Emakume kurduak kalera aterako dira Martxoaren 8an, askatasunaren eta bakearen alde

Aurtengo Martxoaren 8a ez da gainerakoak bezalakoa izango, Abdullah Ocalanek mezu berezi bat bidali baitie emakumeei. Biharko eguna «berriz hasteko abiapuntu bat» izango dela iritzi diote emakume kurduek.

Kurdistango emkaume talde bat, iragan otsailean, Dityarbakirren. STRINGER / EFE
Kurdistango emkaume talde bat, iragan otsailean, Dityarbakirren. STRINGER / EFE
Orsola Casagrande
2025eko martxoaren 8a
05:05
Entzun

Hacer Ozdemir aktibista da Emakume Kurduen Mugimenduan (TJA). Martxoaren 8ko manifestazioak prest dituzte ia. Aurtengo Martxoaren 8a ez da gainerakoak bezalakoa izango, Abdullah Ocalanek mezu berezi bat bidali baitie emakumeei, eta manifestazioak izango diren plaza guztietan irakurriko dute. Handiena Amed hirian izango da (Diyarbakir). Hiri horretan bertan dago Ozdemir: «Egia esan, giroa guztiz bestelakoa da aurten. Nabaria da jendea gogotsu dagoela, eta kalean Ocalanen mezuaz hitz egiten dute. Argi dago Turkia ez atzera eta ez aurrera dagoela arlo sozialari dagokionez, eta, beraz, zerbait egin beharra zegoen itxaropena berreskuratzeko. Nire ustez, askorentzat prozesu hau aukera bat da Turkiako nazio guztiek aterabidea aurki dezaten».

Emakumeak izan dira Ocalanen deia babestu duten lehenak. Bakearen Aldeko Amak elkartean herrialde osoko ama eta emakumeak biltzen dira 1999az geroztik, eta hango kideek baieztatu dute babesa emango diotela buruzagi kurduaren deialdiari, nabarmendu baitute behar-beharrezkoa dela aldebiko su etena ezartzea. Ozdemirrek honela azaldu du: «Izenburutik hasita —Bakearen eta gizarte demokratiko baten aldeko deia—, adierazpenak berresten du bakea eta demokrazia elkarri lotuta daudela; hau da, demokraziarik gabe ezin dela bakerik izan. Bakea garatu eta prozesuak aurrera egin ezean, ez da demokraziarik izango Turkian. Gizarteari berari dagokio prozesu hori aurrera eramatea, baita gaur egun egoera prekarioan dauden nazioei ere, pobrezia jasaten baitute herrialdeko krisi ekonomikoaren ondorioz. Adierazpen hori gizarte osoari egina da, baita gobernuari eta Turkiako Estatuari ere. Prozesu horretan, Turkiako egitura guztiek dute arduraren bat, eragile politiko eta sozial guztiek. Prozesu horren parte eta protagonista izateko, ahaleginak egin beharra dago, eta hura garatzeko lan egin».

Azken hamar urteetan lortutako guztia aintzat hartuz gero, emakumeak garrantzitsuak izango dira garabide horretan, seguru asko. «Noski, etengabe aritu gara lanean gizartea barrutik aldatzeko. Mundu guztian pentsamolde patriarkala nagusitu denez, emakumeak ez dituzte kontuan hartu, eta zapaldu egin dituzte. Errealitate eztabaidaezin horri aurre egiteko asmoz, emakume kurduen mugimenduan bestelako marko teoriko bat imajinatzeko premia sortu zen errealitate hori hobeto aztertzeko —emakumeen zientzia deitzen diogu, jineojoli—. Gainera, kopresidentetza sistema indartuz joan gara: agian ez zen Turkian bertan sortu, baina hemen gizarte zibileko erakunde guztietan ezarri zen. Kuoten inguruan ari ginen eztabaidan, eta gizonek ez zuten halakorik onartu nahi. Orduan, esan genuen: zergatik ez ezarri kopresidentetza sistema? Eta tokiko administrazioan ere ezartzea proposatu genuen, han baitago botere handiena eta irabazi ekonomiko gehien».

«Bakea garatu eta [Ocalanek proposatutako] prozesuak aurrera egin ezean, ez da demokraziarik izango Turkian»

HACER OZDEMIRTJA Emakume Kurduen Mugimenduko kidea

Zapalkuntza gorabehera, emakume kurduek ez diote utzi ahotsa goratzeari. «Kurdistan kolonia bat da, eta, hemen, gobernuak bere politika errepresiboak probatu eta esperimentuak egiten ditu, gero politika horiek Turkia osoan ezartzeko», nabarmendu du Ozdemirrek. Poliziak etengabe egiten ditu emakumeen erakundeen kontrako operazioak. Hain zuzen, Barne Ministerioak ikuskatzaile bat izendatzen duenean herri kurduetako udaletan, beste edozein erakunde edo bulego itxi baino lehen, indarkeria matxistaren biktimentzako babes etxeak ixten ditu lehen-lehenik, baita haurtzaindegiak ere –emakumeek han uzten dituzte umeak lanera joan ahal izateko–, eta halaxe emakumeen udal kooperatibak, besteak beste. Hori ez da kasualitatea. «Ez da ahaztu behar herrialde honetan debekatua dagoela manifestazioak egitea Azaroaren 25ean eta Martxoaren 8an. Azken urteetan behin eta berriz salatu dugu atxilotutako emakumeek zer tortura jasan izan duten. Gobernuak 2021ean Istanbulgo Hitzarmenetik ateratzea erabaki zuenez, emakumeen kontrako indarkeria are gehiago normalizatu da. Nolabaiteko errukia edo inpunitatea erakusten zaie feminizidioak egin edo indarkeria matxista erabiltzen dutenei. Gainera, bistakoa da indarkeriaren gorakada horrek zerikusi zuzena duela gerrarekin, horretarako erabiltzen baitute aurrekontu nazionalaren parte handi bat; horrek pobretu egiten du herrialdea, eta, ondorioz, okerragotu egiten du arlo soziala ere».

2024an, Turkiak 40.000 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen defentsarako eta segurtasunerako, eta aurten %17,5 handituko dela aurreikusi dute.

Aurtengo Martxoaren 8ko leloa hau izango da: Feminizidioen aurka. Askatasunaren eta bakearen alde ari gara martxan. «Martxoaren 8 hau berriz hasteko abiapuntua izango da, Ocalanen mezua bezala. Emakumeen borroka ez da soilik denon elkartasun borroka: mugimendua gero eta zabalduago dago munduan, eta ikasten ari da. Kurdistango lau parteetan, emakumeek elkarri kontatzen dizkiote beren esperientziak eta borrokak, eta, hala, erakusten dute gai garela pentsaera patriarkalaren hesiak hausteko eta gure tokia exijitzeko. Berdin du non dauden: emakumeak elkarren inspirazio iturri dira, norberaren esperientziak kontatzen dizkiote elkarri, eta borroka komun bat sortzen dute etorkizunerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.