Orain arte bake elkarrizketetan emandako pausorik handiena da: ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak atzo jakinarazi zuten aldebiko su etena adostu dutela, «nazionala», eta urte erdi iraun behar lukeena. Menia datorren abuztuaren 3an sartuko da indarrean, Israel Ramirez Pineda Pablo Beltran gerrillaren negoziazio taldeko buruak azaldu duenez, eta erabaki horrek helburu bat izango du: «Kolonbia aldatzea».
Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak esana du «erabateko bakea» nahi duela herrialderako, eta horri begirako lehen garaipena izan da gobernua ELNrekin ados jarri izana. Halere, bi aldeek agerian utzi dute negoziaturiko akordioak erronka batzuk dituela; Pablo Beltranek, esaterako, esan du gatazkaren «kausei» oraindik ere irtenbideak emateko beharra dagoela, eta gizartearen parte hartzea ezinbestekoa izango dela itunaren edukia bete eta «paper soil bat» ez izateko.
Edonola ere, akordioaren berri emateko agerraldia, Habanan egindakoa, eskerrak emateko eta itxaropena helarazteko ekitaldi bat izan da, bi negoziazio taldeetako ordezkariek ideia horietan jarri baitute arreta, oro har. Otty Patiño gobernuaren negoziatzaileen buruak adierazi du, besteak beste, ELNrekin adosturikoa «beharrezkoa», «premiazkoa» eta «indartsua» dela mende erdi inguru iraun duen gatazka amaitzeko.
Con los #AcuerdosdeCuba se concretan objetivo caracter de la Participación. Y se inicia el proceso de diseño y convocatoria a la sociedad.
— Delegación ELN (@DelegacionEln) June 10, 2023
👇🧵Hilo con el Acuerdo Completo.
Participación de la Sociedad en la Construcción de la Paz#ELN#Pazpic.twitter.com/enZGijcBbm
Patiñoren ondoren mintzatu da Kolonbiako presidentea, eta garrantzi handia eman dio asteotan negoziaturikoari, adierazi baitu bi negoziazio taldeek «bakerako aukerak» adostu dituztela: «Fase bat amaitu da, altxamendu armatuarena Latinoamerikan. Armen mundua amaitu beharra dago, denok denon artean hiltzearena».
Urte erdiko su etenaz gain —gerora luzatu ahalko dena—, bi aldeek adostu dute jarraipen eta egiaztatze mekanismo bat indarrean jartzea, eta jakinarazi dute horretan parte hartuko dutela, begirale lanak egiten, NBE Nazio Batuen Erakundeak, Eliza katolikoak, nazioarteko herrialde batzuek eta gizarte zibilak.
Berez, negoziazioen hirugarren fasea atzo zen amaitzekoa —astebete luzatu ondoren—, baina bi negoziatzaile taldeek atzo eskatu zuten elkarrizketak beste egun bat luzatzeko, gaur iragarritako akordioa ixteko. Denera, fase horrek hilabete baino gehiago iraun du, 39 egun, eta beti izan du lehentasun aldebiko menia bat adostea; aurrez, negoziatzaile taldeak Venezuelako eta Mexikoko hiriburuetan elkartu ziren.
Lehen aldia da Petrok bake prozesuan zuzenean parte hartzen duela, eta Eliecer Erlinto Chamorro Antonio Garcia ELNko lehen komandantearekin batera sinatu du gaur asteotan adosturikoa. Eta, pauso horrengatik, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia pozik agertu da; batez ere, «Kolonbiako herriari itxaropena ematen» diolako.
Elkarrizketen hurrengo fasea, laugarrena, Venezuelan egingo dute, abuztuaren 14tik irailaren 4ra.
Bake negoziazioak, krisi artean
Bake negoziazioek hainbat krisi gainditu behar izan dituzte hilabeteotan, horietako bat iazko urte amaieran, Kolonbiako presidenteak berak iragarri zuenean su eten bat adostu zutela «talde armatuekin»; tartean, ELN bera. Gerrillak, baina, ukatu egin zuen halakorik, eta nabarmendu zuen meniarik egotekotan aldebikoa behar zuela izan.
Lehena ez ezik, bigarren fasea ere ez da erraza izan. Petroren adierazpen batzuek eragin zuten bigarren geldialdia: estatuburuak, armadarekin egindako ekitaldi batean, esan zuen herrialdean ez zegoela «gatazka ideologikorik edo politikorik», soilik «legez kanpoko ekonomiaren aurkako borroka». Adierazpenek gerrillaren haserrea eragin zuten, Petrok ELN narkotrafikatzaile taldeekin parekatu baitzuen, eta hain zuzen ere euren aldarrikapen nagusietako bat baita gerrillari «talde armatu antolatuaren izendapena» kentzea.
Kolonbiako legeak zehazten du talde kriminalak «menperatu» egin behar direla, eta, aldiz, talde politiko-militarrekin elkarrizketak has daitezkeela. Horrez gain, izendatze horren ondorioz, ELNko presoak ere ez dituzte «preso politikotzat» hartzen.