ELN Nazioa Askatzeko Armadak hilabeteak daramatza Habanan Kolonbiako Gobernuarekiko elkarrizketak noiz hasiko zain. Gerrillak maiatzean berretsi zuen prest dagoela hitz egiteko, betiere topaketa hori «inposaketarik edo aldebakarreko baldintzarik gabekoa» baldin bada: «Gobernua ez bada gai kalean mobilizaturiko biztanleekin hitz egiteko, are gutxiago hitz egin ahalko du ELNrekin, hark armak baititu». Baina, gaur-gaurkoz, ez dirudi Ivan Duque presidentearen administrazioa iritzi berekoa denik.
Kolonbiako Bakerako ordezkari berezi Juan Camilo Restrepok, atzo, «demagogia» egitea leporatu zion gerrillari, eta ohartarazi zuen ez dutela haiekin bake negoziaziorik abiatuko taldeak «indarkeria bultzatzen» jarraitzen duen bitartean. Restrepok egotzi zion ELNri adingabeak errekrutatzen jarraitzea borroka armaturako: «Ez dugu elkarrizketarako borondaterik ikusten ELNren aldetik, eta ez dugu amore emango egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean».
Gerrillaren azken mezuari erantzunez egin zituen Restrepok adierazpenok. Urte bukaerako idatzian, ELNk ohartarazi zuen datorren urtean protesta gehiago eta gogorragoak izango direla, baldin eta Duquek politikak aldatzen ez baditu. Bide beretik, azpimarratu zuen Alvaro Uriberen agintaldian sortutako mugimendua hasia dela desegiten, «oligarkiako indarrei beren buruak zentro-eskuinekotzat aurkeztera eta aldaketez hitz egitera derrigortuz».
Bakerako ordezkari bereziak gogor jo zuen talde armatuaren aurka, eta «gobernuaren aurkako ekintzak bultzatzen dituen gaizkile talde bat» izatea leporatu zion. Restrepok ukatu zuen Duqueren gobernuak bakerako estrategiarik ez izatea, ELNk dioen moduan, eta erantzun zion «bakea lortzeko modu bakarra» instituzioak sendotzea dela.
Lehen auzia
FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea gerrillak ere kolpea hartu du aste honetan. Izan ere, Bakerako Jurisdikzio Bereziak berretsi egin du haren aurkako esklabotza salaketa. Talde armatu ohiko kideek helegitea jarri zioten erabakiari, baina justiziak ez zuen onartu, eta aintzat hartu du fiskaltzaren eskaria.
Auzia daraman salak ebatzi du FARCek derrigortu egin zituela bahituetako batzuk hainbat lan egitera atxikita zeuzkaten bitartean: besteak beste, txalupak edo kamioiak eramatera, osasun zerbitzuak ematera, oihanean bideak zabaltzera eta zubiak eraikitzen laguntzera. «Kasu batzuetan, bahituek lan egiteari uko egiten bazioten, preso mantentzen zituzten», dio epaiak.
Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioetan jasotako puntuetako bat da Bakerako Justizia Bereziarena. Haren helburua, hauxe: gatazkak iraun zuen mende erdian egindako delituak ikertzea. Auzi horietatik lehena da bahituei dagokiena.
Gerrillari guztiek ez zuten sinatu, ordea, bake akordioa. Izan zen harekin bat etorri ez eta disidentziara jo zuenik. Azken horiek Kolonbiako armadaren jopuntu bilakatu dira azken hilabeteetan. Gabon egunean, esaterako, ustez disidentziako kideak ziren zazpi pertsona hil zituzten Putumayo barrutian. Hala jakinarazi zuten atzo segurtasun indarrek.
ELNrekin elkarrizketak hastea baztertu du Kolonbiak
«Indarkeria bultzatzea» egotzi dio gerrillari Bakerako ordezkari bereziak. ELNk ohartarazi du uribismoaren aroa amaitzear dela. FARCeko disidentziako zazpi kide hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu