Juan Lenzo eta Luis Miguel Guerrero: «Emaitzak Maduroren alde daude, baina iraultzak prest egon behar du autokritika egiteko»

Iraultza Bolivartarraren printzipioak oinarri hartuta, politika egiteko «beste modu bat» sortzea eta Venezuelako komunak saretzea du helburu Union Comunera mugimenduak, eta, hala, herrialdeko krisi ekonomikoari eta politikoari aurre egitea.

Oswaldo Hernandez, Luis Miguel Guerrero eta Juan Lenzo, Union Comunerako kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oswaldo Hernandez, Luis Miguel Guerrero eta Juan Lenzo, Union Comunerako kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Askapenak gonbidatuta, Euskal Herrian izan dira Venezuelako Union Comunera mugimenduko kide Juan Lenzo (Merida, 1983), Luis Miguel Guerrero (Merida, 1999) eta Oswaldo Hernandez (Lara, 1976). BERRIAri egin dioten bisitan, herrialde hartako egoera politikoaren inguruan mintzatu da Lenzo, eta Union Comunera zertan datzan azaldu du Guerrerok: Venezuelan barrena bidaiatzen hasi ziren 2019an, aktibo zeuden komunak identifikatzeko eta elkarren artean saretzeko. Bost urteren ondoren, mugimenduko kideek uste dute herriak «autogobernatzeko gaitasuna» duen erakusgarri dela proiektua, «independentzia, komuna eta sozialismoa» oinarri hartuta.

Nola antolatzen da Union Comunera?

LUIS MIGUEL GUERRERO: Hainbat elkarte eta mugimendu daude Union Comuneraren barruan; asko komunak dira, baina badira beste gisa batzuetako mugimendu sozialak ere. Komunak lurraldearen arabera sailkatzen dira, bakoitzak kontseilu bat dauka, eta hor elkartzen dira herritarrak. Denera, 70-80 komuna daude proiektuari lotuta. Nolanahi ere, proiektua ez da goitik behera antolatzen, behetik gora baizik: herriak du boterea. 

Betetzen ari dira 2019an zehaztutako helburuak?

JUAN LENZO: Batzuk bai, eta beste batzuk oraindik ez. Union Comuneraren helburuetako bat da komunen federazio nazional bat eraikitzea, modua emango lukeena herrietan eragina izateko, baina baita esparru nazionalean ere, eta herrialdeko politikan parte hartzeko. Hori bai, politika egiteko beste modu bat eraiki nahi dugu, ez elite tradizionalak duenaren gisakoa. 

Nola egin daiteke politika beste modu batera? 

GUERRERO: Adibidez, atzo [abuztuaren 27an egin zen elkarrizketa] herri kontsulta nazional bat egin genuen. Ekintza horren helburua da komuna bakoitzak bere lurraldea politikoki aktibatu ahal izatea. Komunako kideek taldearen beharren inguruan eztabaidatzen dute, eta garatu nahiko lituzketen proiektuak proposatu. Komuna bakoitzak zazpi proposamen onartzen ditu, eta, gero, horiek kontseiluan bozkatu, eta bat aukeratzen dute. Apirilaren 21ean hasi ginen kontsulta horiek egiten, eta asmoa da urtean horrelako lau egitea.

«Gure helburuetako bat da esparru nazionalean ere eragina izatea, eta herrialdeko politikan parte hartu ahal izatea»

JUAN LENZOUnion Comunerako Tatuy TVko kidea
Union Comunerak bere egiten ditu Iraultza Bolivartarraren printzipioak. Harreman ona daukazue gobernu chavistarekin?

LENZO: Bai. Kooperaziorako eta koordinaziorako harreman ona daukagu, eta errepublikako presidenteak [Nicolas Maduro] babestu egiten du mugimendua. Halere, batzuetan talkak izaten ditugu, baita tentsio handiko garaiak ere. Horregatik, batzuetan indar erakustaldiak egitea dagokigu, eta estatuko beste sektore batzuekin lankidetzan aritzea. Dena den,  harreman adeitsua dugu gobernuarekin, eta, ados ez gaudenean, eztabaidatzeko esparru bat sortzen dugu.

Uztailaren 28an egin ziren presidentetzarako bozak Venezuelan, eta zeresan handia eman dute, bai herrialdean bertan, bai nazioartean. Ulertzen dituzue chavismoari egin zaizkion kritikak?

LENZO: CNEk [Venezuelako Hauteskunde Batzordea] lehenengo jakinarazpena egin zuenean, uztailaren 29ko goizaldean, Nicolas Maduro jo zuen bozen garailetzat, akten %95 zenbatuta. Eraso zibernetiko bat jasan zutela ere iragarri zuen, eta horrek zalantza sortu zuen. Eskuinak, emaitzak eta aktak publiko egin edo ez, beti gutxietsi ditu Venezuelako erakundeak. Hori bai, emaitzak Maduroren alde dauden arren, iraultzak prest egon behar du autokritika egiteko.

Chavismoa indarra galtzen ari da?

LENZO: Inoiz amaitzen ez den bataila bat da: batzuetan irabazten dugu, eta besteetan galdu. Iraultza etengabe aldatzen da, gorabeherak ditu, baita kontraesanak eta muga propioak ere.

GUERRERO: Aurrera egiten dugun heinean, mekanismo eta tresna berriak garatzen ari gara; aintzat hartu behar dira datozen belaunaldiak eta horiek ekartzen dituzten eraldaketak. Chavez [Hugo, 1999tik 2013ra Venezuelako presidente izandakoa] beti izango da gure liderra, eta beti defendatuko dugu, baina ja ez dago hemen, eta haren lanari jarraipena ematea dagokigu. Garrantzitsua da lidergoa ez izatea pertsona batek, mugimenduak berak baizik.

«Garrantzitsua da lidergoa ez izatea pertsona batek, mugimenduak berak baizik»

LUIS MIGUEL GUERREROChe Guevara komunako kidea
Nazioarteko zigorrek eta krisi ekonomikoak nola eragiten diote Union Comunerari?

LENZO: Ehunka zigor daude indarrean, eta gehienek petrolioaren industriari eragiten diote, hori baita Venezuelaren diru sarrera nagusia. Halere, onartu behar da Venezuelako krisiaren erantzukizun osoa ez dela nazioarteko zigorrena edo blokeoarena. Gure gain hartu behar ditugu egin diren hutsak, eta, adibidez, ustelkeria agerikoa da. 

Migrazioak gora egin du azken urteetan; chavismoaren arabera, ordea, migrazioa ekonomikoa da. Ados zaudete horrekin? 

LENZO: Migrazioak gora egin du, ezin ukatuzko errealitate bat da hori, eta aintzat hartu beharrekoa. Baina bai, migrazioa erabat ekonomikoa da. Gainera, badago migrazioaren nolabaiteko idealizazio bat: propaganda lan handia dago atzetik, hornitu eta aberastu beharreko industria bat baita migrazioa. Guk pena handiz bizi dugu. Herrialdetik alde egiten duten migratzaileak gure senideak dira, lankideak, ikaskide ohiak, auzokideak.

Krisi ekonomikoa, ezegonkortasun politikoa, migrazioa… abagune horri erreparatuta, Union Comunera indartsu dago?

GUERRERO: Bai, gero eta gehiago. Azkenean, Union Comunera komunitate bakoitza osatzen duten herritarrak politikoki aktibatzeko modu bat da. Komuna bakoitzean askotariko jendea elkartzen da bai ideologiari eta bai iritziei dagokienez, ez dute soilik mugimendu chavistako kideek parte hartzen: eskuindarrak daude, ezkertiarrak, zentrokoak, politikoki hain aktiboak ez diren herritarrak... Komuna nork bere eskualdeko arazoei eta beharrei erantzuteko esparru bat da. Gainera, horrek modua ematen du txiki-txikitatik ikusteko gure gurasoek, bizilagunek eta aitona-amonek gisa horretako ekintza sozialetan parte hartzen dutela, eta hori ezinbestekoa da gazteria politikoki aktibatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.