Kolonbia. Bake prozesua

ELNren txanda da orain

Gobernuaren eta ELNren arteko elkarrizketa publikoak hasiko dira gaur. Gerrillak bahituta edukitako politikari ohia askatu du. FARCekin ere bildu da gobernua

Kolonbiako soldadu bat, ELN gerrillaren ikurra eskuetan duela, maiatzean, El Tarralen. Hainbat egunez antena batean egon zen zintzilik bandera. EFE.
Bogota
2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Kolonbiako egoera politikoa Gabriel Garcia Marquezen eleberriekin nahasten da. Orria pasatu ahala, atezuan dago ezustekorik ustekabeena. Bost egunen buruan inork nekez aurreikusitako egoera zeharo aldatu zen: FARC-EPekiko itunak berresteko plebiszituan ezezkoak irabazi eta gero, Juan Manuel Santos presidenteari Bakearen Nobel saria eman zioten bere ibilbide politikoko atakarik gaitzenean. Gaur beste kapitulu bat zabalduko da: Gobernuak eta ELNk elkarrizketa publikoak abiatuko dituzte Quiton. Ekuadorko hiriburuan egingo dute argazki ofiziala, ekitaldi formala, eta astebeteren ostean osatuko da lehen lan taldea. Aurreikuspenen arabera 45 egunez arituko dira lanean.

ELN Nazioa Askatzeko Armadak honezkero bete du negoziazioak hasteko gobernuak jarritako baldintza. Odin Sanchez kongresista ohia herenegun askatu zuen gerrillak sei hilabetez bahituta izan ostean. Santosek berehala ospatu zuen albistea, izan ere, bahiketaren mamua mehatxuka zegoen.

Santosek baldintza horixe ezarri zuen martxoaren 30ean elkarrizketei ekingo zietela iragarri zutenean: negoziazioei ekin baino lehen aska zitzala bahitu guztiak. Iritzi publikoarentzat ere horixe da arazo nagusia. Andrei Gomez ikerlariak azaldu zu hori: «Ulertu egin behar dira gerrilla honen bereizgarriak, oso ideologizatua baitago eta pentsamendu marxistez betea, askapenaren teologiatik oso hurbil. Duintasunez iritsi nahi dute elkarrizketa mahaira, gobernuaren inposizio alde bakarrekorik gabe». Rodeemos El Dialogo elkarteko kidearen arabera, negoziazioek «arnasa» emango dute, plebiszituaren ondoren bake ituna hauspotzeko.

Kolonbia, izan ere, erronka bikoitz baten aurrean dago. FARCekiko ituna berretsi gabe dagoela etorri da beste gerrilla nagusiarekin negoziatzeko txanda. «Itun horiei eusteko modu errealista eta eraginkor bat litzateke, esaterako, Batzar Nazional Konstituziogile batera deitzea 2017aren amaierarako, ELNren eta FARCen parte hartzearekin». FARCekoen eskakizun nagusiari egin dio erreferentzia Gomezek. Gerrillarentzat horixe baitzen plebiszituaren alternatiba.

Santosen babes maila

Beste aditu batzuen ustez, zilegi izango litzateke erreferendum bat egitea, nahiz eta jakin berriro ezezkoak irabaziz gero zigortu egingo luketela bai bake prozesua eta bai presidentea bera. Santosen onarpen maila agintaldiko apalena da egun; 2010eko eta 2014ko bozak irabazi zituen, eta beste bi urte geratzen zaizkio jardunean.

Orain arteko bideak, hala ere, gauzak erraztu eta azkartu ditzake. Habanan lau urtez izandako negoziazioen ondoren gobernuak FARCekin lorturiko ituna hartuko dute oinarritzat ELNrekin. Ez dituzte berriro negoziatuko, besteak beste, biktimei dagozkien gaiak, gatazkaren amaiera eta akordioa indarrean jartzea. Herritarren parte hartzea izango da berrikuntza nagusia, eta atal horrekin ekingo diete elkarrizketei Ekuadorren. FARCekoekin hainbat foro egin zituzten, gizarteak ere eztabaida zezan negoziatzen ari ziren gaien inguruan, baina unean uneko ekinaldiak izan ziren, pare bat egun baino iraun ez zutenak. Oraingo honetan, ordea, mahai egonkor bat ezarriko dute, herritarren hainbat ordezkarirekin, proposamenak aztertzeko eta aurkezteko.

Bi aldeek, berriz, jada izendatu dituzte euren ordezkariak. Juan Camilo Restrepo izango da gobernuaren ordezkaritzako burua, Santosen Nekazaritzako lehen ministro izandako politikari kontserbadorea. ELNk, oraingoz, Pablo Beltran ezizeneko gerrillako buruzagietako bat izendatu du. Ekuadorren kokatuko dute elkarrizketen basea, baina beste egoitza ibiltari batzuk ere pentsatuak dituzte Venezuelan, Txilen, Brasilen eta Kuban, horiexek izango baitira herrialde bermatzaileak, Norvegiarekin batean.

Hainbat adituren iritziz, negoziazio hauetan erabakigarria izango da egiturazko arazo bat: lurra bestela banatzea. ELNren hurbileko iturriek aurreratu dutenez, FARCekoekin adostutako landa erreformatik harago doazen itunak exijituko ditu gerrillak; nekazariek beren lurrak entregatzera mugatzen zen. ELNren aldarrikapen nagusietako bat ingurumena babestea da, eta ohikoak ditu petrolio industriari eraso egitea, petrolio hodiak leherrarazita; energia multinazionalei estortsio egitea; eta legez kanpoko meatzaritza kontrolatzea.

ELNren egitura

El Tiempo egunkariak zerbitzu sekretuen txosten bat argitaratu berri du, eta, horren arabera, 1.450 lagunen indar armatua du Nazioa Askatzeko Armadak —ez dakite zenbat milizianok babestuko luketen—. Gerrillak kolpe latzak jasan ditu, bai narkotrafikoa eta legez kanpoko beste zenbait jarduera kontrolatzearren beste talde armatu batzuekin izandako liskarretan, bai indar publikoaren erasoaldietan: azken urte hauetan, 25 buruzagi galdu dituzte; duela hamarkada bat, 5.000 kide armatu zituzten.

Hala ere, Bakerako Ideien Fundazioak egindako ikerlan baten arabera, gaur-gaurkoz, ELN presente dago Kolonbiako zazpi departamentutako 99 udalerritan —uste da Venezuelan daudela ezkutatuta buruzagi gorenak—, eta eragin nabarmena du herrialdeko eremu askotan: Bolivarren, Cesarren, Santanderko iparraldean, Chocon, Araucan, Boyacan eta Casanaren.

Kezka nagusia da istilu armatu larriren bat gertatzea, eta, horregatik, funtsezkoa izango da lehenbailehen su-eten bat iragartzea. Jean Arnaultek, Nazio Batuen misioak Kolonbian duen buruzagi frantsesak, behin eta birritan hitzemana du NBEren militar desarmatuekin geratuko dela herrialdean, gobernuaren eta FARCen su-etena alde bikoa dela egiaztatzeko lanean. Santosek 2016ko abenduaren 31 ezarria du epe gisa, gerrilla horren kontrako erasoen etenaldiari eustearren, baina litekeena da muga hori luzatzea ere.

Kuban bakeaz hitz egiten ari ziren bitartean, baina, bere hartan eutsi zieten gatazka armatu bati dagozkion operatiboei; gerrillariak harrapatzeko eta haien ekintzak indargabetzeko agindu zorrotza emana zieten armadari eta Poliziari. ELNrekin, oraingoz, estrategia bera jarraitzea espero da.Urriaren 19an, Luis Albeiro Cortes Culebro Viejo atxilotuko zutela iragarri zuten, ELNren Ekialdeko Frontearen operazio buruzagi ahaltsuena eta Gustavo Anibal Giraldo Pablitoren konfiantzako gizona; hura ere buru militartzat jotzen dute. Gerrillaren egituraren kontrako kolpeaz gain, egun bat lehenago, desmobilizazio boluntario bat egin zuten Resistencia Cimarron fronteko 24 gerrillarik Chocon, Pazifiko aldean.

Habanan elkartuta

Santosek «erabateko bakea» nahi zuela adierazi zuen, eta bi gerrillekin negoziatu beharko du aurrerantzean. Habanan mahai beraren inguruan eseri dira berriz bi aldeetako negoziatzaileak. Herenegun ekin zieten «gai gorenak» ikertzeari «elkarrizketa eraikitzaileen bidez». Tartean gobernuak azken egunotan jaso dituen proposamenak izango dituzte hizpide. FARCekin lortutako bake akordioak herritar eta eragileen 445 proposamen jaso ditu eta horiek guztiak «aztertu eta eztabaidatu» ostean zilegitasun juridiko eta politiko osoa izango duen akordio berri bat adostea espero dute. Santosen hitzetan lehenbailehen etorriko da akordio hori: «Proposamenak gaika antolatu ditugu eta banan-banan aztertuko ditugu, herriarekin elkarrizketa ireki eta zintzoa izan dugu, eta euren kezkak entzun eta gero, erantzunak emango ditugu». Bien bitartean, denborak bakarrik zehaztuko du mendebaldeko hemisferioko gatazka armaturik zaharrena laster batean amaituko den edo aurrerantzean ere betikotu egingo den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.