Trumpek eta Bidenek hasi dute botere aldaketa «baketsua»

Bidenek eskatu dio Trumpi trantsizio «baketsua» izan dezatela, eta hark erantzun dio horrela izango dela; hori bai, «posible den heinean». AEBetako hainbat hedabideren arabera, Alderdi Errepublikanoak gehiengoa lortu du Ordezkarien Ganberan.

Donald Trump eta Joe Biden, bostekoa ematen, Etxe Zurian, gaur. AL DRAGO / EFE
Donald Trump eta Joe Biden, bostekoa ematen, Etxe Zurian, gaur. AL DRAGO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Maddi Iztueta Olano
2024ko azaroaren 13a
11:38
Entzun

Ia lau urteren ondoren, gaur Etxe Zurian izan da berriro Donald Trump presidente hautatu berria. Bozetan gailendu eta astebetera elkartu da egungo presidente Joe Bidenekin, eta, horrela, hasiera eman diote, ofizialki, boterearen eskualdatzeari. Elkarrizketa hasi baino lehen, prentsaren aurrean agertu dira, eta ezohiko jarrera adierazi dute biek ala biek: Bidenek garaipenarengatik zoriondu du Trump; hark, berriz, eskerrak eman dizkio oraindik presidente denari, bi administrazioen arteko botere aldaketa «errazteagatik». Bidenen agintaldian eta bozen aurreko lehenengo eztabaidan ez bezala, ez da izan ez burlazko tonurik, ez irainik; hori bai, Bidenek eskatu dio Trumpi «trantsizio baketsua» izan dezatela, eta horrela izango dela ziurtatu dio Etxe Zuriko hurrengo maizterrak, baina «posible den heinean».

Horiek hala, gaurtik aurrera ofizialki abian da boterearen eskualdatze prozesua: hasteko, Trumpek gobernu berrian aldamenean izango dituen goi kargudunak izendatuko ditu; abenduaren 17an, Hauteskunde Batzordea osatzen duten 50 estatuetako ordezkariek formalki emango dituzte beren botoak; urtarrilaren 6an, horien botoak zenbatuko dituzte bi ganberetako kideek, Ordezkarien Ganberakoek eta Senatukoek, eta Kamala Harris presidenteordeak eman beharko du ziurtzat Trumpen garaipena; azkenik, datorren urtarrilaren 20an inbestidura saioa egingo dute, eta, ofizialki, Trump presidente izendatu.

Hain justu, Etxe Zuriko giltzak hartzeko bi hilabete pasatxo falta zaizkion honetan, Trumpek dagoeneko martxan jarri du prozesu horren lehen pausoa, eta hasi da bere agintaldiko gobernuan parte hartuko duten kideen izenak iragartzen. Gaur goizaldean jakinarazi duenez, bere lantaldean egongo da Elon Musk, Forbes aldizkariaren arabera munduan diru gehien duen pertsona. Besteak beste, Tesla, SpaceX eta X enpresen jabea dena Gobernu Efizientziarako Departamentuko burua izango da.

Musk eta Vivek Ramaswamy izango dira presidente hautatuak sortuko duen departamentu berri horretako buruak. «Aldaketa estruktural handiak» ekarriko dituztela ziurtatu du AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente hautatuak. Muskek iragarri du sistema «dardarka» jarriko dutela, baita gobernuko dirua «xahutzen» ari diren guztiak ere. Trumpek urtarrilaren 20an hartuko du presidente kargua.

Truth eta X sare sozialetan —Trump eta Musk dira jabeak, hurrenez hurren— zabaldutako ohar baten bidez eman du berria presidente hautatuak. «Bi amerikar zoragarri hauek bidea erraztuko dute nire administrazioak gobernuko burokrazia desegin dezan, gehiegizko erregulazioak zein alferrikako gastuak murriztu ditzan eta agentzia federalak berregituratu ditzan». Muskek eta Ramaswamyk zuzenduko dutena «Manhattan proiektu garaikidea» moduan definitu du; lehen bonba nuklearra sortzea ahalbidetu zuen proiektu hark.

Musk administrazio publikoaren gidaritzan jartzeak sor ditzakeen arriskuez ohartarazi du Laia Balcells zientzia politikoetan doktoreak. Washingtongo Georgetown unibertsitatean irakaslea da, eta joan den larunbatean aipatu zion BERRIAri Trumpek Musk gobernuan sartzeak zer ondorio izan ditzakeen: «Muskek oso muturreko ideiak ditu administrazio publikoaren inguruan. Posible da esperimentuak egitea burokrazia adimen artifizialarekin ordezkatzeko, aurrez ere estatuak indar gutxi duen herrialde batean. Estatuari are eta botere gehiago kenduz gero, nora helduko gara? Guztia pribatizatuta egongo da?».

Hauteskundeen aurretik protagonista izan da Musk: presidentegai errepublikanoaren kanpainarako 118 milioi dolar baino gehiago eman zituen —111 milioi euro baino gehiago— eta Trumpen mitinetan hitz egin du. Horietan, Gobernu Efizientziarako Departamentua sortu beharraz aritu zen, eta funtzionarioen «kaleratze masiboak» iragarri zituen. Ramaswamy ere enpresaburua da, eta Alderdi Errepublikanoko hauteskunde primarioetan Trumpekin lehiatu zuen.

Izendapen gehiago

Trumpek gobernu berriko kargu gehiagoren berri eman du egunotan. Atzo proposatu zuen Marco Rubio Estatu idazkari kargurako; eta, gaur goizaldean, besteak beste, Defentsa idazkari eta Segurtasun Nazionaleko buruen izenak jakinarazi ditu.

Pete Hegseth militar ohia eta Fox telebista kateko aurkezlea izango da Defentsa idazkari berria. Lloyd Austinen kargua hartuko duenak emakumeek armadan dituzten eginkizunak kritikatu izan ditu, buruzagi militar ugari kaleratzearen alde agertu da eta NATOko kideei «ahulak» izatea egotzi die. John Ratcliffe CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaz arduratuko da; Trumpen lehen agintaldian (2017-2021), Inteligentzia Nazionaleko zuzendaria izan zen.

Segurtasun Nazionaleko Departamentuko burua Kristi Noem izango da; egun Hego Dakotako gobernadorea da. Departamentu horren esku dago mugen kontrola, eta hori azpimarratu du Trumpek Noem izendatzeko orduan: «Bera izan zen lehen gobernatzailea Texasera Guardia Nazionaleko soldaduak bidali zituena, Bidenek sortutako mugako krisia konpontzera». Noemek X sare sozialean adierazi du Trumpekin «segurtasuna berrezarriko» dutela mugan zein AEBetako gizartean.

Guztia erabakita 

Herrialdeko hainbat hedabidek gaur iluntzean jakinarazi dutenez, Alderdi Errepublikanoak azkenean gehiengoa lortu du Ordezkarien Ganberan. Horiek hala, errepublikanoek AEBetako Kongresuko bi ganberetan izango dute gehiengoa, Senatuan ere hala baitute. Hain justu, gaur arratsaldean hautatu du horko Alderdi Errepublikanoaren taldeko buru izango dena: John Thune, Hego Dakotako senataria. Azken hemezortzi urteetan, 2007tik, Mitch McConnellek izan du kargu hori.

Senatuko demokratek epaileen onarpena azkartu nahi dute

AEBetako Senatuko gehiengo demokratak Joe Biden AEBetako presidenteak proposatutako ahalik eta epaile gehien onartu nahi ditu. Urtarrilaren 3tik aurrera, Senatuan errepublikanoek edukiko dute gehiengoa, eta hil horren 20an hartuko dio erreleboa Donald Trump presidente hautatuak Bideni. Oraingoz, Bidenek proposatutako 214 epaile onartu ditu Senatuak, atzo azkena; beste 30 daude onarpenaren zain. Presidenteak epaile federalak izendatzeko eskumena du AEBetan, eta Senatuari horiei onarpena ematea dagokio. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.