Ehunka suhiltzailek lanean dihardute Grezian, urte hasieratik hona izandako suterik handienak itzaltzeko asmotan. Herenegun piztu zen lehenengo sutea, Atenastik 40 kilometrora, Varnava herrixkan, eta, haize boladen ondorioz, berehala zabaldu zen eskualdeko beste eremuetara, hala nola hiriburu kanpoaldera. Atenas iparraldetik hamahiru kilometrotara dagoen Vrilisia herrixkan 60 urteko emakume baten gorpua aurkitu dute gaur goizaldean, erabat erreta.
Greziako agintariek jakinarazi dutenez, bi egunetan 10.000 hektarea inguru erre dituzte suteek, eta 50.000 pertsona baino gehiago atera behar izan dituzte etxetik. 700 suhiltzailetik gora ari dira suteak itzaltzeko lanetan, eta haiekin bat egin dute ehunka boluntariok ere. Halere, egoera «gero eta larriagoa» dela ohartarazi dute herrialdeko agintariek, batez ere Atenas kanpoaldeko zenbait herrixkatan. Pentelin, esaterako, hiru ospitale ebakuatu behar izan dituzte, baita hainbat kanpaleku ere.
Eskualdean dozenaka lagun eraman behar izan dituzte ospitaleetara; gehienek arnasa hartzeko zailtasunak zituzten, eta beste batzuek, erredura arinak. SKAI irrati katearen arabera, gauean 250 pertsona inguru erreskatatu ditu Greziako Poliziak, suteak zirela-eta etxetik ezin atera zeudelako.
❌ #Greece Authorities Order Evacuation of Homes, Hospitals near Athens as #Wildfire Rages
— 𝕏 𝐁𝐫𝐞𝐚𝐤𝐢𝐧𝐠 𝐍𝐞𝐰𝐬 (@cheguwera) August 12, 2024
A massive fire is out of control in the northern parts of Attica, #Athens.
The wildfires are spreading despite "superhuman" efforts to combat the flames, the fire brigade said. pic.twitter.com/Kmf183sjQX
Egoerari erreparatuta, Greziako Gobernuak laguntza eskatu zien atzo Europako beste herrialde batzuei, EB Europako Batasuneko Babes Zibilerako Mekanismoaren bidez. Eskaera horri berehala erantzun zion Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek, atzo iluntzean bertan iragarri baitzuen suteak itzaltzeko laguntza bidaliko dutela EBko lau herrialdetatik: Italiako bi helikoptero, Frantziako bat eta berrehun laguneko suhiltzaile talde bat, Txekiar Errepublikako suhiltzaile talde bat eta eta Errumaniako beste bat. «EBren elkartasun ekintza bat da hau», idatzi zuen X plataforman. Turkiak eta Serbiak ere laguntza bidali dute gaur goizaldean.
Greziako Klima Larrialdirako eta Babes Zibilerako ministro Vassilis Kikiliasek iragarri berri duenez, azkenean lortu dute sute guztiak kontrolpean hartzea: «Varnavan sute izugarri arriskutsua piztu eta berrogei ordu geroago, esan dezakegu ez dagoela fronte aktiborik orain, bakartutako dozenaka sute bakarrik».
Hiriburuaren atariraino
Suteak urteroko kontua dira Grezian. Horren erakusgarri da, adibidez, iazko udan 160.000 hektarea baino gehiago erre zirela, inoizko gehien, eta 28 pertsona hil. Dena den, suteak ia-ia hiribururaino zabaltzen diren lehen aldia da oraingoa. Nazioarteko zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Atenas inguruko 28 herrixkatara iritsi da sua.
Greziako suhiltzaileen arabera, haize bolada indartsuen ondorioz zabaldu da Varnavan hasitako sutea hiribururaino. Suhiltzaile bat aipatuz EFE berri agentziak kaleratu duenez, lanak are gehiago zailtzen ditu eskualdeko lur motak, zeinetan pinudiak diren nagusi.
IAZ, ia 48.000 HILDAKO EUROPAN BEROAGATIK
ISGlobal Bartzelonako Munduko Osasun Institutuak atzo kaleratutako ikerketa baten arabera, Europan 47.690 pertsona hil ziren iaz beroagatik. Hain justu, munduan inoizko urterik beroena izan zen iazkoa —1960an datuak erregistratzen hasi zirenetik—, eta, azken hamarkadan, bigarrena beroaren ondorioz hildakoen kopuruari dagokionez. Iazko heriotza horietatik ia guztiak, 47.312, maiatzetik urrira bitartean izan ziren. Grezian, Bulgarian, Italian eta Espainian izan zen hildako gehien.