Kolonbia. Bake prozesua. Carlos Velandia. ELNko Zuzendaritza Nazionaleko kide ohia

«ELNk hitza bete beharko du, eta bahituak askatu»

Plebiszituan ezezkoa nagusitu ostean «ilusioz beterik» dagoen gizarte bat eratzen ari dela uste du Velandiak: «Gure Udaberri Arabiarraren hastapena da; diktadoreen aurka aritu ordez, gerraren aurka ari gara».

MAURICIO DUEÑAS / EFE.
Bogota
2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Carlos Velandia (Bucaramanga, Kolonbia, 1952) 70eko urteetan sartu zen ELN Nazioa Askatzeko Armadan. Felipe Torres izengoitia hartuta, zuzendaritza nazionaleraino iritsi zen gerrilla barruan; Komando Zentralean aritutakoa da. 1994an atzeman zuten, eta espetxean hamar urte pasa ostean utzi zuen gerrilla, 2004an. Iragan ekainaren 20an, beste kargu batzuk egotzita atxilotu zuten berriz, aireportuan. Abuztuaren 1ean, berriz, aske geratu zen; Kolonbiako Gobernuak ELNrekin gaur hastekoak dituen elkarrizketetan bake bitartekari aritu zedin dei egin zion Velandiari. «Adierazi nahi dut zeharo prest nagoela elkarlanean aritzeko, baina sekula ez dut muturrik sartuko. Gobernuak eta ELNk nire laguntza nahi badute, hantxe izango naiz», esan dio BERRIAri.

Ez al zaizu iruditzen oso garai delikatuan hasiko direla hizketan gobernua eta ELN, kontuan izanik ezezkoa nagusitu berri dela FARCekin akordioa lortzeko plebiszituan?

Bake prozesu batean, elkarrizketak ez dira hasten norberak nahi duenean, baizik ahal denean. Prozesu politiko konplexuak dira hauek. Nahiz eta egoera ez den aproposa, ELNren iragarpena lagungarri izan liteke FARCekiko bake prozesua berriz pizteko. Izan ere, prozesu honek eta haren agendak aurrera egingo dute. Ez zaie ezkor begiratu behar, baizik ilusio olde bat berriz pizteko moduko albiste baten gisan.

Zer aldatu da joan den martxoaren 30etik, hots, iragarri zenetik gobernua eta ELN elkarrizketa publiko batean murgilduko zirela?

Bi aldaketa izan dira, oso garrantzitsuak. Batetik, Kolonbian beste giro politiko bat dago orain, plebiszituari emandako ezezkoarengatik, bai, baina baita mobilizazioen eraginez ere: herritar xeheak kalera irteten ari dira, eta martxoan ez zen halakorik. Bestetik, ELNk orain konpromisoa hartua du gobernuarekin, bahiketen zama ezabatzeko.

Uste duzu gerrillak aske utziko dituela bahitu guztiak?

ELNk hitza bete beharko du, eta bahituak askatu. Oihartzun handia izan du honek guztiak, eta ezin konponduzko polemikak pitz litzake iritzi publikoan. Ez zegoen idatzita: konpromisoa hartzeko ahozko hitzarmen bat baino ez zen, eta horri heldu dio ELNk orain arte. Zorionez, ordea, bi aldeek malgutu dute jarrera. Urriaren 27rako [gaurko] bahitu guztiak aske direla eseri behar lukete mahaira. Gobernuaren agentzia eta erakundeen eta indar armatuen datuen arabera, hamar pertsona baino gutxiago daude bahituta.

Zer alde dago ELNren eta FARCen artean?

Armak dituen erakunde politiko bat da ELN: alderdi armatu bat. Haren kideen artean, ohikoa da demokrazia eta eztabaida. FARC, berriz, politika egiten duen armada bat da. Horixe da alde nagusia. FARCen egitura piramide bat da: goikoak agindu, eta behekoak obeditu. ELNn, ordea, ez da agindurik ematen, baizik jarraibideak, eta horien gainean eztabaidatzen da. Erakunde federatu bat da, eta haren barruko alderdi bakoitzak autonomia taktikoa du.

Zer esan nahi du horrek? FARCen baino disidentzia handiagoa sor litekeela ELNn?

Ez, ez dut uste. Egitura horizontalagoa du, baina ez anarkikoa, inondik ere. 2014ko urritik abendura, ELNren V. Batzarrean, erakutsi zuten batuta daudela zeharo, diziplina handia dutela beren helburu demokratikoak lortzeko orduan.

Ba al duzu kezka jakinik prozesu honen inguruan?

Bai. Kezka daukat gerrilla barruko talderen batek ez ote duen zerbait egingo herritarrei edo gizarteari eragingo diona eta bake prozesua oztopatuko duena: petrolio bideren bat lehertu, edo halakoren bat. Horregatik, nire proposamena da bai gobernua eta bai ELN lehenbailehen hastea jarduera armatua apaltzen, mailaz maila, edo bi aldeek su-etena ematea eta borrokari uztea ahal bezain laster.

Zeintzuk izango dira erronka nagusiak negoziazioan?

Parte hartze sozialeko elkarrizketa bat sortzeko bidea nola egin: horixe da erronkarik behinena. Hiru elkarrizketa sortu behar dira: bat, erabilgarria eta elkarlanean oinarritua, negoziazio mahaian, gerra bukatzeko; beste bat, soziala, lurraldez lurralde egin beharrekoa, bakea lortu eta gatazka armatuaren osteko aroa zehazteko, hots, garapen planak, lurrak eta halako beste gai batzuk; eta hirugarrena, herrialde osokoa, Biltzar Nazional Konstituziogile bat eratzeko balio behar duena.

Zer iritzi duzu bakearen bidean azkenaldian egindakoaz?

Irailaren 26an, bakea sinatu izana ospatu genuen Cartagenan; gero, urriaren 2an, ezezkoaren drama etorri zen, eta lur jota geratu ginen; handik bost egun eskasera, Juan Manuel Santos presidenteari Bakearen Nobel saria eman izana ospatu genuen. Orain, beste gizarte bat eratzen ari gara ilusioz beterik, mendebaldeko hemisferioko gerrarik luzeena gainditzeko asmoz, sortzen ari diren oztopo guztiak gorabehera, oposizioa gorabehera. Gazteak eta ikasleak ez dira ari kalera ateratzen protesta egitera, baizik agintarien klaseei eta politikariei eskatzera errespeta ditzatela bake akordioak. Gure Udaberri Arabiarraren hastapena da hau: han, diktadoreen tiranien kontra borrokatu ziren herritarrak; gu, berriz, gerraren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.