BOGOTA. ELN Kolonbia Askatzeko Armadak atzo adierazi zuen su-eten bat jarriko duela indarrean datorren ostegunean, hilaren 13an egitekoak diren Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako hauteskunde «eguna errazteko». Talde armatuaren arabera, erabakia «Kolonbiarentzako keinu bat» da, eta neurriak bost egun iraungo du.
ELNk komunikatu batean esan zuenez, «irtenbide politiko baterako eta eraldaketetarako apustuaren» alde jarraitzen du; hori bai, zehaztu zuen datorren asterako «keinu» hori ez dela Ivan Duque herrialdeko estatuburuari begirakoa izan: «Beti egon da bakearen kontra eta gehiengoei onura egingo dien aldaketa aukeren kontra».
Erabaki horretaz, Diego Molano Defentsa ministroak adierazi zuen ELNk «arrazoi politikoak» dituela, «bake elkarrizketa faltsuak» lortzeko.
Talde armatuak bake negoziazioak abiatu zituen aurreko gobernuarekin, lehenik Quiton, eta gero Habanan, baina elkarrizketa horiek eten egin zituzten Duquek estatuburu kargua hartu baino egun batzuk lehenago.
Hasiera-hasieratik, Kolonbiako presidenteak baldintza bat jarri zuen ELNrekin hasitako negoziazioei berriz ekiteko: talde armatuak «aktibitate kriminalei» uko egitea, eta bahituak zituenak aske uztea. Gerrillak, baina, ezezkoa erantzun zuen.
ELNren su-etena Kolonbiako bozetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu