileek emana zuten abisua: presidentearen bisitak erreinua adoretu zezakeen disidenteen eta demokraziaren aldeko beste ekintzaile batzuen aurkako errepresioa areagotzeko. Hala izan da.
Xehab Erresuma Batura joan zen 2018. urtean, Leedseko Unibertsitatean doktoretza bat egitera. 2020ko abenduan itzuli zen Saudi Arabiara oporretan, eta bi semeak eta senarra berarekin Erresuma Batura eramateko asmoa zuen. Orduan, Saudi Arabiako agintariek galdeketa bat egin zioten, eta azkenean atxilotu eta epaitu egin zuten bere txioengatik.
Hasieran hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Egotzi zioten Interneteko webgune bat erabiltzea «istilu publikoak» eragiteko eta «segurtasun zibila eta nazionala ezegonkortzeko». Fiskal batek, ordea, auzitegiari beste ustezko delitu batzuk kontuan hartzeko eskatu zion, eta apelazio auzitegi batek astelehenean eman zuen epai berria: 34 urteko espetxealdia ezarri dio.
Salma al-Xehaben sare sozialak
Xehab ez da ekintzaile bereziki ospetsua Saudi Arabian, ezta Erresuma Batuan ere. Instagramen bere burua honela deskribatzen zuen: hortzetako higienista, mediku hezitzailea, Leedseko Unibertsitateko doktoregoko ikaslea eta Nourah bint Abdulrahman Printzesa Unibertsitateko irakaslea; baita Noahren eta Adamen ama ere.
Twitterren berriz, COVID-19ari buruzko txioen eta bere semeen argazkien artean, Xehabek erbestean bizi ziren Saudi Arabiako disidenteen txioak birtxiokatzen zituen, erresumako preso politikoak askatzeko eskatzen zutenak. Horretaz gain, Loujain al-Hathloul Saudi Arabiako ekintzaile feminista ere babesten zuen.
Saudi Arabiako Giza Eskubideen Europako Erakundeak Xehaben epaia gaitzetsi du, ekintzaile baten aurka emandako luzeena dela esanez. Adierazi duenez, ekintzaile askori epaiketa bidegabeak egin zaizkie, eta, horien ondorioz, epai arbitrarioak eman dira; «tortura larriak» jasan dituztela ere gaitzetsi du.