ELNk eten egin ditu Kolonbiako Gobernuarekin zituen elkarrizketak, behin-behinean

Herritarren parte hartzeari buruzko desadostasunen harira «izoztu» du prozesua gerrillak. Bogotak esan du etenaldi horrek izan ditzakeen ondorioak beste aldearen erantzukizuna izango direla.

Kolonbia menia
Vera Gabe Kolonbiako Gobernuko negoziazio burua eta Pablo Beltran ELNko negoziazio burua, Habanan, otsailaren 6an. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 21a
13:45
Entzun

ELN Nazioa Askatzeko Armadak erabaki du behin-behinean etetea Kolonbiako Gobernuarekin dituen bake elkarrizketak. ELNk horri buruzko ohar bat plazaratu du gaur, herenegungo datarekin. Dokumentu horretan, Bogotari leporatzen diote negoziazio saioetan adostutakoa «urratzen duten ekintzak» egitea, Otty Patiño bake mandatariaren, indar armatuen eta Poliziaren bitartez. Hori dela eta, gobernuko ordezkaritzarekin aurreikusiak dituzten elkarrizketak «izoztea» erabaki dute.

Gerrillaren eta gobernuaren arteko elkarrizketa saioetan, bi aldeek adostu zuten herritarrek bake prozesuan parte hartzea. ELNk hasieratik esan du «ezinbestekoa» dela hori, eta partaidetza gauzatzeko erak eragin du harrabotsa orain. Izan ere, gerrillak iritzi dio horren harira Bogotak egin dituen ekintzak «amarrua» izan direla: «Amarrua —eskualdekako elkarrizketaz mozorrotua— argitara atera izanak krisian sartzen du [bake] prozesua».

«Mozorrotutako» elkarrizketa horiek gobernuak Nariño eskualdean antolatu dituenak dira. Gerrillak oharrean salatu duenez, gizarteak parte hartzeko «prozesu nazional bat» adostu zuten, baina Bogotaren egitasmo hori «eskualdeko elkarrizketa bat» da, eta «prozesu nazionaletik at» dago. Gainera, ELNren ordezkaritza, nazioarteak berme emaile bezala diharduen prozesuko mahaia, NBE Nazio Batuen Erakundea eta Kolonbiako Apezpiku Konferentzia —bake elkarrizketetan bitartekari lanak egin izan ditu— alde batera uztea leporatu diote Bogotari.

Herritarren parte hartzearen inguruan arazoak egotea ez du ustekabean hartu gerrillak. Oharrean adierazi duenez, ELNren ordezkaritzak Habanako elkarrizketetan ohartarazi zuen akordioaren alor horrek eragin zitzakeen arazoez, horiek ez errespetatuz gero: «[Nariñokoa] Gertatuko zela bagenekien, eta aurreko negoziazioetan ohartarazi genuen horrela jardunez gero prozesua krisian sartuko litzatekeela».

Habanako saioa bake negoziazioetako seigarrena izan zen; horretan, hilaren 6an, menia sei hilabetez luzatzea erabaki zuten ELNk eta Kolonbiako Gobernuak. Bi aldeek hori errespetatuko balute, su etenak urtebete beteko luke datorren abuztuan.

«Konpromisoak bete»

Kolonbiako Gobernua ez dago ados gerrillak salatutakoarekin. ELNk oharra argitaratu eta ordu gutxira erantzun du Bogotaren ordezkaritzak, ohar bidez hark ere, eta ziurtatu dute adostutako azken menian hartutako «konpromiso denak bete» dituztela. Are gehiago, negoziazioetan «egoera kritikoak» egon direnean «beti irtenbide bat bilatzen saiatu» direla gaineratu dute.

Esan dute Nariñoko ekinbidea ez dela haien erantzukizuna, baizik eta «biolentziaz nekatuta dagoen komunitate batena». Eskualdeetako agintariek bultzatutako proiektuak txalotu ditu, eta horiek «bultzatuko» dituela argitu du.

Bestalde, ELNk «alde bakarrez» hartzen dituen erabakiek izan ditzaketen ondorioak «soilik» gerrillaren erantzukizuna direla adierazi du gobernuaren ordezkaritzak: «ELNren erabakiek beharrezkoak ez diren krisiak eragiten dituzte, eta gatazka luzatu. Gainera, komunitateek pairatzen duten biolentzia eta Kolonbiako gizarteak bake nahian duten konfiantza ahultzen dituzte». Hori dela eta, gobernuko ordezkaritzak ELNri eskatu dio «bake prozesuan emandako aurrerapausoei, gobernuak bete dituen konpromisoei eta ELNk bakearen alde egindako ahaleginei» balioa ematea.

Menia luzatzeaz gain, gerrillak onartu zuen bertan behera uztea arrazoi ekonomikoengatiko bahiketak. Elkarrizketak eteteaz gain bake prozesua bertan behera utziko balute, litekeena da bahiketak izatea berriz. Gaur egun, ELNrekin ez ezik, Bogota beste talde armatu batekin ere ari da negoziatzen: Segunda Marquetalia gerrillarekin —FARCen talde disidenteetako bat da—. Talde horrek ere esan zuen bertan behera utzi dituela bahiketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.