Hogei urtez Mediterraneoko migrazio ibilbideak izan ditu aztergai Camille Schmoll geografoak (Paris, 1977). Txalaparta argitaletxeak gaztelerara itzuli du haren azken liburua: Les damnées de la mer. Femmes et frontières en Mediterranée (Itsasoko kondenatuak. Emakumeak eta mugak Mediterraneoan). Italiako eta Maltako kostaldeetan egindako ikerketa lanetan eta elkarrizketetan oinarritu da liburua idazteko, eta emakume migratzaileengan jarri du arreta.
Emakume migranteak dira liburuko protagonistak. Zergatik?
Orain arte migrazioari buruz egin diren lan akademiko gehienek, edo ia guztiek, gizon migratzailea hartu dute oinarritzat. Mediterraneoko migrazio ibilbidearen inguruko kontakizun tradizionalaren arabera, emakume migratzailea ez da existitzen; eta, horregatik, ikerketari ekin nionean, ez nekien ziur emakumeak izango nituen aztergai. Gero konturatu nintzen liburua izan zitekeela emakume migratzaileen bizipenak argitara emateko eta euren egoera hobeto ulertzeko modu bat.
Liburuan aurka egin diozu orokortutako ideia honi: Mediterraneoa zeharkatzen duten migrante guztien helmuga Europa dela.
Pertsona batek migrazio proiektuari ekiten dionean, ez daki zehazki nora iritsiko den, eta ez du zertan Europarekin itsututa egon. Migratzea oso garestia da, bai ekonomikoki, bai emozionalki. Euren jaioterriak uzten dituzten gehienek nahiago dute ondoko herrialdeetara joan, baina, bidean sortzen diren erronken, oztopoen eta gertaeren ondorioz, askok Europara joatea erabakitzen dute. Toki batetik bestera joan ahala etengabe aldatuz doan proiektu bat da migrazioa. Eta askotan Europak berak bultzatzen ditu hona.
Zer esan nahi duzu?
[EBk] Indarrean dituen migrazio politikak oso kontraesankorrak dira. EB Europako Batasunak Libiarekin eta Tunisiarekin egindako migrazio akordioen helburua da Mediterraneoa migratzaile gutxiagok zeharkatzea, eta, horretarako, kostalde horietako mugazainak entrenatzen eta finantzatzen ditu. Baina politika horiek Afrikako herrialdeetako egoera ezegonkortzen dute. Tunisian eta Libian, adibidez, EBrekin migrazio akordioak egin zituztenetik, geroz eta jarrera arrazistagoak ari dira orokortzen; duela hainbat urte han lasai bizi ziren migratzaile batzuek horregatik erabaki dute orain Europara iristen saiatzea.
Migrazio politika horiek badituzte beste ondorio batzuk, edo?
Bai. Esaterako, lotura estua dago migrante trafikatzaileen eta EBren migrazio politiken artean. Europako Batasunak geroz eta diru gehiago jartzen du Libiako eta Tunisiako mugetan segurtasuna handitzeko, eta, ondorioz, geroz eta zailagoa da kostalde horietatik Europarako bideari ekitea. Libian, gainera, kostako mugazain askok trafikatzen dute migranteekin, eta haiei bideratuta dago EBren migrazio politiken diru kopuru handi bat; hortaz, esan genezake Europako Batasuna trafikatzaileak finantzatzen ari dela.
Liburuan jaso duzu sare kriminal horien biktima gehienak emakumeak direla.
Bai, baina hor ere Europak badauka zerikusia. Emakume afrikarrak hipersexualizatuta daude hemen, batez ere Saharakoak eta Nigeriakoak. Asko eta asko, Europara iritsi ondoren, sexu trafikorako hartzen dituzte, beste batzuk migrazio ibilbidean hartzen dituzte, eta beste hainbat, migrazioari ekin baino lehen. Emakume horien zain eta bila dauden gizonek promesak egiten dizkiete, eta, gehienetan, emakume migranteak hain daude egoera prekarioan, non ez baitute onartzea beste aukerarik.
Ikerketa egiten ari zinenean, Italiako eta Maltako migratzaileentzako zentro batzuetan izan zinen. Nola zeuden zentro horietan?
Ez naiz migratzaileentzako zentro guztietan egon, baina egon naizenetan indarkeria handia zegoen. Zentroetako langileekin hitz egiteko aukera izan nuen; oso frustratuta daude. Gehienak gizarte hezitzaileak, psikologoak eta soziologoak dira, baina Polizia lanak egitera behartzen dituzte. Guztia kontrolatzea da haien lana, une oro. Sartu eta berehala nabari da giroan: zaintza eta mesfidantza handia dago emakume migranteekiko.
Egiten dutena egiten dutela, errieta egiten diete. Zoriontsu badaude, harritu egiten dira: «Nola egon daitezke pozik? Orduan ez dira benetako errefuxiatuak»; eta, triste edo burumakur badaude, pozik egoteko esaten diete, Europan daudelako.
Eta, halere, liburuan behin eta berriz arbuiatu duzu emakume migranteak biktima gisa aurkezteko joera.
Emakume migranteak beti irudikatu eta aurkeztu ditugu era horretan: zaurgarriak, biktimak… Eta hein batean, egia da, ezin da ukatu emakumeak zenbait indarkeria mota jasaten dituela. Baina horrek ez du esan nahi ez dutenik borrokarako kemena. Emakume migranteak ez dira superheroiak, ezta biktimak ere; gehienak erdibidean daude.
Gero eta gehiagotan dira albiste bakarrik migratzen duten emakumeak, eta hori ere gaitzetsi duzu.
Bai. Hasteko, migrazioa ez da sozialki bakandutako prozesu bat. Berdin dio bideari bakarrik ekin diozun, aurrera egin ahala beste jende bat ezagutuko duzu. Etxekoekin duten harremanari eustea ere ohikoa izaten da; haiei dirua bidaltzeko edo eskatzeko, edo bidea nola doan kontatzeko. Sare horiek guztiak migrazio ibilbidearen parte dira; hortaz, migrazioa oso fenomeno soziala da. Bestalde, emakumeak ez dira orain hasi bakarrik migratzen; baina ikertzaileak orain hasi dira emakume horiei buruz hitz egiten.