ELNk eta Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketei berrekingo diete

Gerrillak aurreko astean jakinarazi zuen negoziazioak eten zituela. Apirilaren 8tik 22ra egingo dute hurrengo elkarrizketa saioa, Venezuelan.

ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko azken elkarrizketa saioaren amaiera ekitaldia, hilaren hasieran Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren azken elkarrizketa saioaren amaiera ekitaldia, hilaren hasieran, Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko otsailaren 27a
13:05
Entzun

ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak aurrera jarraituko dute bake prozesuan. Aurreko astean gerrillak elkarrizketak eten zituela jakinarazi ostean, bart adierazi dute bi aldeen arteko negoziazioei berrekingo dietela. Gainera, zabaldutako adierazpen bateratuan, azaldu dute Venezuelan egingo dutela hurrengo saioa. Apirilaren 8tik 22ra elkartuko dira, eta zazpigarren saioa izango da bake prozesua hasi zenetik. Aurreko saioetan hartutako erabakiak eta konpromisoak betetzen ari ote diren ere «ebaluatuko» dute bertan.

Joan den astean jakinarazi zuen ELNk Kolonbiako Gobernuarekin zituen elkarrizketak eten zituela. Hori dela eta, bi aldeek bilera saio bat egin berri dute Kubako hiriburuan. Bart amaitu dute, eta elkarrizketa saioetan aurrera jarraitzea adostu dute bertan. Bake prozesuan «emandako aurrerapausoak» eta «elkarrizketa mahaiak dituen arazoak» aztertu dituzte lehenik. Azaldu dute alde bakoitzak «konpromisoak» hartu dituela prozesuan aurrera jarraitzeko, eta bi aldeek baieztatu dute aurreikusitako ekintzetan jarraituko dutela. ELNren ordezkaritzak adostutako barne kontsultak egingo dituela adierazi dute, besteak beste.

Otsailaren 6an amaitu zuten bake prozesuko seigarren elkarrizketa saioa. Hilaren 19an, ordea, ELNk elkarrizketak «izoztuko» zituela iragarri zuen. Aurreko negoziazio saioetan hartutako erabakiak «urratzea» egotzi zioten gobernuari. Gerrillak azaldu zuen herritarren parte hartzea bermatzen zuen «prozesu nazional bat» martxan jartzea adostu zutela. Baina Bogotari leporatu zioten horren ordez prozesu horretatik «kanpo» dagoen «eskualdeko elkarrizketa saio bat» antolatzea Nariño lurraldean. Gainera, gaitzetsi zuten kontuan ez hartzea ELNren ordezkaritza, prozesuan diharduen nazioarteko mahaia, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Kolonbiako Apezpiku Konferentzia —bitartekari lanak egin izan ditu—.

Kolonbiako Gobernuak, berriz, beste komunikatu bat zabaldu zuen. Bertan, adierazi zuten Nariñokoa ez zela beraien erantzukizuna, baizik eta «biolentziaz nekatuta dagoen komunitate batena». Gainera, salatu zuten ELNk «alde bakarrez» hartutako erabakiek «beharrezkoak ez diren krisiak» eragiten dituztela, eta «gatazka luzatzea» dakartela. Testuinguru horretan, prozesuan berme emaile zein laguntzaile gisa jarduten duten herrialdeek batzeko eskatu zieten bi aldeei. Larunbatetik atzo arte bildu ziren, Habanan, eta prozesuan jarraitzea hitzartu dute.

Bake prozesua, aurrera

Habanan bertan batu ziren hilaren hasieran bi aldeak. Bake prozesuko seigarren elkarrizketa saioa izan zen, eta su etena sei hilabetez luzatzea erabaki zuten. Abuztura arte iraun behar luke meniak. Bestalde, saio berean gerrillak jakinarazi zuen alde batera utziko zituela helburu ekonomikoetarako bahiketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.