ELNren eta FARCen adar disidente baten arteko borrokek astinaldia eragin dute Kolonbiako eskualde batean

Herrialdean «barne asaldurako egoera» ezarri du Petro presidenteak. Azken astean 80 pertsona inguru hil dituzte eta 18.000 desplazatu eragin.

Kolonbiako Catatumbo eskualdetik alde egin behar izan dutenetako batzuk Cucutan, joan den larunbatean. MARIO CAICEDO / EFE
Kolonbiako Catatumbo eskualdetik alde egin behar izan dutenetako batzuk Cucutan (Kolonbia), joan den larunbatean. MARIO CAICEDO / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urtarrilaren 21a
11:00
Entzun

Azken egunetan, borrokak piztu dira FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen adar disidente baten eta ELN Nazioa Askatzeko Armadaren artean Catatumbo eskualdean, eta, horien ondorioz, 80 pertsona baino gehiago hil dira. Horiek horrela, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak jakinarazi du gaur goizaldean «barne asaldurako egoera» ezarri duela herrialdean.

Indarkeriak, gainera, desplazatuak eragin ditu. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak eman zuen datua atzo: urtarrilaren 16az geroztik, hau da, aurreko ostegunetik, gutxienez 18.359 pertsonak alde egin behar izan dute eskualde horretatik, eta behin-behineko aterpeetara eta hoteletara jo dute. Venezuelarekin muga egiten du Catatumbok, eta, «nazioartearen babes bila», hara desplazatu dira 1.000 lagun inguru, OCHAk ohar batean zehaztu duenez. Muga egiten duelako ez ezik, eskualde hori estrategikoa da koka landarearen sail handiak dituelako.

Petrok iragarritakoaren ondorioz —konstituzioaren 213. artikuluan jasota dago—, gobernuak «beharrezko neurriak» hartu ahal izango ditu egoerari aurre egiteko. Gehienez 90 egunez egon daiteke indarrean neurria, eta bi aldiz luzatu daiteke beste 90 egunez. 213. artikuluak ezartzen du «barne asaldurako egoera» ezarri ahal izango dela, «instituzioen egonkortasunari, estatuaren segurtasunari edo herritarren arteko bizikidetzari larriki eragiten dion ordena publikoaren hausturarik badago».

Herrialdeko presidenteak mezu bat kaleratu du sare sozialetan, eta ELNri ohartarazi dio «iraultza soilik herriarekin batera» egin daitekeela, «eta indarkeriarik gabe». Aintzat hartu behar da gerrillarekin abiatutako bake elkarrizketak eten zituela Petrok joan den ostiralean, Catatumbon gertatzen ari denarengatik, hain zuzen ere. Presidenteak «gerra krimenak» egitea egotzi zion gerrillari. «ELNk ez du bakerako borondaterik». Gerrillak ohar bat argitaratu zuen igandean, eta nabarmendu FARCen adar disidente hori duela helburu aurreko astean hasitako erasoaldiak.

OCHAren arabera, ordea, azken egunetan bi aldeen artean izandako borroketan, zibilei eta komunitateetako liderrei ere egin diete eraso, eta, gainera, zibilak bahitu dituzte, etxebizitzak okupatu, eta osasun laguntzari murrizketak ezarri. Kolonbiako iturri ofizialek diotenez, hogei pertsona zauritu dira, eta litekeena da hildako gehiago egotea, oraindik ezin izan dute-eta borroka eremu batzuetara iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.