Presidentetzarako bozak Kolonbian. Bigarren itzulia. Anne Proenza. Kazetaria

«Emaitza oso estua bada, iruzurraren mamua agertuko da»

BERRIA.
Jon Artano
Bogota
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Anne Proenza (Paris, 1964) Belgikako Le Soir eta FrantziakoLibération egunkarien korrespontsala da Kolonbian 1993tik.

Zer ikasgai atera duzu azken hilabeteotatik?

Garai zaila da Kolonbiarentzat. Gerra itzuli da bake akordioa ez delako bete, gobernuak nahi izan ez duelako; [Ivan] Duqueren lau urteak txarrak izan dira. Krisi soziala izugarria da [datu ofizialen arabera, %42ko pobrezia dago], eta horrek Udaberri Arabiarren gisako matxinada bat eragin zuen.

Gobernuak errepresio bortitzez erantzun zuen, eta 70 pertsona baino gehiago erail. Pandemiak gelditu egin zuen udaberri hori. Eta orain Kolonbiak inoiz baino aukera gehiago ditu ezkerrera bira egiteko. 1819an independentzia lortu zuenetik eskuineko eliteek gobernatu dutelako herrialde hau.

Nola ikusi duzu kanpaina?

Lehen itzulian Federico Gutierrez eskuinaren hautagai ofiziala kanpo geratu izana izan zen nobedaderik handiena, nire ustez. [Alvaro] Uribe ez da agertu kanpainan, ezta txio bat eginez ere, hori da beste nobedadea. Ezkutuan dago, baina badu oraindik eragina. Eskuinaren mezua hemen da «edonor Petro izan ezik». Ezkerra Kolonbian deabrua da. Nahiz eta [Gustavo] Petroren programa sozialdemokrata izan.

[Rodolfo] Hernandez, berriz, hutsetik irten da. Fenomeno politiko berri bat da, [Nayib] Bukeleren trazakoa, ez du alderdirik, sare sozialetan baino ez du egin kanpaina, eta herrialdea enpresa bat bezala gidatu nahi du. Ezin du debatera joan galderei erantzuteko gai ez delako. Eta elkarrizketei ere ez. Kazetarien galderei erantzuteko gai ez den presidente bat... Gero ahoberokeriarena dago.

[Adolf] Hitler miresten zuela esan zuen, nahiz gero nahastu zela esan. Hori hanka sartze handiena da, baina pila bat egin ditu. Ezjakintasun handia erakutsi du. Eta proposamenak oso larriak dira, beldurra ematen dute. Legearekin ipurdia garbitzen zuela ere esan zuen Bucaramangako alkate zela. Salbuespen egoera ezarri eta dekretuz aginduko duela ere esan du... Eskuina azaldu da beti erakundeen babesle gisa Kolonbian, baina orain kontraesanean gaude: zentroko jende asko dago Petro ikusten duena erakundeen berme.

Inkesten arabera berdinduta iritsi dira. Zein erreakzio espero dituzu emaitzen arabera?

Emaitza oso estua bada kezkagarria izan daiteke; gobernuak ere esan du zerbait larria gerta daitekeela, beldurra sartzeko. Kolonbian beti hitz egiten da boto erosteaz, iruzurraz. Kongresurako hauteskundeetan, martxoan, Itun Historikoko [ezkerra] kideak oso ondo antolatu ziren behatzaileak izateko leku guztietan eta frogatu zuten milioi bat boto falta izan zirela zenbaketan.

Gainera, zenbaketa egiten duen softwarea berria da, eta Erregistraduriak, hauteskundeen kudeaketaz arduratzen den erakundeak, ez du utzi software horren ikuskaritza independente bat egiten.

Emaitza oso estua bada, iruzurraren mamua agertuko da, eta ez dakigu zer gerta daitekeen. Rodolfok oso gutxigatik irabazten badu, jendeak esango du lapurreta izan dela, eta manifestazioak, eta errepresioa etorriko dira.

Petrok irabazten badu, bestaldera izango da: talde armatuak azaldu daitezke. Kontu egin hauteskundeak gaur direla, baina kargu hartzea abuztuaren 7an izango da, eta ordura arte Petrori zerbait gerta dakioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.