ELNk eta Kolonbiako Gobernuak sei hilabetez luzatu dute menia

Bake prozesua dohaintzen bidez finantzatzea proposatu dute bi aldeek. NBE eta Norvegia izango dira funtsaren parte, besteak beste.

ELN grafitia
ELN gerrillaren grafitia margotua duen etxea, Cucutan (Kolonbia), artxiboko irudi batean. MARIO CAICEDO / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 6a
17:25
Entzun

Minutu gutxi geratzen ziren ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak adostutako su etena amaitzeko. Menia, baina, ez da bukatu, bi aldeek sei hilabete luzatzea adostu baitute, Euskal Herriko gaurko ordu txikietan. Gerrillaren eta gobernuaren arteko bake akordioen seigarren elkarrizketa saioa gaur amaitu da.

Helburu nagusia lortu dute bi aldeek: menia luzatzea. Gaurtik, «aldebikoa eta aldi baterakoa den su eten nazionala» beste 180 egunez egongo da indarrean, hau da, hori errespetatuz gero, datorren abuztura arte. Su etenak, hortaz, urtebete beteko luke.

Su etena luzatzeaz gain, erabaki dute bosgarren elkarrizketa saioan —joan den abenduan amaiturikoan— adostutako mugarria mantentzea, gerrillak adierazi baitu «arrazoi ekonomikoak» dituzten bahiketak alde batera utziko dituela. «Meniaren garapenean laguntzeko, ELNk, alde bakarreko erabakiz, eta aldi baterako, bertan behera utziko ditu atxikitze ekonomikoak», adierazi dute bi aldeek sinatutako akordioan.

Gerrillak hori guztia betetzen duela ziurtatzeaz arduratuko da MMV Jarraipen eta Egiaztapen Mekanismoa, bi aldeek hala erabaki baitute Habanan. Menia bertan behera geratuko da akordioan ezarritakoa ez bada errespetatzen. Hurrengo elkarrizketa sorta datorren apirilean egingo dute —zazpigarrena izango da—, eta bi aldeek orduan ebaluatuko dute ea egunotan harturiko konpromisoak bete dituzten. Oraindik zehazteke dago negoziazio horiek noiz hasiko dituzten, eta non.

Su etena urte erdi luzatzea ez da izan ELNk eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioetako ondorio bakarra. Atzo argitara atera zutenez, gerrillak eta gobernuak proposatu dute funts bat osatzea bake prozesua finantzatzeko, eta hori dohaintzen bidez osatuko lukete. Gaur adierazi dutenez, funts horren parte izango dira, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Norvegia. Horrek, baina, «korrupzioaren aurka» ekiteko erronka dagoela plazaratu du ELNk. Hori dela eta, bertako dirua gardentasun osoz erabiliko dela adierazi dute.

ELNk adierazi du herritarrek bake akordioan parte har dezatela sustatzeko bideak sortu behar direla. Negoziazioetan gerrillaren burua den Pablo Beltranek akordioa sinatu osteko prentsaurrekoan esan du «Kolonbiako herritarrak entzun behar» direla bakea sortzeko. Horregatik, esan du «irtenbide politikoaren paradigma berria» sortu behar dela. Beltranek aurreratu duenez, apiriletik maiatzerako tartean emango dituzte plan hori gauzatzeko xehetasun gehiago «Kolonbiako leku guztietara heldu ahal izateko».

Neurri horiez gain, Kolonbian bakeari lotutako beste organo bat sortzea aurreikusten du akordioak: paramilitarismoaren moduen inguruko behatokia.

Luzapenean lortua

Negoziazioetarako aurretiaz finkaturiko epea ez da nahikoa izan akordioa lortzeko; luzapenean lortu dute. Izan ere, joan den astean zen bertan behera geratzekoa iazko abuztuaren 3an sinatutako akordioa, eta, negoziatzen ari zirela kontuan izanik, elkarrizketa saioa eta su etena astebete luzatzea erabaki zuten. Are gehiago, azkenean, herenegun, elkarrizketa saioa beste egun bat luzatu behar izan zuten.

Mexikon egindako bosgarren elkarrizketa saioan, bi aldeek prestasuna adierazi zuten gaur sinatutako su etena dela eta. Hala ere, biek ala biek beren eskaerak ziurtatzea eskatu zuten. ELNk, batetik, meniak bere «egiteko nagusia betetzeko bermeak» bildu behar dituela defendatu du, hau da, «gatazka dagoen eskualdeko herritarren bizi baldintzak hobetu eta giza eskubideak errespetatzea». Ikusteko dago, akordioaren xehetasunak plazaratzean, ea eskari horiek errespetatu dituzten.

Kolonbiako Gobernuak eskatu zuen, bestetik, debekatuta dauden «ekintza biolentoak» akordioan jasotzeko; bahiketa arrazoi ekonomikoengatik, esaterako. Gerrillak, urratsa egin, eta baldintza hori onartu du.

Giza eskubideak urratu

Atzo arte indarrean egon den eta luzatu berri duten menia horrek, hain zuzen, nazioarteko zuzenbide humanitarioak baimentzen ez duen edozein ekintza debekatzen zuen. Hala ere, Kolonbiako arartekoak adierazi du iaz giza eskubideen 236 urraketa kasu egon zirela herrialdean. Arartekoak azaldu duenez, gehienak FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen EMC Estatu Nagusi Zentrala talde disidenteak gauzatu ditu. Gerrilla hori ere Kolonbiako Gobernuarekin negoziatzen ari da.

«Erregistratu diren ekintzen %58 EMCk egin ditu, %20 ELNk, %8 Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistak-Golfoko klanak, eta %7 Marquetalia Bigarrenak. Beste %7 ezin izan dugu jakin nork gauzatu dituen», esan du gaur Carlos Camargo Kolonbiako arartekoak. Kolonbian zabalik dauden bake negoziazioek aurrera egin dezaten, «ezinbestekoa» da gerrillen «konpromisoa», haren arabera.

Gainera, «adingabeen errekrutatze behartua» gelditzeko eskatu die gerrillei: «Adingabeen errekrutatzea behin betiko utzi behar dute bertan behera, eta gerrillaren parte diren umeak nor bere familien esku utzi behar dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.