Emaitza «gazia» izan du COP29 biltzarrak

COP29 goi bileran hartutako erabakiei kritika andana egin diete garabidean dauden herrialdeek eta klimaren arloko ekintzaileek. Klima larrialdiari aurre egiteko funtsetan Mendebaldeak izango duen rola, horixe da kritika iturri nagusia.

Manifestari batzuk, COP29 batzarrean adostutako finantzazioaren aurka protesta egiten, Bakun, azaroaren 23an. COP29 / EFE
Manifestari batzuk, COP29 batzarrean adostutako finantzazioaren aurka protesta egiten, Bakun, azaroaren 23an. COP29 / EFE
Mikel Garcia Martikorena - Nagore Arin
2024ko azaroaren 28a
05:05
Entzun

Hitzartzeko helburu zail baina garrantzitsu bat zutela ekin zioten herrialdeek aurtengo COP29 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bilerari: finantzaketa akordio bat lortzea. Iragan ostiralean zen amaitzekoa Bakun antolatutako goi bilera. Industrializatutako herrialdeen eta garabidean daudenen arteko negoziazioek, ordea, igandera arte iraun zuten, ez baitzuten lortzen adostea aurreneko taldeak zenbat diru jarri behar zuen. Azkenean, lortu zuten akordioa egitea, baina garabidean dauden herrialdeek eta, batez ere, klima larrialdiaren aurkako eragileek agerian utzi dituzte finantzaketa horrek dituen ahulguneak. Are gehiago, hainbaten ustez, herrialde aberatsek «traizioa» egin diote munduari.

Hala iritzi dio, esaterako, CAN Climate Action Networkek. CANek klima larrialdiaren aurka borrokatzen diren 130 herrialdetako 1.900 elkarte inguru biltzen ditu. Akordioaren berri zabaldu eta gutxira kaleratutako oharrean, CANeko zuzendari Tasneem Essopek gogor egin zuen adostutakoaren aurka: «Herrialde garatuen fede txarra dela medio, azken urteetan izan dugun klima negoziaziorik zatarrenetakoa izan da aurtengoa». COP29 biltzarren adostu dute 2035era arte urtean 1,3 bilioi dolar baliatzea klima larrialdiari aurre egiteko; herrialde industrializatuek urtero 300.000 milioi jartzeko konpromisoa hartu zuten soilik.

Goi bileraren ondorio «gaziez» mintzatu da Elisa Sainz de Murieta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta BC3ko ikerlaria. Jakina zen arren «gai korapilatsu bat» jorratuko zutela eta «arantzak egongo zirela», nabarmendu du ondorioak espero baino apalagoak izan direla. Are gehiago, azpimarratu du Mendebaldeak jarri beharreko diru kopurua apalegia dela: «Ikerketek erakusten dute datorren urtean 400.000 milioi dolar beharko direla soilik klima larrialdiak eragindako kalteak eta galerak finantzatzeko». Hortaz, nahiz eta orain arte Mendebaldeak urtero jartzen zuen diru kopurua hiru halakotu duten, EHUko irakasleak iritzi dio beharretatik «urrun» gelditu direla.

WWF Naturarentzako Mundu Funtseko Klima eta Energia Saileko buru Manuel Pulgar Vidalek beste urrats bat egin zuen astelehenean. X sare sozialean argitaratutako mezu batean, COP29 biltzarrak munduari «huts egin» diola esateaz gain, nabarmendu zuen  balitekeela adostutako neurriek —finantzaketak, batez ere— orain arte egindakoa hankaz gora jartzea: «Porrot honek arriskuan jarri ditu klima krisiari aurre egiteko ahalegin globalak».

«Finantzaketa tresna berriak uztartu behar ziren, ez bakarrik maileguen bidez, baizik eta transferentzia zuzenen eta diru laguntzen bidez ere bai»

ELISA SAINZ DE MURIETAEHUko irakaslea eta BC3ko ikerlaria

Izan ere, garabidean dauden herrialdeek nahi dute herrialde industrializatuek parte hartze handiagoa izatea, Mendebaldeko herrialdeak izan baitira historian karbono gehien isuri dutenak, eta Hegoalde Globalekoak kalte larrienak pairatzen dituztenak. Beraz, espero zuten diru funts handiagoa jartzea bai klima krisiaren aurkako neurriak martxan jartzeko eta bai kalteak arintzeko.

Laguntza horrek, gainera, beste nolabait heldu behar zuela azpimarratu dute hamaika eragilek. Sainz de Murietak nabarmendu duenez, finantzaketaz gain «finantza arkitektura guztia» iraultzea zen herrialdeek Azerbaijanen zituzten helburu nagusietako bat, eta ez dute lortu: «Finantzaketa tresna berriak uztartu behar ziren, ez bakarrik maileguen bidez, baizik eta transferentzia zuzenen eta diru laguntzen bidez ere bai». Izan ere, maileguekin lan eginez gero, garabidean dauden herrialdeen zorra handitu egiten da.

COP29ko erabakien aurkako protesta bat, azaroaren 22an, Bakun. IGOR KOVALENKO / EFE
COP29 biltzarreko erabakien aurkako protesta bat, azaroaren 22an, Bakun. IGOR KOVALENKO / EFE

Bide beretik jo du Oxfamek. Akordioa ezagutarazi berritan, Nafkote Dabi Oxfam Internationaleko Klima Aldaketarako Politiken buruzagiak salatu egin zituen adostutako finantzaketa bideen galerak, prentsa ohar bidez: «Mahai gainean jarritako kopurua ez da soilik huskeria bat: ez da benetako dirua. Maileguetan eta inbertsio pribatuetan oinarrituriko sistema bat eratu dute».

Itzalean geratutako aferak

Finantzaketaren aferak hainbeste harrotu ditu hautsak, non itzal egin dien bestelako gaiei. Erregai fosilei dagokienez, esaterako, iaz hitzartu bazen ere horiek alboratzeko trantsizio bat adostea, ez dute horren inguruko aipamenik egin. Are, finantzaketan jarritako «arreta zorrotza» dela eta, beste gai batzuk itzaletan geratu dira,  Melanie Muro IEEP Ingurumen Politikarako Europako Erakundeko Elikadura Saileko buruaren ustez. Murok gertutik aztertu ditu Bakuko negoziazioak, bereziki nekazaritzari erreparatuta. Hark esan duenez, EB Europako Batasuna, 2050ean karbono neutraltasuna lortzeko helburuari begira, «aurrerapausoak motel» ematen ari da oraindik, eta horren erakusgarri izan da COP29 goi bilera.

Gaur egun EBk isurtzen dituen berotegi gasen %13,2 nekazaritzak sortzen ditu. Horiek murrizteko finantzaketa eta inbertsioak «ez dira egokiak», Muroren esanetan. Are gehiago, finantzaketa hori dibertsifikatu egin behar dela uste du, arlo gehiagotarako izan behar duela: «Klima aldaketa ez da gertaera bakar bat, baizik eta erpin askoko erronka bat, aldatuz doana. Horregatik, politikek ez dute soilik izan behar berotegi gasen isuriak murrizteko: nekazaritza sistemak klima aldakor baten ondorioetara moldatzeko ere izan behar dute».

«Klima aldaketa ez da gertaera bakar bat, baizik eta erpin askoko erronka bat, aldatuz doana»

MELANIE MUROIEEPko Elikadura Programaren burua

Izan ere, iaz EBn hartu ziren neurriak aztergai dituen 2023ko Klima Aurrerapenen Txostenaren arabera, urtean %1 gutxitzen dira karbono isuriak. Horiek horrela, Murok nabarmendu du «anbizio handiko neurriak» hartu behar direla klima larrialdiari aurre egiteko.

Nekazaritzari lotuta, estatuek Baku Harmoniya Laborarien Aldeko Klima Ekinbidea izeneko plataforma sortu dute COP29 biltzarrean, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen bitartekaritzarekin. Plataforma horren xede nagusia da nekazaritza sistema eraldatzea, eskura duen diru funtsa modu «eraginkorrago» batean erabiliz. Hori nola egingo den, baina, ikusteko dago oraindik. Are gehiago, Muroren ustez, baliteke proiektua kolokan egotea, herrialdeek ez baitute zehaztu nola handitu daitekeen laborarientzako finantzaketa. Muro argi mintzo da: «Egungo finantzaketa ez da nahikoa beharrezkoak diren aldaketak egiteko».

Karbono merkatua

Bakun hartu dituzten beste erabakietako bat karbono isuriak konpentsatzeko bonuei dagokie. Karbono merkatuaren irizpideak ezarri dituzte, hain zuzen ere. EHUko irakasle Sainz de Murieta mesfidati agertu da horren harira: «Oso korapilatsua da. Martxan jartzen denean ikusi beharko da benetan eraginkorra den». Bestalde, Murok jakinarazi du IEEP ikertzen ari dela merkatu horrek zer onura izan ditzakeen. Haren ustez, gehiegizko isuriak dituzten herrialdeetan bonuak erosi behar izateak ekar dezake gobernuek «praktika garbiagoak» sustatzea. Gutxien kutsatzen dutenen artean ere ekinaldi garbiak bultzatuko direla uste du, zenbat eta karbono gutxiago isuri orduan eta bonu gehiago saldu ahalko baitituzte. Gainera, Murok iritzi dio lortutako etekinak «klima aintzat hartzen» duten ekintzetarako erabiliko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.